Tradizioz, Goierrik eskualde euskaldunaren fama dauka, euskararen arnasgunea dela uste dute bertatik kanpokoek. Baina, euskararen ezagutzaren eta erabileraren datuak hotzean aztertuz gero, konturatuko gara ez dela hainbesterainokoa. Hori da behintzat, ‘Tribuaren Berbak’ ETB1eko saioak atera duen ondorioa.

Maider Agirre

Hasteko, titular bat utzi digu Maider Agirrek, Beasaingo euskara teknikariak: Goierri Gipuzkoako laugarren eskualde euskaldunena da; aurretik ditu Urola bailara, Tolosaldea eta Debagoiena. Beraz, badauka nahikoa zeregin etorkizunari begira. Eta zehazki, Beasaingo datuei erreparatuz, euskara ondo dakitenak % 56 inguru badira ere, euskararen erabilera % 35ean dago.

Jokin Murua

Goierrin, beste eskualde askotan bezala, alde handia dago herri txikietatik herri handietara. Orokorrean, herri txikietan euskararen ezagutza eta erabilera % 80tik gorakoa da. Dena den, azken azterketetako emaitzek ardura piztu dute herri txikietan ere: Gabiriko kultura zinegotziak, Jokin Muruak, adierazi duenez, gaztelaniaren presentzia handitu egin da herri txikietako eguneroko bizitzan
.

Kike Amonarriz eta Marian Bidegain

Euskara hedatzeko lanean erreferente izatera iritsi da Lazkaoko Maizpide euskaltegi eta barnetegia. 70eko hamarkadan hasi ziren lanean, eta hasieran eskualdean euskara zabaltzea zuten xede. Garai hartan, 2000. urterako Goierri osoa euskalduntzea jarri zuten helburu; eta bete ez bada ere, lan itzela egin dute. Gaur egun ere, eskualderako lanean jarraitzen dute, baina gero eta gehiago dira beste lurraldeetatik euskara ikastera bertara etortzen direnak.

Goierriko hizkerak

Goierriko euskarak bere ezaugarri propioak dituela erakutsi digu Lierni Elortza segurarrak ETB1eko saioan. Ezagunena, seguruenik, kausazko ablatiboetan (-tik atzizkiarekin amaitzen diren hitzetan) goierritarrek –tio bukaera erabiltzen dutela izango da; esate baterako, zergatio, oraindio, nundio…

Lierni Elortza eta Kike Amonarriz

Horrez gainera, herritik herrira ere badaude aldaerak. Bertako helduek hizkeran antzematen omen dute pertsona bat Ataungoa, Zaldibikoa edo Zeraingoa denean. Juanjo Aranburu Idiazabalgo artzainak aitortu digunez, ordea, gazteen kasuan, gero eta gutxiago nabaritzen dira ezberdintasun hauek euskara batuagoa edo nahasiagoa erabiltzen dutelako.

Hizkera bezala, Goierriko herri bakoitzak badu bere ezizena ere. Hauek dira horietako batzuk: Idiazabalgoak azeriak, Altzagakoak zakurrak, Zaldibikoak arkakusoak, Zegamakoak beleak, Lazkaokoak antzarak, Ataungoak otsoak, Gaintzakoak zapoak, Mutiloakoak txerrigorriak, Zeraingoak xaguak, Beasaingoak bareak, Ordiziakoak azak, Segurakoak zopajaleak…

Joxe Begiristain

Euskara bultzatzeko eta hedatzeko lana bizitzako arlo guztietan egin behar dela sinistuta, ari dira lanean trenak egiten dituen CAF enpresan. Langile kopurua kontuan hartuta, eskualdeko enpresarik handiena da CAF, eta 2006tik euskararen plana eta euskara batzordea dauzkate bertan. Joxe Begiristainek azaldu duenez, plan horri eta langileek egindako ahaleginari esker, nahiz enpresa barruko, nahiz kanpoko harremanetan, gero eta ohikoagoa da gure hizkuntza erabiltzea komunikatzeko. Gainera, trenek euskaraz hitz egitea ere lortu dute!

Juan Jose Agirre

Bestalde, Lazkaon, altxor bat daukate gordeta. Juan Jose Agirre monje beneditarraren ekimenez, euskararen eta Euskal Herriaren historia kontatzen duten dokumentu Beneditarren Dokumentazio Gunean. Haren alnagatik ez balitz, gure historiaren zati handi bat galduta legoke. Agirrek berak Kike Amonarrizi azaldu dionez, “herri baten historia egin nahi bada, azkeneko paper txikienak ere balio du”. Etxahun Galparsoro teknikariak adierazi du jasota daukaten liburu zaharrena 1669koa dela, Ziburuko Joanes Etcheberrik idatzitako Manual devotionezcoa. Guztira, 60.000 liburu dauzkate, eta, horiez gain, aldizkariak, kartelak eta pegatinak ere badituzte.

Xabier Mendiguren

Zer eskaini dio Goierrik euskalgintzari? Xabier Mendiguren idazlearen esanetan, batetik, “euskaldun mordoska bat”. Baina, bestetik, oro har, oso lurralde pobrea izan denez, ez da sortzaile askorik atera. 70eko hamarkada, aldiz, askoz ere oparoagoa izan zen. Apaizgaitegiak eta komentuak hustearekin batera, apaiz ohi jantzi horiek irakasle aritu ziren Euskal Herri osoko eskoletan. Bestalde, Goierri euskararen arnasgunea dela esatea “topiko” hutsa da, eta gaur egun egiten dena baino gehiago egin beharko litzateke euskara bultzatzeko, izan ere, Mendigurenen hitzetan, “euskaldun portzentaje handia daukagunok euskal kultura kontsumitzerako orduan eredu izan behar genuke”.

Goierri eta Goierri bezalako eskualde euskaldunagoek aitzindari papera jokatu behar dute euskararen alde. Horretarako aukera dute eta hori da euren erantzukizuna: euskararen motore izatea.

Ikus ezazue osorik ‘Goierri: muin eta motore’ saioa EITB Nahieranen.

blogs eitb

Share
Published by
blogs eitb

Recent Posts

Eta birusa bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan! Euskal atsotitzekin jolasean

Sormena eta irudimena ez da falta egunotan gure inguruan. Etxean egon behar dugun honetan, ez…

4 years ago

Euskararen aldeko festa handia eta lipdub erraldoia, Tolosan

Galtzaundi euskara taldeak euskararen inguruko festa handia antolatu zuen iragan larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa). Ehunka euskaltzalek…

7 years ago

Txillardegiren lan osoa digitalizatuta, denon eskura

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza…

7 years ago

Euskal blogari onenaren bila, 12 finalista

Iparraldeko neska, Berbaratza, Ikusi makusi…zer ikusi?, Etzi pm bloga, Baloreak baloratzen, Hitzak airean, Taxoareko Hitza, Game Erauntsia, Kaixomaitia, ​Iparra, Sarean, Naturzalia dira Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren…

7 years ago

Amatxo, bularra lasai eta goxo emateko lekuak baditugu

Zenbaitetan albiste izan ohi de amaren bat bere umetxoari bularra emateagatik denda edo lokalen batetik…

7 years ago

Sorgina Txirulina, euskara ikasteko

Sorgina Txirulina (Erica Liquete) ekimenak euskaldunak ez diren pertsonek seme-alaben eta ipuinen laguntzaz euskara ikastea…

7 years ago