“Korrika badator!”: ‘Tribuaren Berbak’ ere, Korrika

Remigio Mendibururen lekukoa San Telmon

19. Korrika abiatzear den honetan, euskararen aldeko ekimen erraldoia hartu du abiapuntu “Tribuaren Berbak” saioak. 40.000 kilometro eskas egin ditu orain arte Euskal Herrian herriz herri, munduaren zirkunferentziari bira emateko lain! Aurten, beste 2.500 kilometro egingo ditu Urepeletik Bilbora.

Hasieratik hasteko, Donostiako San Telmo museora jo du Kike Amonarrizek, bertan baitute, ondo gordeta, Remigio Mendiburuk egindako lehen lekukoa. AEk-k dohaintzan utzi zion museoari 1999an, eta 2011z geroztik dago ikusgai museo ezagun horretako erakusketa iraunkorrean. Tenperatura, hezetasuna eta argia ongi kontrolatuta dauzkate, onddorik eta antzerakorik ager ez dadin, eta, beraz, zaharberritzera irits ez dadin.

Juan Gorriti

Mendiburuk egindako lekuko haren ideia Juan Gorriti artistak eman zion: motrailu baten makilaren itxura ematekoa, alegia. Oraingo lekukoa Gorritik egina da, aurrekoaren ereduari jarraiki. Artistak Amonarrizi esan dio “gure herriaren historia plasmatzen” duela lekukoak, eta, horregatik, ez du nahi hori garbitzerik, bertan bildutako malkoak, izerdia, euria, izotza eta abar mantendu egin behar direlako. Mendibururen lekukoa, esan bezala, San Telmon dago; Gorritiri, ordea, berea beti jendearen esku artean egotea gustatuko litzaioke.

Amets Arzallus

18. Korrikaren lekukoa eraman zuen azken persona izan zen Amets Arzallus bertsolaria. Hark idatzi zuen lekukoak barruan zeraman mezua, eta Baionako plazan hura irakurtzea ohore handia izan zen beretzat. “Korrikak badu zerbait magikoa, euskaldunon bizipoza sentiarazten eta zabaltzen duelako”. Horregatik, egun hartan bizipoz hori guztia bere gorputzean kontzentratuta sentitu zuen bertsolariak. “Euskaldun bati egin dakiokeen opari politenetakoa da”, adierazi du.

Kike Amonarriz eta Edurne Brouard

Amonarriz, Lekeitiora joan da Edurne Brouardekin hitz egitera. Orain arte Korrikaren koordinatzaile izandakoak Oñatitik Bilbora joan zen lehen Korrika gogoratu du, 1980. urtean. Elurpean eta euripean aritu ziren, baina hala ere, jende andana bildu zuten, eta, beraz, mantendu beharra zegoela erabaki zuten.

Kike Amonarriz eta Asier Amondo

Izan ere, euskararen aldeko ekintza nagusietakoa da, baina helburu ekonomikoa ere badu. Asier Amondo egungo koordinatzaileak azpimarratu du oraindik euskaltegiak ez daudela normalizatuta, eta Korrikak biltzen duen dirua beharrezkoa zaiela, bereziki Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Dena den, aipatu du beretzat helburu polita litzatekeela aurtengorako “euskahaldun kontzeptu gisa gelditzea”, ahalduntzeak ekarriko bailuke indarrak metatzea euskararen inguruan, auzolanean eta elkarlanean.

Xabier Amuriza eta Kike Amonarriz

Akelarre, Egan, Gozategi, Oskorri, Esne Beltza, Gose, Tapia eta Leturia, Fermin Muguruza… Musikari ugarik izan dute Korrikako kanta egitearen ardura, baina lehena, lehen abestiaren egilea, Xabier Amuriza izan zen. “Zuek ere esan bai euskarari” zuen izena, eta “arrapaladan” egin behar izan zuen. Egun batetik bestera egiteko ardura eman zioten, eta Lopategiren doinua, bertso pare bat eta lelo bat egokitu zituen horretarako. Amurizaren hitzetan, kanta garrantzitsua da, “identifikazio handia eta nortasuna ematen diolako kanpainari”.

