Izen-abizenak euskal grafiaz idazteko kanpaina abian jarriko du Bermeok

Euskarazko abizenak euskal grafiarekin idazteko ‘Izena duenak izana du’ sentsibilizazio kanpaina martxan jarriko du martxoan Bermeoko Udalak, UEMAren laguntzarekin, “munduan euskaldunek presentzia izateko”, Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Helburua da euskal abizena era ofizialean gaztelaniazko grafiaz idatzita duenak pausoa ematea eta epaitegian eskatzea aldaketa, eta horretarako, UEMAk prestaturiko informazio-orria eta kartelak banatuko dituzte Bermeoko Udalak eta hainbat eragilek.
Aipatutako informazio-orrietan jasotzen denez, hiru pauso erraz eman behar dira abizenak euskal grafiaz idazteko. Horrela, adierazten denez, interesa duen pertsona lehenik eta behin erregistro zibilera edo bake epaitegira joan behar da, eta abizena euskal grafiaz ipini nahi duela esan. Bertan, emango dioten eskaera orria beteko du bere datuekin.
Ildo berean, agiri hauek eraman behar dira: nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman behar du); hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria (epaitegian eskatzen da); errolda agiria (Udaletxean eskatzen da eta, adinez nagusia ez bada, gurasoena beharko du); familia liburuaren fotokopia (familia edo seme-alabak baditu); eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia, 16 urtetik gorakoak badira.
Nola idatzi?
Horrez gain, izena edota abizena euskaraz nola idatzi behar den kontsultatzeko Euskaltzaindiaren webgunean bilatu ahal izango da informazio osatua.
Informazio-orriak udal zerbitzuetan (Berhaz, Behargintza, Udal liburutegia, Kultur etxea, Musika eskola eta Kiroldegia) eta Bake Epaitegian egongo dira, baina beste toki batzuetara ere zabalduko dira, besteak beste, ikastetxeetara eta anbulatoriora.