Aita Santuaren zaindariak

Suitzarrek baino ezin dute parte hartu Goardia Suitzarrean. Irudia: Juanma Gallego

Suitzarrek baino ezin dute parte hartu Goardia Suitzarrean. Irudia: Juanma Gallego

Munduko estatu txikiena izanda, Europan dagoen monarkia absolutista bakarrak nazioarteko politikagintzan mantentzen duen eragina nabaria da. Aita Santuaren gidaritzapean, 1929. urtean Mussolini diktadoreak eta Pio XI.ak adostu zuten hitzarmen batean oinarritzen da gaur egungo estatusa.

Bi segurtasun indar ezberdin arduratzen dira hain toki txiki bezain garrantzitsua zaintzeaz. Batetik “Corpo della Gendarmeria” deritzona dago, Vatikanoaren jauregitik kanpo lan egin eta estatuaren segurtasuna bere gain hartzen duten poliziak. “Papamobilaren” atzetik korrika ibiltzen diren urdinez jantzitako trajedunak dira hauek eta “vigiliak” izenarekin ere ezagutzen zaie.

Bigarren segurtasun indarra askoz ospetsuagoa da, dudarik gabe: Goardia suitzarra alegia. Errenazimenduaren garaiko Miguel Angelek asmatu zuen hauek eraman ohi duten jantzi marradun koloretsua. Jantziari eskuetan daramaten lantza gehitzen badiogu, zalantzarik ez dago iraganekoa ematen duen armada baten aurrean gaudela. Berez Goardia Suitzarrak zaintza tradizionalaren papera egiten du, baina Aita Santuaren bizkartzainak ere badira. 1506an Julio II.ak asmatu zuen eta bere garaian benetako armada bazen ere, orain munduko armadarik txikiena da.

Hain antzerako funtzioak izanda, normala da pentsatzea bi segurtasun gorputz hauen artean “konpetentzia” arazoak izaten direla. Are gehiago, vatikanologo askok diotenez, kooperazio gutxi ematen da hain metro karratu gutxitan eskuz esku lan egin behar duten bi talde hauen artean.

1998ko maiatzaren 4ean segurtasun indar hauekin erlazionatutako hiru lagun hilik agertu zirenean askok bi gorputz hauen arteko tirabirak ikusi zituzten abiapuntuan. Goardia Suitzarraren komandantea zen Alois Estermann, Gladys Mesa Romero bere emaztea eta Cedric Tornay kabo bigarrenaren zerraldoak Vatikanoaren geletan azaldu ziren. Hedabideen garaian Jainkoaren etxean bertan horrenbeste odola azaltzeak mundu osoa aztoratu zuen. Vatikanoak berehala krimen pasionaltzat jo zuen gertaera, baina oraindik ere argitu gabeko krimenak dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online