Helduen alfabetatzea da, transmisioarekin batera, euskararen etorkizunaren zutabeetako bat

Kike Amonarrizek ETB1en gidatutako ‘Tribuaren Berbak’ saioaren bigarren atalak euskaldun berriei omenaldia egin nahi izan die, eta euskaltegien lana goraipatu nahi izan du. 1987tik hona, ia 400.000 pertsona ibili baitira euskara ikasten. Bejondeiela!

Monumentu bat euskaldun berriei. Izenburu horrekin aurkeztu digu Kike AmonarrizekTribuaren Berbak’ saioaren bigarren atala ETB1en. Euskaldun berriak goretsi nahi izan ditu saioak, eta euskaltegien lana goraipatu. Ez baita nolanahikoa daukaten meritua. Non legoke euskara euskaldun berriek egindako ahalegina gabe?

1987tik hona, 400.000 pertsona inguru ibili dira euskara ikasten Euskal Herrian dauzkagun 154 euskaltegietan. Joan den ikasturtean bakarrik, 38.349 pertsona matrikulatu ziren. Datu ofizialen arabera, emakumea, 25 eta 40 artekoa eta goi mailako ikasketak dituena da euskaldun berriaren erretratu robota. Baina denetarik topatu du Amonarrizek Iruñeko, Santurtziko eta Miarritzeko euskaltegietan. Eta jendeak, gainera, arrazoi anitzek bultzatuta jo du euskara ikastera: hizkuntza bera gustatzen zaielako, daukan balioaz ohartzen direlako, gurasoen hizkuntza berreskuratzeko, seme-alabei euskaraz egiteko, lana bilatzeko…
Hiru euskaldun berri ezagun elkarrizketatu zituzten bigarren ‘Tribuaren Berbak’ saioan: Fernando Goñi pilotaria, David Doblas saskibaloi-jokalaria eta Andrea Arrizabalaga ETBko aurkezlea.

Fernando Goñi nafarrak ahaztuta omen zuen zekien euskara gutxia, eta zerotik hasi behar izan zuen. “Beldur hori kentzea izan zen zailena, lotsa hori galtzea”, esan du. Hiru urte eta erdi eman zituen euskaltegian, eta “oso gustura” ibili zela aitortu du.

David Doblas Gipuzkoa Basketeko jokalari kantabriarra duela hiru urte hasi zen euskara ikasten. 13 urte daramatza Euskal Herrian, eta ikasteko beharra sentitu du. “Kirolaria naiz, eta nire errespontsabilitatea da, kultura, hizkuntza, euskara garrantzitsuak dira”, adierazi du. Ez zaio samurra egiten ari euskara ikastea, baina, “ilusioarekin”, ikasten ari da.

Andrea Arrizabalaga aurkezlea Galdakaokoa da, eta euskara pixka bat bazekien arren, ez zen ongi hitz egiteko gai. Horregatik, unibertsitate garaian, euskaltegira joatea erabaki zuen. “Arrazoi berezirik ez nuen, behar nuen. Euskal Herrian bizi naiz eta ez nekien ia hitz egiten”, esan du kazetariak.

Euskal Herritik kanpo euskara ikasten dabilenik ere topatu du ETB1eko saioak. Madrilen, esaterako, Carabanchelen, Jesus ‘Iosu’ Solerak euskara eskolak ematen ditu. Bera ikusminez hasi zen euskara ikasten, ez baitu euskal jatorririk, eta orain, irakaslea da. 12-13 pertsona ari dira ikasten bertan; gehienak madrildarrak dira. “Jendeak japoniera, alemana, ikasten baldin badu, zergatik ez du euskara ikasiko”, esan digu.


Euskaldun berriei lotuta, fenomeno literario bat ere badugu Euskal Herrian. Joxean Sagastizabalek idatzitako Kutsidazu bidea, Ixabel liburua da euskal literaturak inoiz izan duen best-sellerrik salduena. 1994an argitaratu zuten, 50 edizio atera dituzte dagoeneko, eta ia 100.000 ale saldu dira! Zalantzarik gabe, euskaldunon Harry Potter da Juan Martin euskaldun berriak Tolosaldeko baserri batean euskara ikasten egindako egonaldia kontatzen duen liburua. Ez da erraza izango marka hori gainditzea!

Euskara ikastea zaila dela dioen mitoa suntsitu genuen aurreko saioan, eta oraingoan, euskara ikasteko bidea luzea dela dioena gezurtatuko dugu: 900 ordu behar dira euskara ikasteko. 3-4 ikasturtez euskaltegian arituta, euskaraz taxuz idazteko, hitz egiteko eta idazteko gai izango litzateke edonor.

Baina zein da euskaltegiek egun duten erronka? HABEko zuzendari nagusi Joseba Erkiziak eta AEKko koordinatzaile nagusi Mertxe Mujikak esandakoaren arabera, eskaintza hobetzea eta euskara ikasteko prozesua erraztea da. Izan ere, euskararen etorkizunerako, transmisioarekin batera, helduen alfabetatzea da zutabe nagusietako bat, eta administrazioen ikuspegitik, euskaltegien sistemari egonkortasuna ematen asmatu beharra dago. Gainera, hizkuntza bat ongi ikasteko erabilera ezinbestekoa denez, euskaldun zaharren lana da euskaldun berriei laguntzea, erabiltzeko esparruak ematea, pazientzia izatea, eta batez ere, haiek ez uxatzea!

Edonola ere, euskaldun berri ala euskaldun zahar, guztiok gara euskaldun. Bide batez, esan dezagun Kike Amonarrizek saioaren amaieran topatu zuela euskaldun berriei eskainitako monumentua: Altzan dago, Donostian, ‘Lau Haizetara’ du izena, eta Antton Mendizabal eskultore gipuzkoarrak egindakoa da.

Go!azen

Share
Published by
Go!azen

Recent Posts

Eta birusa bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan! Euskal atsotitzekin jolasean

Sormena eta irudimena ez da falta egunotan gure inguruan. Etxean egon behar dugun honetan, ez…

4 years ago

Euskararen aldeko festa handia eta lipdub erraldoia, Tolosan

Galtzaundi euskara taldeak euskararen inguruko festa handia antolatu zuen iragan larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa). Ehunka euskaltzalek…

7 years ago

Txillardegiren lan osoa digitalizatuta, denon eskura

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza…

7 years ago

Euskal blogari onenaren bila, 12 finalista

Iparraldeko neska, Berbaratza, Ikusi makusi…zer ikusi?, Etzi pm bloga, Baloreak baloratzen, Hitzak airean, Taxoareko Hitza, Game Erauntsia, Kaixomaitia, ​Iparra, Sarean, Naturzalia dira Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren…

7 years ago

Amatxo, bularra lasai eta goxo emateko lekuak baditugu

Zenbaitetan albiste izan ohi de amaren bat bere umetxoari bularra emateagatik denda edo lokalen batetik…

7 years ago

Sorgina Txirulina, euskara ikasteko

Sorgina Txirulina (Erica Liquete) ekimenak euskaldunak ez diren pertsonek seme-alaben eta ipuinen laguntzaz euskara ikastea…

7 years ago