Esloveniako ‘ezabatuak’

Ljubljana, Esloveniako hiriburua. Irudia: Juanma Gallego

Ljubljana, Esloveniako hiriburua. Irudia: Juanma Gallego

Egun batetik bestera gertatu da. Bat batean. Erregistroetatik desagertu zara. Ofizialki ez zara existitzen. Paperik gabeko pertsona bihurtu zara. Ez-herritarra.

Ez da film batetik hartutako irudia, ezta Kafkaren ipuin baten hasiera ere. Orain dela hogei urte inguru Europan bertan izandako errealitate gordina baizik. 1990eko ekainaren 25ean Esloveniak independentzia aldarrikatu zuenean, Jugoslaviaren parte izandako errepublikak ez zuen aparteko arazorik izan burujabetasuna lortzeko. Jugoslaviako armada federalarekin izandako gerrak hamar egun inguru iraun zituen eta tanke federalek laster alde egin zuten. ‘Kamioien gerra’ deitu izan zaio ere, herrialdetik pasatzen ziren hainbat kamioiei altu eman eta tankeen aurkako barrikada gisa erabili zituztelako. Kamioilari turkiarrak izan ziren bereziki portaera horren biktimak, Alemania eta Europako beste hainbat herrialdeetako matrikulak zituztenak bide irekia zuten bitartean.

Esloveniarrek automatikoki eskuratu zuten hiritartasuna. Italia, Hungaria eta Austriako  etorkinei erresidentzia baimena eman zitzaien baina Jugoslaviako gainontzeko errepubliketan jaiotakoek sei hilabeteko epea izan zuten hiritartasuna eskuratzeko. 170.000 bat lagunek paperak lortu zituzten baina 25.000 inguruk ez zuten hiritartasuna eskuratu. Batzuek jugoslaviar izaten jarraitu nahi zuten, beste batzuek lege horren berri ez zuten izan eta beste hainbat eta hainbatek arazo larriak izan zituzten gerra betean ziren bere jatorrizko errepubliketan agiriak eskuratzeko.

Bi urte geroago, 1992an, Esloveniako agintariek independentziaren garaiko sei hilabete horietan esloveniar nazionalitatea eskatu ez zuten hiritar guztiak erregistro ofizialetatik ezabatu zituzten. Osasuna, gizarte segurantza, hezkuntza eta batzutan lanik gabe ere gelditu ziren gehienak. Sekretupean egin zuten, afektatuei horren berri eman gabe. “Garbiketa etniko administratiboa” izan zen, Francisco Veiga Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslearen hitzetan.

Eslovenia 2004an Europar Batasunean onartua izan arren, 2010. urtera arte ez zen onartu egindakoa giza eskubideen urraketa izan zela. Urte horretan Esloveniako Parlamentuak barkamena eskatu zuen, baina ia hogei urtez eskubiderik gabeko herritar izandakoei ez zitzaien inolako ordainik eskaini.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online