Bermeo: 1912. urteko galernaren mendeurrena, zorigaiztozko enbata
Bermeo 1912. urteak markatu zuen; Bermeoko galernak. 100 urte pasatu dira ordutik, baina mendeurren honetan ere betirako izango da abuztuaren 12a bermeotarron oroitzapenean. Arrantzale familiek kirioak dantzan izan zituzten gau malapartatu hartan. Uda garaiko berezko poztasunak ez zuen argirik ikusi abuztuaren 12an, enbatak ezustean harrapatu baitzuen Kantauri aldeko kostaldea.

Bermeoko galerna 1912. urtean, Bermeoko portua irudian
Galernaren urteurren ekitaldiak antolatzen hasi ziren 2006. urtean, urtero itsasoan bizi direnak eta bertan sufritzen dutenak omentzeko asmoz. Aurten galernaren mendeurrena izango da eta oroitzeko hainbat ekitaldi antolatuko dira: sasoi hartako jantzien tailerrak, itsasontzien prozesioa, lore eskaintza eta estrainekoz bereziki, antzerki musikala.
Hasi dira dagoeneko herritarrek antzeztuko duten antzerki musikalerako kastingak eta arrakastatsu abiatu da ekimena. 100 bat bermeotar pasa dira dagoeneko baina parte hartu nahi duenak, Kultur etxera dei dezake oraindik ( 94 617 91 57 ), aste santuko oporren bueltan hasiko baitira entseguak. Antzerkia 2012ko abuztuaren 11an taularatuko da, larunbat iluntzean.

Bermeoko galerna 1912 - Orduko 'Victoria' txalupa portuan
Galerna madarikatua aurreikusi gabe iritsi zen kostaldera eta abuztuaren 12tik 13rako gaua, amaigabeko gau bihurtu zen Bermeoko portuan. Hegaluze bila zebiltzan hamar ontzi ondoratu eta 143 bat lagun itota hil ziren, 97 inguru -gehienak- herrikoak. Orotara, bermeotarren % 1 eraman zituen galernak betiko eta haien senideek itsasora begira egiten dute negar ordutik, haien gorpuak ez baitzituzten berreskuratu.
Denbora pasa arren, herria hunkitzen duen gertakaria da gaur egun ere. Horregatik, mendeurreneko ekitaldiak bereziak izango dira aurten Bermeoko herrian.