Euskal Herriko ekoizpenaren barruan, euskal musikak gero eta pisu handiagoa du

Kike Amonarriz, euskal musikaz

Voltairek idatzita utzi zuenez, euskaldunok Pirinioen oinaldean dantzatzen dugun herria gara. Eta dantzatzeko, musika ezinbestekoa da; kasu honetan, euskal musika. “Tribuaren Berbak” saioak, baieztapen horretatik abiatuta, euskal musikaz hitz egiten dugunean zertaz ari garen argitu nahi izan du.

Jon Eskisabel, Badok.info

Izan ere, sinplea dirudi, baina ez da erraza. Zer da euskal musika? Jon Eskisabeli, Badok.info atariko arduradunari egin dio Amonarrizek galdera, eta haren hitzetan, 70eko hamarkadaren amaiera eta 80koaren hasiera aldera hasi zen euskal musika etiketa bezala erabiltzen euskaraz kantatzen zuten talde eta bakarlari berriak multzo batean sartzeko. Eta, Eskisabelen iritziz, garai hartako irizpide horrek balio du gaur egunerako. “Nire ustez, gaur egun ere euskal musika euskaraz egiten dena da. Gaztelaniaz edo ingelesez egiten den musika Euskal Herrian ekoitzitako musikaren barruan dago, eta euskal taldeak dira, baina ez nuke esango euskal musika egiten dutenik”.

Jon Bagues, Eresbil

Euskal Herriko musika ekoizpenaren daturik onenak Eresbil musika artxiboan daudenez, hango zuzendari Jon Baguesi galdetu diote zien den egungo egoera. Hark esandakoaren arabera, diskogintzaren zenbakiak gutxitu egin dira, baina beste alde garrantzitsu batzuk badaude. Esaterako, autoekoizpenaren kopuruak gora egin du. Beraz, oro har, Euskal Herriko musika ekoizpena mantendu egin dela esan genezake. Euskarak, ekoizpen horretan, % 50etik gorako pisua izango luke presentziari dagokionez. Are gehiago, azken hamarkadan, % 42tik % 50era iritsi da zenbatekoa. Ondorioz, Euskal Herriko ekoizpenaren barruan, euskal musikak gero eta pisu handiagoa duela esan genezake. Ingelesaren eta gaztelaniaren proportzioa, berriz, aldatzen joan da, eta orain ia parean omen daude, Baguesen hitzetan. Ipar Euskal Herriaren kasuan, jakina, frantsesak beteko luke gaztelaniaren lekua.

Mikel Markez

Mikel Markez musikariarekin ere aritu da Kike euskal kantagintzaz, eta, haren iritziz, “oso osasuntsu dago kantitateari eta kalitateari dagokionez, beraz, osasuna eta ugaritasuna baditugu”. Baina gizarte pixka bat despistatuta ikusten du, informazio gaindosia dagoelako. Bestalde, euskal kantagintzak euskararen normalizazio prozesuan duen garrantzia azpimarratu du. “Askotan ez gara konturatzen zein tresna eraginkorra den kantua. Maitemintzen gaituen kantu batek politikari baten 10 urteko lanak baino askoz ere eraginkortasun handiagoa du”, esan du Markezek.

Musikari esker, gainera, euskarak Euskal Herriko mugak gainditu ditu. John Berkhout talde oiartzuar gazteak Fermin Muguruzarekin eta Berri Txarrak taldearekin euskara mundu zabalera zabaldu dela azpimarratu du. Gainera, Anne Etchegoyen lapurtarrak, euskal kantagintza tradizionala landuta, Urrezko Diskoa lortu du Frantzian; Amuma says no taldeak ere transmisio lan txukuna egin du AEBetan; eta Kalakan hirukote lapurtarrak Madonna euskaraz abesten jarri du.

‘dida!’ko kideak

Estiloari erreparatuta, aniztasuna aipa genezake, euskara edozein musika eredutara egokitzen dela argi baitago. Baina, Gaztea irratiko “dida!” irratsaioko kideen esanetan, rock hitzaren zabaltasun horretan dago euskal musikaren indar gunerik handiena.

Eta euskararen aberastasuna ezin izan du aipatu gabe utzi “Tribuaren Berbak” saioak. Izan ere, badira euren euskalkiaren aldeko apustu garbia egin dutenak, Gatibu talde gernikarra eta Ibarrangelu eta Elantxobe aldeko The Uski’s taldea, esaterako.

The Uski’s taldekoak

The Uski’seko kideen hitzetan, eurentzako ez da berritzailea izan bizkaieraz abestea; aitzitik, kontrakoa izan da. Antzinako rock & rolla euren erara moldatu nahi izan dute, eta, horretarako, euren “euskeria” erabiltzea beste biderik ez zuten topatzen. “Barrutik urteten daskuna da gure herriko bizkaieri“.

Euskal musikaren osasuna, pisua, aniztasuna, zabaltasuna eta aberastasuna nabarmendu dizkigu “Tribuaren Berbak” saioak, euskaraz dantzan jarraitzeko adina arrazoi badugu, beraz!

Ikusi osorik 11. saioa

Garazi Urdanpilleta

Share
Published by
Garazi Urdanpilleta

Recent Posts

Eta birusa bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan! Euskal atsotitzekin jolasean

Sormena eta irudimena ez da falta egunotan gure inguruan. Etxean egon behar dugun honetan, ez…

4 years ago

Euskararen aldeko festa handia eta lipdub erraldoia, Tolosan

Galtzaundi euskara taldeak euskararen inguruko festa handia antolatu zuen iragan larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa). Ehunka euskaltzalek…

7 years ago

Txillardegiren lan osoa digitalizatuta, denon eskura

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza…

7 years ago

Euskal blogari onenaren bila, 12 finalista

Iparraldeko neska, Berbaratza, Ikusi makusi…zer ikusi?, Etzi pm bloga, Baloreak baloratzen, Hitzak airean, Taxoareko Hitza, Game Erauntsia, Kaixomaitia, ​Iparra, Sarean, Naturzalia dira Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren…

7 years ago

Amatxo, bularra lasai eta goxo emateko lekuak baditugu

Zenbaitetan albiste izan ohi de amaren bat bere umetxoari bularra emateagatik denda edo lokalen batetik…

7 years ago

Sorgina Txirulina, euskara ikasteko

Sorgina Txirulina (Erica Liquete) ekimenak euskaldunak ez diren pertsonek seme-alaben eta ipuinen laguntzaz euskara ikastea…

7 years ago