Euskara bere txikitasunean handia da, eta beste hizkuntza gutxitu batzuentzat eredu dela erakustera etorri zaigu ‘Tribuaren berbak’ saioaren azken atala.

Eredu ere bagarelako” izenburupean emititu du ETB1ek aste honetako saioa. Euskara zenbait alorretan, eta zenbait lurralderentzat, erreferente dela erakutsi du, eta, horretarako, hainbat pertsonaren esperientziak eta iritzia bildu ditu Kike Amonarrizek.

Garabide hizkuntza lankidetza egiten duen garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Maddi Iñarrak eta Ander Bolibarrek azaldu dute hizkuntza biziberritzeko planak egiten dituztela, batik bat, Hego Amerikan. Euren ustez, hizkuntza berreskurapena da Euskal Herriak munduarekin elkarbanatzeko duen esperientzia interesgarrienetako bat. Kolonbiarekin, Guatemalarekin, Ekuadorrekin eta Mexikorekin harreman iraunkorra dute, eta herrialde horietako hainbat komunitatek eredu hartzen dute Euskal Herria hezkuntza-ereduari, herrigintzari eta komunikabideei dagokionean.

Bertsolaritza oso gurea dugu, eta, garai batean hala pentsatzen bazen ere, ez da kantu inprobisatuen adibide bakarra munduan. Portugalen, Galizian, Kanaria Uharteetan, Bretainian eta Iberoamerikan, besteak beste, topa ditzakegu horren adibideak. Gainera, azken urteotan asko zabaldu eta indartu dira bertsolaritzak kantu inprobisatua lantzen duten beste herrialdeekin dituen harremanak. Andoni Egaña bertsolariaren hitzetan, ezagutu dituzten munduko beste kultura guztietan, hemen bezala, amaieratik hasten dira bertsoa eraikitzen. Aldiz, kultura gehienetan musika-tresnen laguntzaz inprobisatzen dutenez, bitxia egiten zaie gure bertsolariek “a capella” kantatzea. Alabaina, atzerrian, bertsogintzak berak baino gehiago, hemengo auto-antolatzeko moduak harritu du jendea gehien; hau da, Bertsolari Elkartea sortzeak, eta hark ikerketak, zabalpenean eta transmisioan egindako lanak.

Korrika ere erreferente da euskararen sustapenean. Lau urtean behin Euskal Herria kilometroz kilometro zeharkatzen duen lasterketa herrikoia 19.enez abiatuko da martxoaren 19an. Asier Amondo arduradunak adierazi du Korrika badela “auzolanaren eta elkarlanaren adibide”, eta “horrek laguntzen gaitu ahalduntzen, alde batetik, eta, bestetik, euskahalduntzen”. Bestalde, nabarmendu du kanpoko beste hizkuntza gutxitu batzuentzat erreferentzia ere badela, eta munduan dituen beste “anai-arreba” txiki batzuk aipatu ditu: Correlingua (Galizia), Correllengua (Katalunia), Corsa per la lenga (Val D’Aran), Ar Redadeg (Bretainia), Ray yr laith (Gales) eta Rith (Irlanda).

AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak, Korrikaz beharrean, helduen euskalduntze-alfabetatzeaz hitz egin dio Kike Amonarrizi. Haren hitzetan, hemen daukan dimentsioa ez dauka beste inon. Dena den, adierazi du Kataluniari “inbidiaz” begiratzen diola. Izan ere, bertan, heldu batek katalana ikastea erabakitzen duenean, lehen eta bigarren mailak doan dauzka; hori ez da gertatzen, aldiz, euskarara ekarrita. Instituzio nagusiek laguntzen badute ere, (“eta eskerrak!”), ez dago Kataluniaren pareko “doakotasunik”.

Saioaren amaieran, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao elkarrizketatu ditu, elkarrekin, Amonarrizek.

Euskararen indarguneei dagokionez, Baztarrikak hezkuntza eta helduen euskalduntzea aipatu ditu, eta esan du “erreferente garela hizkuntza politika integralak ditugulako (hedabideetan, zerbitzu publikoetan, administrazioan, IKTetan, unibertsitatean…)”. Aitzitik, Bilbaok azpimarratu du euskalgintzatik zenbat proiektu sortu den, zenbat ekarpen egin zaion bai norbanakoak, bai espazioak euskalduntzeari. Nonbait, ez da ohikoa kanpoan eragileak, enpresak eta abar gai izatea komunean jartzeko euren printzipioak, eta ahots bakar batez hitz egitea.

Ahulguneei buruz ere hitz egin dute. Kontseiluko idazkari nagusiak herritarrak aktibatzeko beharra aipatu du, eta azpimarratu du “euskaraz biziko den komunitate trinkoa” behar dugula, eta “norberak horren kontzientzia hartu” behar duela.
Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailari dagokionez, onartu du asko dagoela hobetzeko eta egiteko euskara biziberritzeko, baina gakoa dela “euskara erabiltzeko gai denak euskara erabiltzeko gogoa izatea, eta euskara erabiltzeko hautua egitea; azken batean, euskara euskaldunentzat erakargarri gertatzea”.

Horretarako, beharrezkoak dira gizartearen inplikazio aktiboa eta adostasun eta sozial zabala. Baztarrikak azpimarratu du “politika euskararen zerbitzura” behar dugula, eta ez “euskara politikaren zerbitzura”.

Amaitzeko, biek ahala biek aitortu dute bidea luzea dela. Eta horretarako, jakina, beharrezkoa da erakundeek eta eragileek norabide berean lan egitea.

blogs eitb

Share
Published by
blogs eitb

Recent Posts

Eta birusa bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan! Euskal atsotitzekin jolasean

Sormena eta irudimena ez da falta egunotan gure inguruan. Etxean egon behar dugun honetan, ez…

4 years ago

Euskararen aldeko festa handia eta lipdub erraldoia, Tolosan

Galtzaundi euskara taldeak euskararen inguruko festa handia antolatu zuen iragan larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa). Ehunka euskaltzalek…

7 years ago

Txillardegiren lan osoa digitalizatuta, denon eskura

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza…

7 years ago

Euskal blogari onenaren bila, 12 finalista

Iparraldeko neska, Berbaratza, Ikusi makusi…zer ikusi?, Etzi pm bloga, Baloreak baloratzen, Hitzak airean, Taxoareko Hitza, Game Erauntsia, Kaixomaitia, ​Iparra, Sarean, Naturzalia dira Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren…

7 years ago

Amatxo, bularra lasai eta goxo emateko lekuak baditugu

Zenbaitetan albiste izan ohi de amaren bat bere umetxoari bularra emateagatik denda edo lokalen batetik…

7 years ago

Sorgina Txirulina, euskara ikasteko

Sorgina Txirulina (Erica Liquete) ekimenak euskaldunak ez diren pertsonek seme-alaben eta ipuinen laguntzaz euskara ikastea…

7 years ago