Categories: euskal kultura

Inauterietan jantzi etxean egindako euskal mozorroa!

Gabonak amaitzear daude eta 2013ari gogo biziz heldu nahi izan diogu euskararen blog honetan. Datorren otsailaren 7an hasi eta hilaren 12ra arte, Euskal Herriko txoko askotan inauteriak ospatuko dira. Gu ere inauteriei begira jarri gara, izan ere, mozorroek hamaika buruhauste ematen dizkigute, eta lana errazte aldera, euskal mozorroak egiteko eskuliburua aurkezten dizugu! Prest?? 🙂

TXATXOAK ETA MIEL OTXIN

Landa giroko jantziak izan behar dute, koloretsuak eta nabarmenak, beraz, etxean topatzen duzun  guztiak balioko dizu zure mozorroa egiteko: gortinak, zakuak, lepokoak, emakume jantziak, kapeluak… Eta behar beharrezkoa! Ondo estali aurpegia, ingurukoek ez ezagutzeko moduan.

Txatxoak daramaten panpina da Miel Otxin, ez da mozorroa, izan ere, egunaren amaiera erre egiten dute.

Txantxoak inauterietan. Argazkia: Dantzan

PERRETZAILEA

Zakuak zaharrak bildu eta eurekin egin dezakezu mozorroa. Gona edo galtzak egiteko aukera duzu, soinean, berriz, jaka edo pontxoak, zuk nahi duzuna, hori bai, beti kapela bat jarri buruan eta estali ondo aurpegia. Behin hori prest duzula, jarri gorputzean zintzilik etxean dituzun lanabes zaharrak, kateak, latak… eta egin zarata kalera irtetzean.

Perretzaileen mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Elkartea

SORGINA

Amonaren jantzi ilunak erabiliz egin dezakezu sorginaren mozorroa. Beste aukera bat baserritar jantzia erabiltzea da arropa ezberdinekin nahastuz: mantala, lepokoa, lumak, hezurrak, gorri koloreko azalak.. Oinetan abarkak jantzi eta hegan egiteko erratza ere garrantzitsuak dira. Beldur itxura handiagoa izateko, margotu aurpegia zuriz eta prest zaude! Izara zuri batekin buruko berezi bat egitea proposatzen dizugu silikona erabiliz. Argazki honetan errazago ikusiko duzu:

Sorginaren mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Elkartea.

MOMOTXORRO

Mozorro honen zailtasun nagusia burukoa da. Janzteko erabili maoizko prakak, zuri koloreko alkandora, abarkak eta odolez zikindutako mantala. Burukoa egiteko beharrezko osagaiak ondorengoak dira: adarrak, saskia, koltxoi zati bat, karoiak, ardi azala, narruzko bi gerriko, sardea eta zintzarria.  Argazkian ikusiko duzu zer nolako itxura hartuko duen zure mozorroak.

Momotxorroa. Argazkia: willwalkonwater1

ZIRIPOT

Lortu lau zaku, eta moztu horietako bat erditik. Zaku erdi bat josi beste zaku oso batekin, aurrekaldetik. Jantzi soinean buzo bat eta orkatilak eta eskuak ondo babestu lastorik sartu ez dadin. Zakuari zulo bat egin albo batean eta sartu lastoa, ahal adina. Bi hankak ere lastoz bete. Zakuari burua eta besoak sartzeko zuloak egin. Josteko ordua heldu da! Goiko zatia behekaldekoarekin josi, baina soilik aurrekaldea edo atzekaldea, oraindik lastoa sartzea falta baita. Goiko zatia ere lastoz ondo bete, kalean lurrean zehar ibiltzeko eta minik ez hartzeko. Geratzen dena josi, jarri aurpegia estaltzeko ehun zuri bat, lastozko kapela jantzi buruan, hartu makila eta ia oinez ibiltzeko gai zaren!

Ziripoten mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Taldea

Horiek guk jantzi ditugun mozorroak. Prest al duzu dagoeneko zurea? Ba azkar ibili, eta badakizu, dirua aurreztu nahi izatera, ez ahaztu zuk ere zure mozorro propioa egin dezakezula.:-) POZIK BIZI ETA BIZI INAUTERIAK EUSKAL GIROAN!

Alicia San Juan

Share
Published by
Alicia San Juan

Recent Posts

Eta birusa bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan! Euskal atsotitzekin jolasean

Sormena eta irudimena ez da falta egunotan gure inguruan. Etxean egon behar dugun honetan, ez…

4 years ago

Euskararen aldeko festa handia eta lipdub erraldoia, Tolosan

Galtzaundi euskara taldeak euskararen inguruko festa handia antolatu zuen iragan larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa). Ehunka euskaltzalek…

7 years ago

Txillardegiren lan osoa digitalizatuta, denon eskura

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza…

7 years ago

Euskal blogari onenaren bila, 12 finalista

Iparraldeko neska, Berbaratza, Ikusi makusi…zer ikusi?, Etzi pm bloga, Baloreak baloratzen, Hitzak airean, Taxoareko Hitza, Game Erauntsia, Kaixomaitia, ​Iparra, Sarean, Naturzalia dira Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren…

7 years ago

Amatxo, bularra lasai eta goxo emateko lekuak baditugu

Zenbaitetan albiste izan ohi de amaren bat bere umetxoari bularra emateagatik denda edo lokalen batetik…

7 years ago

Sorgina Txirulina, euskara ikasteko

Sorgina Txirulina (Erica Liquete) ekimenak euskaldunak ez diren pertsonek seme-alaben eta ipuinen laguntzaz euskara ikastea…

7 years ago