Madalen Eguna, Bermeon: bitxikeriak, historia… eta musika
Egun handia izango da, gurean, hurrengo domekea! Zein gutxi falta den Bermeok, beste behin, Madalen Eguna ospatzeko!! Uztailaren 22a hementxe dugu –hilak 19 ditu gaur- eta Bermeoko Madalenak jendez beteko ditu gure herriko kaleak zapatuan eta domekean. Bermeoko Madalenen egitaraua badugu ezagutzen, blog honetan bertan partekatu genuen orain dela bi aste; Madalena Egunaren inguruan hitz egin nahi dugu orain, zuekin, egun horretako bitxikeria edo kontu ezinbesteko batzuk islatzeko. Ea zer deritzozuen :-).
Bermeoko Madalena Eguna – Ba al zenekien…
… Madalena Eguna 1641tik ospatzen dugula? Aita Henaorena da guregana heldutako lehen erreferentzia. Izaroko Gure Amaren komentua desagertu zenetik, gutxi gorabehera, ospatzen omen dugu egun hau.
… Madalenaren Zortzikoarekin hasten dugula beti egun handia? Txistulariek jotzen dute, eta, ondoren, Udalbatza Kontzejupean biltzen da eta Santa Eufemia eleizara joaten gara danok. Madalenaren Zortzikoa, jaia bera bezala, oso-oso zaharra da.

2009ko irudi honetan, Bermeoko alkatea teila botatzeko prest dago. Argazkia: EITB.
… aditu (edo) batzuen ustez ez dela segurua gure eta Mundakaren arteko estropada ospetsu hura benetan jokatu zutenik? Bueno… Hemen, zer esango dugu guk… Beti eztabaidatzen genuen Mundakarekin ea norena zen Izaro uhartea. Beraiek eurena, guk gurea, elantxobetarrek eurena… Ezer adosten ez genuenez, Bizkaiko Batzar Nagusietara ere heldu zen ikamika, baina horiek ere ez zuten kontua erabat argitu. Hortaz, 1719an ondorengoa erabaki genuen: estropada bat jokatuko genuela Mundakaren aurka, eta garaileak uhartea irabaziko zuela. Elantxobe, irla eurena ez zela izan behar onartuta, epailea izango zen. Eta hara joan ginen, estropada oso nahasi batean: gure arraunlarietako bat uretara jausi zen eta itota zendu zen, tradizioaren arabera… eta azkenean garaipena lortu genuen. Izaro, guretzat!!
… Madalena Egunean Izaro gurea dela gogoratzen dugula egun horretan bertan igaro zelako, ofizialki, gure udal-barrutira? Hori da, uztailaren 22 batean geratu ziren gauzak gaur egun dauden moduan eta, horregatik, uztailak 22 dituenez, Madalena Egunean, ospatzen dugu danok Bermeon.
… Mundaka eta Bermeoren mugek, gaur egun oraindik, ondorio bitxiren bat badutela ekartzen? Bai jauna, Dimingusen, adibidez; gune hori Bermeokoa da baina bere parrokia Mundakarena da. Iraganaren legatua…
… Bermeoko alkatea Mundakakoa eta Elantxobekoa ere badela Madalena Egunean? Urte osoan zehar herri baten ardura badu, uztailaren 22an egin behar izaten duen lana ikaragarria da… Hiru herri… :-). Mundakakoak eta Elantxobekoak, jakina, pozik… Jaiaz gozatu ahal dute buruhausterik gabe…
… Bermeoko alkateak, urtero, Madalena Egunean, teila bat botatzen duela uretara Izaroren inguruan? Alkateak teila botatzen dueneko unea beti izaten da politenetakoa, telebistako albistegietan eta biharamuneko egunkarietan nabarmentzen dituzten horietakoa. Gure herriko alkateak, teila uretara botatzean, beti esaten du esaldi bera: “Honaino heltzen dira Bermeoko ittoginak“, gogoratzen du, eta horrela argi uzten du Izaro gure herriko mugetatik barnean dagoela.
… jaia ez dela Bermeon geratzen, Mundakara eta Elantxobera ere heltzen dela? Noski, estropada irabazi genuen baina gailentzen jakin behar da, ja, ja, ja… Txantxak alde batera utzita, egun handia da inguruko herrietarako ere.
… badagoela beste kanta bat, oso tipikoa, egun honetarako, eta “Neska zaharrak joaten dira Madalenara” duela izena? Hauxe da letra:
Neska zaharrak joaten dira
Madalenara, Madalenara.
Santari eskatutzera
nobioren bana, nobioren bana,
komeni bada.
Ai fikua, fikua, fikua,
ai fikua, fiku merlatua!
Ai fikua, fikua, fikua,
ai fikua, fiku merlatua!
Santak erantzuten die
buruaz ñar-ñar, ya no es hora,
no valeis nada,
zer nahi duzue, bada,
nik egitea, zuen denbora
pasatua da.
Ai fikua, fikua, fikua,
ai fikua, fiku merlatua!
Ai fikua, fikua, fikua,
ai fikua, fiku merlatua!
Santa harek egiten die
buruaz ezetz, buruaz ezetz,
buruaz ezetz,
hargatik neskazaher neu be
geratu nintzen, geratu nintzen,
geratu nintzen.
Ai fikua, fikua, fikua,
ai fikua, fiku merlatua!
Ai fikua, fikua, fikua,
ai fikua, fiku merlatua!
Jan egin duzun fikua
fiku merlatua, fiku merlatua,
fiku merlatua,
merkatuan saldua, ondo pagatua,
ondo pagatua,
ondo pagatua.
Ai fikua, fikua, fikua,
ai fikua, fiku merlatua!
Ai fikua, fikua, fikua,
ai fikua, fiku merlatua!
Ategorrietako
danbolinterua,
danbolinterua, danbolinterua,
bizkarra makurtuta
jotzen du soinua, jotzen du soinua,
jotzen du soinua.
Ai fikua, fikua, fikua,
ai fikua, fiku merlatua!
Ai fikua, fikua, fikua,
ai fikua, fiku merlatua!
Ai Errenteriako
fraile kaskamotza, fraile kaskamotza,
fraile kaskamotza.
bizkarra konkortuta
ematen du meza, ematen du meza,
ematen du meza.
Ai fikua, fikua, fikua,
ai fikua, fiku merlatua!
Ai fikua, fikua, fikua,
ai fikua, fiku merlatua!
Eta hauxe da musika, begira zein bideo eder!! Amaieran abesten dute, gainera:
Aizue, ba hartu zapia, bildu koadrilarekin, gozatu eguna… eta laster batuko gara blog honetan berirro, lagunok!! Gora Bermeo eta Madalen Eguna!!! Oso ondo pasa!!!!!