Askotariko Metal musika Halloween Metal Fest jaialdian, larunbatean

Badator Halloween Metal Fest! Urtero bezala, euskal metalzaleek hitzordu garrantzitsua izango dute Bermeoko Kafe Antzokian: larunbatean, azaroak 12, 21:00etan.
7. edizioan, bost taldek osatuko dute kartela, metal estilo desberdinetakoak gainera, edozein headbangerren metal gogoak asetzeko aproposak!
Diabulus In Musica nafarrak izango dira kartelburuak. Azaroaren 18an kaleratuko dute ‘Dirge for the Archons’ diska, eta hori aurkeztera etorriko dira Bermeora. Hemen hasiko dute, izan ere, euren Metal Sinfonikoa nazioartean barreiatzeko bira. Ohituta daude agertoki handietan jotzera, Manowar, Theatre of Tragedy eta Leaves’ Eyes bezalako taldeen kontzertuak ireki baitituzte, eta gurean ez dira kikilduko!
Overdry jaialdira itzuliko da bi urteren ostean. Oraingoan, Andaluziako taldeak euren errepertorioa aurkeztuko digute. ‘El oscuro Reino del Verso’ albuma kaleratu du Groove Metal talde honek, eta ziur daude ez duela inor epel utziko.
Jaialdiko bigarren euskal taldea The Wizards izango da. Bilbotarrek 2014ko Villa de Bilbao lehiaketa entzutetsua irabazi zuten. Logoari erreparatuta laster atzemango dugu estiloa: 70. hamarkadako Heavy Metala. Riff berriekin etorriko dira Bermeora.
Giroa gogortuko da Thirteen Bled Promises taldearen emanaldiarekin. Madriletik zuzenean Bermeora ekarriko digute euren Deathcorea, ‘The Black Legend’ azken diskako kantak aurkeztuz.
Muturreko metalzaleek gozatzeko beste aukera bat izango dute Legacy of Brutality Asturiaseko taldearekin. Espainiar Estatuko W:O:A Metal Battle lehiaketa irabazi zuten, eta horri esker Wackenen jotzeko aukera paregabea izan zuten, milaka zaleen aurrean. Death Metal talde hau ‘Giants’ diskoa besapean duela iritsiko da Bermeora.
Hona hemen ordutegia:
Dena prest dago Bermeoko metalzaleen buruak astintzeko. Honakoak dira askotariko gogoak asetuko dituen Halloween Metal Fest-eko sarrerak eskuratzeko salmenta tokiak, 7 euroan: Bermeoko Kafe Antzokia eta Luma liburu-denda, Gernikako Ospa taberna, Mungiako Herriko Taberna, Bilboko Gothic Zone denda eta www.musikaze.com webgunea. Larunbatean ere salgai izango dira sarrerak lehiatilan, 10 euroko prezioan.
Kontzertuen ostean, Videojukebox bat antolatu dute Spookypheria Productions kultur elkartekoek. Beraz, metala eta festa ziurtatuta daude Haloween Metal Fest jaialdian!