Mayak, istripu nuklear ahaztua

Erradiazio abisua Cheliabinsk-en. Irudia: Alla Slapovskaya / Alisa Nikulina /Ecodefense

Erradiazio abisua Cheliabinsk-en. Irudia: Alla Slapovskaya / Alisa Nikulina /Ecodefense

Hogei urtez ezkutuan mantendu zen. Bai agintari sobietarrek zein CIAk horren berri bazuten ere, iritzi publikoaren aurrean itzalpean mantendu zuten. Istripu lazgarria izan zen: oraindik asko ezagutzen ez zen indarra esku artean lehertu zitzaien sobietarrei.

Errusiarrek Ural mendien inguruetan zeukaten garai horretan nuklear industria garrantzitsu bat. Bigarren Mundu Gerran Ural mendien mendebaldean zegoen industria gehiena mendikatearen bestealdera eraman zuten Alemaniarren esku ez erortzeko, eta guda bukatu ostean zonaldeak bere garrantzi estrategikoa mantendu zuen.  Gaur egun ere industria horrek badu bertan bere pisua.

Aro atomikoa ireki berri zela, bertan eraiki zituzten plutonioa sortzeko beharrezkoak ziren azpiegiturak. Lan gogor eta arriskutsu hori burutzeko agintari estalinistek gerra prisioneroak behartu zituzten. Lehen urteetan zabor erradioaktiboak Techar ibaira eta Karachai lakura zuzenean bota zituzten. Azken hau munduko leku kutsatuena da zenbaiten iritziz. Isurketa hauek inguruetako populazioaren osasuna eta ingurumena errotik kaskartu zituzten.

Baina arazoa askoz handiagoa bihurtu zen 1957ko iraila bukatzean zela. Erregai nuklearrak birprozesatzeko Mayak izeneko gunean eztanda bat egon zen. Material erradioaktiboa gordetzen duen biltegi baten hozte-sistemak huts egin zuen eta ondorioz 70 eta 100 tona TNT inguruko tamainako leherketa izugarria izan zen.  Ezbeharrak ehundaka hildako eragin zituen eta baita milaka eta milaka zauritu eta desplazatu ere. Kutsatutako zonaldea 20.000 kilometro karratukoa izan zela uste da. Zaila da hala ere zifrak zehaztea. Izan ere, afektatuez gain, hogei urtez oso pertsona gutxik izan zuten horren berri.

Londresen errefuxiatua zegoen Zhores Medvedev biokimikari errusiarra izan zen munduari istripu horren esistentziaz ohartarazi zion lehena. New Scientist aldizkarian egin zuen salaketa 1976an. Sobiet Batasunean bizi zenean zenbait testigantza entzun zituen, baina istripuaren nondik norakoak argitzeko detektibe lanaren antzeko bideak jorratu behar izan zituen. Agintari sobietarrek ikerketa partzialak ahalbideratu zituzten, erradiazioak sortutako eraginen inguruan. Baina inork ezin zuen izan osotasunaren berri. Horrela sekretua hogei urtez mantentzea lortu zuten. Urte batzuk geroago Chernobilen izandako beste istripuak Mayaken izandako leherketa historiaren alde ilunera bidali zuen.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online