Matxitxakoko itsasargira doan bidea konpontzeko eskatu du Bermeok

Matxitxakoko itsasargira doan bidea konpontzeko eta Artika auzorako bidean oinezkoen segurtasuna bermatzeko eskatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari.
Bermeoko Lurgintza zinegotziak, Amaia Elorzak, eta Udaleko Urigintzako teknikariek Bizkaiko Foru Aldundiarekin joan den urtarrilaren 11n izandako batzarrean eskaera horiek berriro luzatu zizkien BFAko ordezkariei.
Elorzak gogoratu duenez, Matxitxakoko itsasargira doan bidea, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumena da; eta “bere egoera oso txarra da, izan ere, ez du inondik inora irisgarritasuna bermatzen eta jendea ezin da bertatik erosotasunez ibili. Hori dela eta, pertsona asko erortzen dira bertan”.
Artika
Bestalde, Artika auzorako bidean oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dio, izan ere, bide horretatik ere jende asko ibiltzen da oinez, baina dagoen moduan arriskutsua da ibilgailuengatik (bidea oso estua da, argiteria eskasa…) . Hori dela eta, neurriak hartzeko eskatu dio.
Aipatutako eskaerak Bizkaiko Foru Aldundiari “askotan egin dizkiotela” gogoratu du Elorzak, baina “BFAk orain arte ez duela erantzun egokirik eman” gaineratu du..