San Martin azoka eta odoloste txapelketa, Bermeon
Egunotan ez da giro Bermeoko kaleetan. Euria iritsi da gurera, baita hotza ere, baina eguraldi txarrak bermeotarrok ez gaitu kikilduko, eta beste behin kalera aterako gara San Martin jaiak ospatzera. Zuek ere, ez duzue huts egingo, ezta? Bermeotarra bazara, ezin duzu hitzordu hau galdu!!! 🙂
Datorren domekan, azaroaren 9an, hain justu, XIII. San Martin azoka izango da Bermeoko Lameran eta, bere baitan, ohikoa den odoloste txapelketa egingo da. Baserriko produktuez gozatzeko aukera paregabea izango dugu bertara hurbiltzen garen orok, baina, batez ere, txerriki produktuari lotutako elikagaiak izango dute nagusitasuna. Ogia, euskal pastela, gazta, eztia, txakolina, patea, loreak.. eta nola ez, hainbat postuetan txerrikia dastatu ahalko dugu.
Odolosteak, izango du, ordea, protagonismo handiena, izan ere, aurten Bermeoko Udalaren XIII Odoloste Txapelketa egingo da. Guztira 22 partaide izango dira, besteak beste, Bermeo, Bakio, Mungia, Gernika eta Loiutik etorritakoak. Kepa Landa sukaldari ezaguna izango da epaimahaiaren arduraduna. ZORTE ON GUZTIOI!!
Hitzorduaren egunari itxarotea soilik ez zaigu gelditzen.