‘Bermesex’, sexuaz hobeto gozatzeko eta informatzeko zerbitzu berria
Nola bizi duzue sexua eta sexualitatea? Modu erosoan ala arazoak dituzue? Erantzun hauei eta bermeotarrak dituzuen guztiak erantzuteko Bermeoko Udalak ‘Bermesex’, Sexologia Orientazio zerbitzua, eskainiko du otsailetik aurrera.
Juan Karlos Agirre Bermeoko Gazteria Saileko zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez, ‘Bermesex’ zerbitzuaren bidez, “udalerriko gazteei modu partikularrean ezagutu, onartu eta adieraz daitezen laguntzen diegu, horrela, bestearekin harremanak izateko modu onuragarriena bilatzeko”. Gaineratu duenez, “xede hau lantzeko gazte, familiarteko eta profesionalekin lan egiten dugu”.
Ildo honetan, orientazioa bideratzeko hiru eredu izango dituzte kontuan: programa eredua, kontsulta eredua eta teknologia eredua, hain zuzen ere.
Kontsulta eredua: Ostiralero, 16:00etatik 17:30era, Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean gazte, senitarteko eta profesionalentzako arreta zuzena eskainiko da. Horrez gain, profesionalekin koordinatzeko aukera ezberdinak adosteko aukera egongo da.
“Orientazio eredu honen bidez, profesional ezberdinekin eta familia-kideekin elkarlanean, haur, gazte, familia eta hezkuntza baliabideen arazoei irtenbideak aurkitzeko bideak hausnartuko dira, egoera bakoitzean esku hartzeko modu, eragile eta ekintza egokienak aztertuz”, esan du Agirrek.
Programa eredua: Proposamenak eraikitzeko bidea da, besteak beste, sexu hezkuntza programak, guraso eskolak, profesionalentzako ikastaroak, hitzaldiak eta informazio kanpainak. “Batzuetan esku hartzea zuzenean egin daiteke, ‘Bermesex’ zerbitzuko profesionalek gidatuta, eta beste batzuetan beste eragile batzuei proposamenak lantzen eta gidatzen lagundu daiteke”, azaldu du Gazteria zinegotziak.
Teknología eredua: Programa eta kontsulta ereduak osatzen ditu. Teknologia berriek aholkularitza ekintzak burutzeko aukerak zabaldu izan dituzte, besteak beste, korreo elektronikoa, txat eta bideokonferentziak. ‘Bermesex’ zerbitzuak orientazioa on line eta telefonoz egiteko aukerak zabaltzen ditu: bermesex@bermeo.org, orientazio zerbitzua (Skype bidez) eta 668 89 13 34 telefonoa.
Orain zuen txanda da. Parte hartu!