Kiratsak eraginda Bermeoko bizilagunen kexak eta Alakrana auzia, hizpide
Bermeoko errekak herriko hainbat txokotan sortzen duen usai txarra izango dugu hizpide gaurkoan, izan ere, bermeotar batek Facebookeko orrialdean irudiak utzi dizkigu. Gainera egunotan “Alakrana” Euskal Atunontziko arrantzaleak terrorismoaren biktimak ez direla jakin dugu, edo ebazpen hori eman du, behintzat, Auzitegi Gorenak. Hori eta gehiago ondorengo lerroetan. Laburpenean gurekin etorriko? 🙂
Juanvi Romanek Bermeoko Facebookeko orrialdea aprobetxatu du “salaketa” bat egiteko, izan ere, bere hitzetan, San Martin, Doloriaga eta Aritzatxu kaleetako bizilagunek izugarrizko kiratsa jasaten ari dira azkenaldian. Juanvik, gainera, salaketa horren frogak utzi dizkigu, berak horman zioen bezala, “irudi batek mila hitzek baino gehiago” balio baitute. Ikusi nahi? Egin klik eta ikusi bideoa.
Guztiok dakigu “Alakrana” Euskal atunontziko arrantzaleak 47 egunez egon zirela bahituta Somaliako piraten menpe. Iragan asteazkenean kontatzen genizuen Auzitegi Gorenak egun horretan erabakiko zuela ‘Alakrana’-ko lau arrantzale terrorismoaren biktima diren ala ez, eta guk galdera botatzen genizuen orrialdean. Zuen ustez, ‘Alakrana’ko arrantzaleak terrorismoaren biktima dira? Mikel Agirresarobek berehala eman zuen erantzuna, “bai” irmo batekin.
Ebazpena jaso bezain pronto kontatzen genizuen Auzitegi Gorenak baztertu egin zuela aurkeztutako helegitea, eta beraz, gure arrantzaleak ez omen dira terrorismoaren biktima bezala legez onartuak izango.
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zen iragan larunbatean mundu osoko hainbat txokotan, eta Bermeon ere jai mundiala egingo zela kontatzen genizuen, besteak beste Ken Zazpiren kontzertua ikusteko aukera izango baitzen. Joan al zineten? Horrela bada… Zelan egon zen? Taldearen orrialdean irakurri dugunez, mundiala izan omen zen! Kontatu kontatu…
Badakizue datorren abenduaren 11n Lau eta Erdiko final handia izango dela Aimar Olaizolaren eta Juan Martinez de Irujoren artean. Hitzordua Bilbon izango da eta EITB Kirolak azken egunotan gurean parte hartu du eta jakinarazi digu sarrera bat dutela zozkan eta orrialdearen jarraitzaile egiten diren guztien artean zozketatuko dela. “Abenduaren 9ko 12:00ak arte orri horren zale egiten zaretan guztien artean zozkatuko da sarrera. Sarrera hori Bilboko EITBren egoitzan jaso ahal izango da! Zorte on!!”, gaineratzen zuen. Badakizue, gu dagoeneko egin gara orrialdearen jarraitzaile eta finala doan ikusi nahi izatera, azkar ibili! 🙂
Leire Martinezek ondorengo hitzak uzten dizkigun Bermeoko Facebookeko orrialdean: “Zenbatek ospatuten zuie bidxar gabon txikidxe edo gabonatako lehenengo egune?”. Zer nolako ospakizuna zen galdetzen genion Leireri, izan ere, gabon txiki egun horren berri ez dugu! Iban Bilbaok ere iruzkina uzten zuen: “idearik pez zer da gabon txikidxe”. Ia ba, norbaitek ahalik eta azkarren erantzuten digun eta denok egunaz gozatzen dugun.
Amaitzeko Juan Duran agurtu behar dugu, izan ere, bere haurtzaroa eta gaztaroa Bermeon pasa zituela esaten zigun eta bere bihotzean beti eramango duela Bermeo ere jakinarazten zigun. “Ahhhh Bermeo, Bermeo. Cuantos recuerdos….cuanto te hecho de menos”. Badakizu, Juan, beti ongietorria izango zarela, beraz, nahi duzun arte!
Eta zuei, lagunok, mila esker Bermeoko kontuak komunitatean kontatzeagatik. Jarraitu zuen zalantzak, kexak edo Bermeoko albisteak gu guztiokin partekatzen. Guk zuek esandakoak blog honetan bilduko ditugu. Bitartean izan zoriontsu eta pozik bizi! 🙂