Euskal dinosauroa eta robot bertsolaria ez dira zientzia fikzioa!

Kike Amonarriz Einsteinen irudiarekin, Eureka! Zientzia museoan, Donostian

Zientziak gauza handiak lor ditzake. Hori argi dago, baina, euskarak zein pisu du zientzian? Galdera horri erantzuten ahalegindu da Kike Amonarriz ‘Tribuaren berbak’ saioaren bederatzigarren saioan.

Zientzia eta euskara fusiona al daitezke? 1976. urtean, Adolfo Suarez Espainiako presidente zenak Paris match aldizkarian esan zuen fisika nuklearra unibertsitatean irakastea ezinezkoa zela. Baina argi eta garbi dago erabat oker zebilela, eta hori argi erakutsi du ‘Tribuaren Berbak’ saioak.

Basque Center On Cognition, Brain And Language izenekoak hizkuntza jabekuntzan, ulermenean eta elebitasunean parte hartzen duten mekanismo kognitiboak argitzea du helburu, eta bertako kide Jon Andoni Duñabeitiaren arabera, erlazio oso estua dago elebitasunaren eta hizkuntzarekin bat ez datozen beste gaitasun kognitiboen artean, adibidez, atentzioa edo arreta sistema. Elebitasunak, beraz, abantailak ematen dizkigu.

EHUko Ixa ikerketa taldean informatikariak eta hizkuntzalariak ari dira lanean, hizkuntzaren prozesamenduaren arloan. Xabier Arregik azaldutakoaren arabera, makinei euskara erabiltzen erakutsi nahi diete, gizakien eta makinen arteko komunikazioa erosoagoa eta hobea izan dadin. Lan horren emaitzak ikusten dira, esaterako, Xuxen zuzentzaile ortografikoan, euskarazko bilatzaileak erabiltzen ditugunean, baita euskarazko itzultzaileetan ere. Hori eguneroko bizitzan, baina, aipatzekoa da Galtxagorri robot bertsolaria ere, oinak emanda, bertsoa osatzeko gai den robota, alegia. Bikaina!

Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko kultura zientifikoko katedradunaren arabera, zientziaren hizkuntza edozein izan daiteke, erabilpenaren arabera. Esaterako, ikerketa baten goi mailako emaitzak jakitera emateko, ingelesa da hizkuntza, irakurleak mundu osoan daudelako, gutxi direlako, eta ingelesa erabiltzen dutelako. Baina zientziaren hezkuntza edo prestakuntza sisteman ari bagara, edozein izan daiteke, gure kasuan, euskara, gaztelania edo frantsesa. Eta gauza bera gertatzen da dibulgazio mailan, hau da, zientzia gizarteratzerako orduan, herrietako eta nazio hizkuntzak erabiltzen baitira.

Dibulgazioaren arlo horretan Internet eta blogak nabarmendu ditu Perez Iglesiasek zientzia herritarrengana helarazteko. Arlo horretan, Zientziakaiera atarian askotariko materialak eta gaiak bildu dituzte.

Zientzia gizarteratzeaz arduratzen da, halaber, Elhuyar fundazioa. 70eko hamarkadan aldizkari bat sortu zuten ingeniaritzako hainbat ikaslek, zientziaz euskaraz aritzeko zailtasunak zituztela jabetuta. Hortik abiatuta, asko garatu eta zabaldu da Elhuyar, eta zientziaren komunikazioan eta hizkuntzaren eta teknologiaren garapena ditu ildo nagusi. Horretarako, eskura dauzkaten euskarri guztiak erabiltzen dituzte, Eider Cartonen arabera: aldizkaria, ‘Norteko FerrokarrilaEuskadi Irratiko saioa, ‘TeknopolisETBko saioa, Internet, eta komunikabide tradizionalak.. Gainera, pertzepzio azterketak ere egiten dituzte Euskal Herriko biztanleek zientzia gaiekiko duten interesa ezagutzeko, eta, itxura denez, interesa ba omen dugu, eta gero eta gehiago gainera, batik bat, haur eta gazteen artean. Esaterako, Irria aldizkarian ‘Marikalanbre’ izeneko pertsonaia daukate, hura atsegin duten gaztetxoak zientzia euskaraz kontsumituko duten heldu bihurtzeko asmotan.

Bitxikeria gisa Kike Amonarrizek nabarmendu du Elhuyar anaiek isolatu zutela lehen aldiz taula periodikoko Wolfram elementua Bergaran. Gainera, euskal dinosauroa ere existitu zen, Gasteiztik 30 kilometrora dagoen Laño aztarnategian topatu zuten espezie bati Liranosaurus Astibiae izena jarri omen zioten. Eta ezin dugu aipatu gabe utzi panda artzak ezagutzera eman zituen Armand David zoologo eta botanikaria ezpeletarra zela.

Argi dago, beraz, euskarak baduela pisurik zientzian, eta osasuntsu dagoela, oraindik ere egiteko askorik badago ere. Bejondeiela ‘Tribuaren Berbak’ saioan ikusi ditugun ikertzaile, dibulgatzaile eta lantalde guztiei!

IKusi osorik ‘Tribuaren Berbak’ saioaren 9. atala

 

blogs eitb

Share
Published by
blogs eitb

Recent Posts

Eta birusa bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan! Euskal atsotitzekin jolasean

Sormena eta irudimena ez da falta egunotan gure inguruan. Etxean egon behar dugun honetan, ez…

4 years ago

Euskararen aldeko festa handia eta lipdub erraldoia, Tolosan

Galtzaundi euskara taldeak euskararen inguruko festa handia antolatu zuen iragan larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa). Ehunka euskaltzalek…

7 years ago

Txillardegiren lan osoa digitalizatuta, denon eskura

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza…

7 years ago

Euskal blogari onenaren bila, 12 finalista

Iparraldeko neska, Berbaratza, Ikusi makusi…zer ikusi?, Etzi pm bloga, Baloreak baloratzen, Hitzak airean, Taxoareko Hitza, Game Erauntsia, Kaixomaitia, ​Iparra, Sarean, Naturzalia dira Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren…

7 years ago

Amatxo, bularra lasai eta goxo emateko lekuak baditugu

Zenbaitetan albiste izan ohi de amaren bat bere umetxoari bularra emateagatik denda edo lokalen batetik…

7 years ago

Sorgina Txirulina, euskara ikasteko

Sorgina Txirulina (Erica Liquete) ekimenak euskaldunak ez diren pertsonek seme-alaben eta ipuinen laguntzaz euskara ikastea…

7 years ago