Lehen gerra biologikoa

Veneziak guda biologikoa ez erabiltzea erabaki zuen. Irudia: Juanma Gallego

Veneziak guda biologikoa ez erabiltzea erabaki zuen. Irudia: Juanma Gallego

1649an mediku batek Veneziako agintarien aurrean bere burua aurkeztu zuen. Ez dakigu bere izena baina antza, abertzaletsunak jota, bere asmakizun bat Estatuaren eskuetan jarri nahi zuen: izurri-esentzia. Bere ideia sinplea bezain maltzurra zen. La Serenisimaren areriorik handiena zen Inperio Otomanoaren lurraldetan berak asmatutako potingeaz kutsatutako oihalak salgai jartzea zen bere nahia. Horrela turkiarren artean gaixotasuna eta heriotza zabalduko ziren denbora gutxian.

Veneziako agintariek ez zuten asmakizuna martxan jarri, baina badaezpada ere asmatzailea kartzelan sartu zuten. Asmakizun hori arerioaren eskuetan eroriz gero, agian beraiek ez zuten izango hainbeste erreparo arma mota hori martxan jartzeko.

Gerra bakteriologikoa zen azken finean. Baina hura ez zuten veneziarrek asmatu. Kristo jaio baino zenbait mende lehenago ere gerra zikin eta krudel hau erabiltzen zen jada. Asiriarrek, adibidez, setiatutako hirien erresistentzia errotik suntsitzeko asmoz edateko ura kutsatzen zuten eta Homerok berak deskribatzen du zelan greziarrek pozoiutako geziak jaurtitzen zituzten batailetan.

Baina seguruenera guda biologikoaren maila handiko lehen operazioa mongoliarrek 1346an Caffa hiriaren aurka erabili zutena izan zen. Urte horretan Krimeako penintsulan kokatutako genovaterren kolonia hori setiatzen zuen mongoliarren armadan izurrite bat zabaldu zen. Mongoliarrak gidatzen zituen Jani Beng buruzagiak ideia maltzurra izan zuen orduan. Hildako lagunen zerraldoak katapulten bitartez hiri barrura jaurtitzea agindu zuen izurria bertan zabaltzeko.

Seguruenez setioen nondik-norakoak ulertzen ez dituzten arratoiek ere haien eragina izan zuten izurrite hori Caffan zabaltzeko. Dena dela, Jani Beng-en planak bere fruituak eman zituen, baina ondorioak guztiz deskontrolatu ziren. Caffatik ihesi ehunka lagunek Europako hainbat portura errefuxiatu gisa heltzea lortu zuten, baina beraiekin batera nahigabean heriotza eta sufrimendua zeramatzaten ere. Urte gutxitan Europa osoan izurritea zabaldu zen. Ondorio latzak izan ziren. Guztiz zaila da kalkulatzea izurri beltzak eragindako biktimak, baina Europako populazioaren heren bat hil zela kalkulatzen da: hogei bat milioi lagun inguru. Agian horren oroimena erabakiorra izan zen agintari veneziarrrek zenbait mende geroago hartu zuten erabakia ulertzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online