Categories: Tribuaren Berbak

Euskarak aisialdi egitasmoetara irten behar du

Euskararen inguruan egindako ikerketek esaten digute euskararen ezagutza hazten ari dela, haur eta gazteengan bereziki. Baina ingurura begiratuta, sarri entzuten ditugu gaztetxoak erdaraz kalean. Fenomeno hori aztertu du aste honetan Kike Amonarrizek gidatzen duen ‘Tribuaren Berbak’ saioak. Eskolan haur gehienek euskaraz ikasten badute, zergatik ez ditugu kalean horiek denak euskaraz aditzen?

Pablo Suberbiola soziologoa

Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika Klusterrak egindako Arrue ikerketa eskuetan hartuta hasi du ibilbidea ETB1eko saioak. Pablo Suberbiola soziologoarekin aztertu dituzte ikerketa honetatik ateratako datuak eta lehendabiziko datua da EAEko Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleen %60 euskaraz mintzatzen dela gelan ikaskideekin.

Haur horiei etxean nola aritzen dien galdetuz gero, %20k erantzun zuten euskaraz aritzen direla eta, lagunekin txateatu zuten azken aldiaz galdetuta, %26k erantzun zuen euskaraz izan zela.

Beraz, adin horretako gaztetxoek eskolan gehiago egiten dute euskaraz kalean baino. Gainera, adinean gora eginda, gelan euskaraz aritzen diren gazteen portzentajeak behera egiten du; 13-14 urtekoen artean adibidez %29k egiten du euskaraz eskolan.

Ondorioz, Suberbiolaren hitzetan eskolak eremu babestu bat ematen die haur eta gazteei bertan euskaraz aritzeko, baina kanpora irtetean bakoitzak inguruan gehien erabiltzen den hizkuntzari heltzen dio.

Txatxilipudi elkartea, Arrasate

Euskararen erabilera sustatu nahi baldin bada, komenigarria da gazteen aisialdiko ekintzetan eragitea. Eta hala egin dute hainbat herritako euskara zerbitzuetan eta euskara elkarteetan. Adibide bat Arrasateko Txatxilipurdi elkartekoa da. Aisialdirako ekimenak antolatzen dituzte: ludotekek, udalekuak… Alde batetik, kalera atera dituzte egitasmo horiek, gazteek euskara leku itxiekin erlazionatu ez dezaten. Eta bestetik, gazteei eurei hitza eman diete. Herriko plaza batean zer egin zitekeen gazteek eurek erabaki zuten eta erabakitakoa martxan jarri zuten. Hori guztia euskaraz.

Euskara zerbitzua, Lasarte

Lasarteko euskara zerbitzuan ere aspaldi ikasi zuten euskara aisialdi guneetan bultzatu behar dela, erabilera zabaldu dadin. Eta eman ditu fruituak; izan ere, dituzten datuen arabera 1986an %43 zen euskaraz ongi aritzeko gai eta gaur egun %86ra igo da kopuru hori. Martxan jarritako ekimenetako bat Kuadrilategi da. Gazteentzako aisialdiko ekintzak antolatzen dituzte, baina koadrilan eman behar dute izena, taldean hartu behar dute parte. Eta horrela, koadrilako hizkuntza ohituretan eragitea dute helburu.

Azkenik, Sarako Gozatuz bizi ekimenaren berri ere eman dute ‘Tribuaren Berbak’ saioan. Guraso eta haurrek aisialdi denbora elkarrekin eta euskaraz pasatzea du helburu egitasmo honek.

Izan ere, haurrak imitatzaile bikainak dira. Helduok egiten duguna errepikatzen dute etengabe, baita hizkuntza ohiturei dagokionean ere. Horregatik gure haurrek euskara erabili dezatela nahi badugu, helduok hasi behar dugu hizkuntzaren aldeko hautua egiten.

Hori argi dute Real Sociedad futbol taldean ere. Badakite haurren eta gazteen eredu direla eta balore asko zabaltzen dituztela, baita hizkuntza ohitura ere.

Realeko entrenatzaile eta jokalariak Kikerekin

Taldean erdia inguru euskaldunak dira, entrenatzailearengandik hasita. Hori dela eta, naturala da euskaraz aritzea Realeko jokalarientzat, nahiz eta euskaldunak ez direnekin erdaraz egiten duten. Eta horrela, euskaraz, agertzen dira jarraitzaileen aurrean ere.

Gainera, badakite euskarak bestelako abantailak ere badituela kanpoko taldeen aurka ari direnean batik bat. Etsaiek normalean ez dute ulertzen elkarri esaten diotena eta jokaldia komunikatzerakoan ondo etortzen zaie.

Jon Ansotegik dioen bezala alor guztietan bizi daiteke euskaraz. Erabiltzea da egin behar den bakarra.

Ikusi saio osoa

Go!azen

Share
Published by
Go!azen

Recent Posts

Eta birusa bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan! Euskal atsotitzekin jolasean

Sormena eta irudimena ez da falta egunotan gure inguruan. Etxean egon behar dugun honetan, ez…

4 years ago

Euskararen aldeko festa handia eta lipdub erraldoia, Tolosan

Galtzaundi euskara taldeak euskararen inguruko festa handia antolatu zuen iragan larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa). Ehunka euskaltzalek…

7 years ago

Txillardegiren lan osoa digitalizatuta, denon eskura

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza…

7 years ago

Euskal blogari onenaren bila, 12 finalista

Iparraldeko neska, Berbaratza, Ikusi makusi…zer ikusi?, Etzi pm bloga, Baloreak baloratzen, Hitzak airean, Taxoareko Hitza, Game Erauntsia, Kaixomaitia, ​Iparra, Sarean, Naturzalia dira Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren…

7 years ago

Amatxo, bularra lasai eta goxo emateko lekuak baditugu

Zenbaitetan albiste izan ohi de amaren bat bere umetxoari bularra emateagatik denda edo lokalen batetik…

7 years ago

Sorgina Txirulina, euskara ikasteko

Sorgina Txirulina (Erica Liquete) ekimenak euskaldunak ez diren pertsonek seme-alaben eta ipuinen laguntzaz euskara ikastea…

7 years ago