Kike Amonarriz eta Andoni Seijo

Bi urtean behin izaten da, eta hamar eguneko iraupena izaten du, baina azpiegitura lan izugarria behar du Korrikak. Andoni Seijo “Ibilbide” taldeko kidea elkarrizketatu du Amonarrizek. 16 pertsona ibiltzen dira egunero lanean 2 furgonetatan. Ibilgailuak gasolina hartzeko baino ez dira geratzen, baina lan-taldeko kideek araututa daukate egunean otordu bero bat eserita egitea, erritmoari ongi eutsi ahal izateko.
Lekuetara puntual iristeko, aldez aurretik lan handia egiten dute, eta batez besteko bat dute ezarrita: kilometroko 6 minutu. Seijok aipatu du barru-poz izugarria eragiten diela toki batera iritsi eta jende andana zain dutela ikusteak, baina are gehiago hunkitzen dira zenbait lekutan, persona gutxiago badira ere, horiek ahalegin osoa egiten ikusita.

Itziar Elejalde, Alizia Iribarren eta Kike Amonarriz

Hori gertatzen da, esaterako, Nafarroako Erriberan. 1.715. kilometroan, Tuteran, topatu ditu Kikek Alizia Iribarren Nafarroako AEK-ren koordinatzailea eta Itziar Elejalde Korrikaren batzordeko kidea. Euren hitzetan, Korrikak laguntza handia ematen dio inguru hartako euskarari, “ilusio handia pizten duelako euskaltzale eta euskaldunen artean”. Gainera, orain arte euskarara hurbildu ez den jendeak ikusten du euskaraz ongi pasa daitekeela jai-giroan. Bestalde, dirua ekartzen du, baina, batez ere, euskara ikusarazi egiten du, eta horrek “hurrengo 2 urtetarako pilak kargatzen” laguntzen die.

19. Korrika Urepelen abiatuko da, eta bertan, sorburuan, amaitu nahi izan dute “Tribuaren berbak” saioa. Adur euskara taldeko Xan Airerekin eta Karine Etxeberrirekin elkartu da Kike bertako plazan, 0 kilometroa egongo den lekuan. 320 biztanle inguru dira, eta lan handia izaten ari da guztia antolatzea, baina “emozio handiz” egin dute. Korrika ez da bertatik sekula igaro, eta, beraz, lorpen handia izan da abiapuntu izatea.

Karine Etxeberri eta Xan Aire

Eskuz esku igaroko da Korrikaren lekukoa datozen egunetan, eta esku horiek lotuko dituzte kate trinkoz Urepel eta Bilbo. Etenik ez duen katea izango da, eta “Tribuaren Berbak” saioak ere izan nahi izan du kate horretako begi.
Hemen duzue, osorik, “Korrika badator” saioa, EITB Nahieranen.

blogs eitb

Share
Published by
blogs eitb

Recent Posts

Eta birusa bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan! Euskal atsotitzekin jolasean

Sormena eta irudimena ez da falta egunotan gure inguruan. Etxean egon behar dugun honetan, ez…

4 years ago

Euskararen aldeko festa handia eta lipdub erraldoia, Tolosan

Galtzaundi euskara taldeak euskararen inguruko festa handia antolatu zuen iragan larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa). Ehunka euskaltzalek…

7 years ago

Txillardegiren lan osoa digitalizatuta, denon eskura

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza…

7 years ago

Euskal blogari onenaren bila, 12 finalista

Iparraldeko neska, Berbaratza, Ikusi makusi…zer ikusi?, Etzi pm bloga, Baloreak baloratzen, Hitzak airean, Taxoareko Hitza, Game Erauntsia, Kaixomaitia, ​Iparra, Sarean, Naturzalia dira Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren…

7 years ago

Amatxo, bularra lasai eta goxo emateko lekuak baditugu

Zenbaitetan albiste izan ohi de amaren bat bere umetxoari bularra emateagatik denda edo lokalen batetik…

7 years ago

Sorgina Txirulina, euskara ikasteko

Sorgina Txirulina (Erica Liquete) ekimenak euskaldunak ez diren pertsonek seme-alaben eta ipuinen laguntzaz euskara ikastea…

7 years ago