Bermeo pozik, saihesbidearen lanak udan hasiko direlako
Bermeo eta Ermua dira Bizkaian, saihesbiderik ez duten herri bakarrak; baina laster zerrenda beltz horretatik kendu egingo dute gure herriaren izena. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak joan den astean jakinarazi zuenez, udan hasiko dira saihesbideko lanak eta, dena ondo bidean, hiru urte barru zabalik izango da Mungiarekin lotura gisa ere erabiliko den bidea.
Bermeoko jendearentzat duen garrantziaz jakitun, segituan partekatu genuen berria, esteka honen bidez, eta oro har, pozez hartu du jendeak: Bazela garaia adierazi dute Aritz Hormaetxea eta Ait Ty, azken honek tunelaren beharra azpimarratu du. Karmelo Siguenza eta Pili Gabilondo eszeptikoago agertu dira eta Ander Atxikaallende eta Aitzi Campillo Sollubeko tunelaz galdetu dute; nonbait hori da eta proiektuaren zalantzetako bat. Tira, honen inguruko berrikuntzak jasoko ditugu, egotekotan, betiko moduan Bermeoko orrialdean eta blog honetan bertan.
Bermeotarron poz honek, baina, ez du luzaroan iraun, ze gure neska-mutilen ‘txokue’k ez du ‘Lokaleroak‘ saioko lehiaketa irabazi. 9. geratu da, 311 botorekin. Ezin dugu ulertu, ze lokalek dauka Euskal Herrian terraza, futbolina eta gure gazte jatorrak?? Gaur jakinarazi da irabazlea; behintzat Bizkaian geratu da saria (Zornotzak eta Gernikak atera dira garaile). Bueno, hurrengorako gu eh??? Ikusi ez duzuenontzat, hemen duzue Bermeoko lokalaren bideoa:
Disko bat eta ipuin bat
Gotzon Monasteriok Mikel Oihenart musikari bermeotarraren azken diskoaren berri eman zigun esteka honekin. Esan zigunez, doan eskura daiteke. Artista honen inguruko datu gehiago dituzue Bermeoko orrialdean. Hain justu, Mikelek berak honako bideo hau zintzilikatu zuen gurean: ‘La Gata Negra‘ Bermeoko ipuina, entzun entzun!
Azkenik, Gotzon Monasteriok iritzia partekatu zuen: “Bermeok marka izateko aukerak ditu eta turismo berdearen alorrean bidea egin!!!“. Haren berbetan, azpiegituran inbertsioak egin behar dira. Iritzi berekoak al zarete zuek?
Tira ba, honetan utziko dugu gaurko laburpena. Datorren astean itzuliko gara, gai gehiagorekin eta zuen ekarpenekin. Ordura arte, ondo bizi eta…. Aupa Bermeo!