Bermeoko udaletxea konpontzeko lanen bigarren fasea 2018ko udan bukatzea espero dute

2013. urteko Alde Zaharreko sutearen ondorioz kaltetutako udaletxea berreskuratzeko lanen bigarren faseko obrak esleitzeko deialdia zabaldu du Bermeoko Udalak. Esleipena prozedura irekiaren bidez egingo da.
Udalak jakitera eman duenez, bigarren fase horretan eraikinaren egituraren birgaitzea egin eta estalkia itxiko dute. Horrela, eraikina itxita eta babestuta geldituko da.
Kontratuaren xedea udaletxea berriztatzeko obren 2. fasea da, eta obra horiek 2018ko udan bukatzea aurreikusten da. Kontratuaren prezioa 494.754 eurokoa izango da, BEZ barne.
Finantziazioa
Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, esan duenez, bigarren fase horretako lanen %30 inguru Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura sailak emandako 150.000 eurorekin finantzatuko da.
Bigarren fasearen gainerakoa Bermeoko Udalak finantzatuko luke; hala ere, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin Bermeoko Udala harremanetan dago finantziazio gehiago lortzeko.
“Kontuan hartu behar da Udaletxea berreraikitzeko lanen kostu osoa 1,2 milioi euro ingurukoa dela, eta erakundeen laguntza beharrezkoa dela”, adierazi du.