Noiz erabili euskalkiak eta noiz euskara batua?

Euskara batua eta euskalkiak hizpide hartuta etorri da aste honetan ETB1eko ‘Tribuaren Berbak’ saioa. Euskalkiak euskararen dialektoak dira, hizkuntza berean mintzatzen gara, baina aldaera ezberdinak, hitz egiteko modu ezberdinak, ditugu batzuek eta besteek.

Lionel Joly soziolinguista

Baina zer dira hizkuntzak eta zer dialektoak? Kike Amonarrizek gidatzen duen saioak Lionel Joly soziolinguistarengana jo du zalantza hau argitzeko. Lionelek argitu duenez, hizkuntzak eta dialektoak ezberdintzeko hainbat aldagai erabiltzen dira: geografikoa, elkar-ulergarritasuna eta baita sozio-politikoa ere; nahiz eta irizpide subjektiboak izan eta salbuespenak egon daitezkeen. Hala ere, azpimarratu duenez, kasu askotan, ofizialtasuna lortzen denean onartzen da hizkuntza bat.

Euskarari dagokionez, bere dialektoen lehendabiziko mapa Louis-Lucien Bonapartek, Frantziako enperadore izan zen Napoleon Bonaparteren ilobak, egin zuen 1863. urtean.

Zortzi euskalki identifikatu zituen: bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, hegoaldeko goi-nafarrera, iparraldeko goi-nafarrera, ekialdeko behe-nafarrera, mendebaleko behe-nafarrera eta zuberera.

Koldo Zuazo hizkuntzalariak mapa hori eguneratu du euskalkien gaur egungo egoera ikertu duenean. 25 urte daramatza Euskal Herriko leku ezberdinetako hizkerak aztertzen.

Koldo Zuazoren euskalkien mapa

Gaur egun, Bonaparteren maparekin alderatuta, hiru ezberdintasun nagusi topatu ditu: alde batetik, Nafarroako ekialdean eta Iruñerri inguruan euskara galdu egin dela; bestetik, Lapurdin eta Nafarroa Beherean euskalki bakarra dagoela orain eta, azkenik, Gipuzkoako euskara zabaldu egin dela.

Koldo Zuazo hizkuntzalaria

Euskalkiak noiz edo nola sortu ziren galdetuta, Zuazoren ustez, gaur egun erabiltzen ditugun hauek nahikoa berriak dira, Erdi Aro ingurukoak edo. Euskara hizkuntza zaharra denez, dialektoak beti egongo ziren, seguruenez; baina itxura batean behintzat, Erromatarren garaiaren ondoren euskara ‘batu’ bat zegoela esan daiteke eta ondoren sortu zirela gaur egungo hizkerak.

Euskara batua, berriz, 1968 inguruan sortu zen, Andres Urrutia euskaltzainburuak ‘Tribuaren Berbak’ saioan gogorarazi duenez. Euskaltzaindiak 50 urte bete zituen hartan, Gabriel Arestik aipatu omen zuen euskara moderno eta jaso bat izan nahi baldin bazen, garaia zela kode bateratu bat sortzeko. Eta halaxe egin zuten.

Andres Urrutia euskaltzainburua

Urrutiaren hitzetan, euskara batua eta euskalkiak, guztiak, dira beharrezko, baina bakoitza bere esparruan. Familian, lagunartean eta komunikazio ez formalean euskalkiak erabiltzea da egokia. Eta, aldiz, komunikazio formalagoa eskatzen duen egoeretan batua erabiltzea gomendatzen du.

Hizkuntza maila gorenera eramatean, literaturara alegia, zer egin? Aingeru Epaltzak, Irati Jimenezek, Itxaro Bordak eta Andu Lertxundik euskalkiak iturri dituen euskara batuaren alde egiten dute. Hau da, euskaldun orok ulertuko dituzten testuak idaztea dute helburu, baina euskalkiek eta tokiak tokiko hizkerak eta esamoldeek hizkuntza aberatsagoa, naturalagoa, sortzen laguntzen die.

Euskalki ezberdinak entzuten ohitzea, leku bateko eta besteko hitzak eta esamoldeak ezagutzea… horrek guztiak euskarari mesede egiten dio. Horretarako, adibidez, http://nieuskalduna.metroo.es/ webguneak ematen duen zerbitzua dugu eskuragarri.  Euskal Herriko herri ugaritako pertsonekin izandako elkarrizketen bideoak eskegi dituzte bertan, edonoren esku.

Amaitzeko, ETB1eko saio honek astero ekartzen dituen bitxikeria interesgarrietako bat aipatuko dugu. Ba al dakizue erromintxela zer den? Bada, euskararen gramatika eta romanieraren lexikoa nahasten dituen hizkera da, Euskal Herriko ijitoek tradizioz hitz egin izan dutena. Gaur egun, tamalez, 80 urtetik gorako aiton-amona apur batzuk soilik mintzatzen dira horrela. Hona erromintxelaren hitz batzuk: pindroa (hanka), kirkilak (babarrunak) eta giltiziniak (giltzak).

Saioa osorik ikusteko:

blogs eitb

Share
Published by
blogs eitb

Recent Posts

Eta birusa bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan! Euskal atsotitzekin jolasean

Sormena eta irudimena ez da falta egunotan gure inguruan. Etxean egon behar dugun honetan, ez…

4 years ago

Euskararen aldeko festa handia eta lipdub erraldoia, Tolosan

Galtzaundi euskara taldeak euskararen inguruko festa handia antolatu zuen iragan larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa). Ehunka euskaltzalek…

7 years ago

Txillardegiren lan osoa digitalizatuta, denon eskura

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza…

7 years ago

Euskal blogari onenaren bila, 12 finalista

Iparraldeko neska, Berbaratza, Ikusi makusi…zer ikusi?, Etzi pm bloga, Baloreak baloratzen, Hitzak airean, Taxoareko Hitza, Game Erauntsia, Kaixomaitia, ​Iparra, Sarean, Naturzalia dira Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren…

7 years ago

Amatxo, bularra lasai eta goxo emateko lekuak baditugu

Zenbaitetan albiste izan ohi de amaren bat bere umetxoari bularra emateagatik denda edo lokalen batetik…

7 years ago

Sorgina Txirulina, euskara ikasteko

Sorgina Txirulina (Erica Liquete) ekimenak euskaldunak ez diren pertsonek seme-alaben eta ipuinen laguntzaz euskara ikastea…

7 years ago