Pornografiaren sekretuak, agerian

Aste honetako ‘SexSua’ saioan, pornoaren industriaren eragina izan du hizpide Jon Gomezek. Segundoko 28.528 kontsumitzaile duen industria hau hobeto ezagutzeko, osasuna, sexu-heziketa eta komunikazioaren alorreko profesionalekin izan da Jon Gomez aurkezlea.

Gaizka Tovar, sexu-hezitzailea

Zeintzuk dira pornoak sortzen dituen espektatibak? Egia al da pantailan ikusten dugun guztia? Nolako eragina du pornoaren kontsumo masiboak gaur egungo gazteengan? Galdera hauei erantzuna aurkitu nahian, Gaizka Tovar sexu-hezitzailearekin izan da Jon Gomez. Gaizkak argitutako lehen kontzeptua honakoa da: pornoa gezurra da. Sexologoak argitu duenez, kutsu erreala emateko, fikziozko zineman erabiltzen diren trikimailu eta efektu antzekoak erabiltzen dira zine erotikoan. Honela, gaur egungo gazteriarentzat frustragarriak diren eredu irrealak sustatzen ditu.

Sexu-jostailuak

Gaizka Tovarren baieztapena argudiatzeko, pornoaren industrian eta errealitatean ikusten diren ereduen arteko konparaketa aurkeztu dute saioan. Pelikula pornoetan ikusten diren zakilen tamaina 15-21 zentimetro bitartekoa izaten da, errealitateko batezbesteko tamaina 13-18 zentimetro bitartekoa denean. Emakumezkoen kasuan ere, pornoan ikusten diren alu gehienak oso antzekoak dira, errealitatean, forma, itxura, kolore eta tamaina ezberdinekoak diren bitartean. Harreman sexualetan, emakume guztiak orgasmora heltzen ikusten ditugu film hauetan; egunerokotasunean, ostera, emakumeen %71k ez du lortzen orgasmora heltzea.

Zine mota honek sortzen dituen itxaropen faltsuak irauli eta mitoak deseraikitzeko, Gaizka Tovarrek hezkuntza sexuala indartzea proposatzen du. Bere ustez, gizarteko sektorerik gazteenean dago gakoa; izan ere, inkesten arabera, 11 urterekin hasten dira gaur egungo gazteak pornoa kontsumitzen.

Anton Arruza, urologoa

Fisikoki pornoak eraikitzen dituen ereduek ez dute gazteen harremanetan soilik eragiten. Anton Arruza urologoak adierazi duenez, “pornoaren industrian ikusten diren zakilen tamaina eta itxura irrealek gazteei konplexuak sortzen dizkiete”. Honela, gazte askok urologoaren kontsultara joatea ekiditen dute, tamainaren konplexua gainditu ezinik. Emakumeek ginekologoaren figura barneratuta duten bitartean, gizonezkoei urologoa arrotza egiten zaiela azpimarratu du Anton Arruza urologoak.

Allen King, 2014ko Europako aktore porno gay onena

Baina pornoaren eragina ez da soilik publikoan antzematen. Allen King aktore pornoak Jon Gomezekin izandako elkarrizketan argi utzi duen moduan, aktore pornoek viagra antzeko botika eta estimulatzaileak hartu behar izaten dituzte sarritan. Pantailan ikusten duguna ikusteko, aktoreek lanordu luzeak ematen dituzte, azkenean, osasunerako kaltegarriak diren produktuak hartuz.

Beraz, pornoaren inguruko saio honetan ondorioztatu daitekeena honakoa da: pornoa kontsumitzea gozagarria izan daitekeen arren, ezinbestekoa da ikusten dugun horren inguruko kontzientzia kritikoa garatzea, aurrerantzean izan ditzakegun harremanak kaltetu ez ditzan.

Ikus ezazu saio osoa:

erotikus

Recent Posts

Zer da ekosexualitatea?

Geroz eta hedatuago dagoen korronte bat da ekosexualitatea, baina zertan oinarritzen da? Ekosexualitateak naturarekin bat…

7 urte ago

Orgasmorik onenak, 36 urterekin

Espainiako Estatuko emakumeek gogobeteko sexu harremanak dituzte munduko gainerako herrialdeekin alderatuta. Izan ere, hainbat adituk…

7 urte ago

‘Sexercise’, kaloriak erretzeko ariketak

Public Library of Scienciek argitaratutako ikerketa batek erakusten du "sexercise" delakoak kirolaren abantaila bertsuak izan…

7 urte ago

Sexu-erruleta, hedatuz doan jolas arriskutsua

Orain arte, batik bat, Hego Amerikan praktikatzen zen sexu-erruletaren jolasa, baina azkenaldian Espainiako Estatura iritsi…

7 urte ago

Nolako sexua izango duzu, zodiakoko zeinuaren arabera?

Horoskopoan adituak direnek, 2017an zodiakoko zeinu bakoitzak izango dituen sexu harremanen nondik norakoak argitu dituzte,…

7 urte ago

Zer xuxurlatu bikoteari sexua praktikatzerakoan?

Sexu-harremanak ditugunean berba gutxi egitea da ohikoena, baina behin edo beste bikoteari belarrira zerbait xuxurlatzea…

7 urte ago