Bermeoko historia panelen bidez kontatzeko ibilbide turistikoa

Udalak gure historia kontatzen duten bederatzi panel jarri ditu Bermeoko toki esanguratsuenetan: San Juan Portale, Prantzizko Deuna Atea, Gaztelu, Torrontero, Portuzarra, Baztarre, Tala, Goiko Plaza eta Gaztelugatxeko Doniene.
“Panel horiek Alde Zaharrera sartzeko gonbidapen bat izango dira, eta gure herria ezagutzeko ibilbide interesgarri eta polita osatuko dute”, adierazi du Irune Ormaetxeak, Turismo eta Merkataritza zinegotziak.
Turismo zinegotziak azaldu duenez, Bermeoko ondare kulturala balioan jartzeko seinaleztapen plangintza bat lantzen ari da Udala.
Ibilbidea Portu Zaharrean hasten da eta Talaraino eramaten du, Bermeoko Alde Zaharreko kaleetatik pasata.
Bestalde, Ormaetxeak jakinarazi duenez, seinaleztapen plangintza horretan beste hainbat ekimen aurreikusten dira. Horrela, sei paneletan, epe laburrean, kodigo QR batzuk jarriko dira, eta horien bidez, bideo labur batzuk ikusteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.