Alcatrazen erretiroa

Zaintza zorrotza zegoen Alcatrazen. Irudia: Juanma Gallego

Zaintza zorrotza zegoen Alkatrazen. Irudia: Juanma Gallego

Ia hiru hamarkadaz Ameriketako Estatu Batuetako gaizkilerik arriskutsuenak bertan eman zituzten haien erruak penatzeko urteak. Al Capone, George “Machine Gun” Kelly edo Robert Stroud bezalako preso ospetsuek kartzela horren inguruko mitoa zabaltzen lagundu zuten. Orain gutxi 50 urte bete dira ‘Deabruaren Uhartea’ eta ‘Harkaitza’ izenez ere ezagutu zen leku horretan eraikitako penala bertan behera utzi zutenetik.

Arras zaila da aurkitzea segurtasun handiko presondegi bat eraikitzeko leku aproposagorik. San Frantziskoko badiaren ur izoztuen erdialdean kokatuta eta korronte indartsuez inguratuta, uharteak berehala bereganatu zuen militarren arreta. Horrela, 1847an San Frantziskoko badia defenditzeko kanoiak ezarri zituzten Alcatrazen eta Ozeano Bareko kostaldeko lehen itsasargia ere bertan eraiki zuten. Urrearen sukarra deitutakoa puri-purian zegoen garai horretan, eta militarrek kosta ahala kosta Kalifornia babestu nahi zuten.

Urteren poderioz, ordea, Alcatrazen jarritako forteak bere zentzu estrategikoa galdu zuen. Balistikan izandako aurrapenek gotorlekuaren balioa gutxitu zuten. Baina XX. mendean agintari estatubatuarrek segurtasun handiko kartzela eraikitzea erabaki zuten.

Bertan ziren presoek herrialde osoko baldintzarik gogorrenetan bizi ziren. Beste kartzeletan batazbestez 12 presoko goardia bat bazegoen ere, Alcatrazen hiru presoko goardia bana zegoen. 90 zaindari inguruk egunero hamabi kontaketa egiten zituzten eta diziplina arazorik txikiena agertzen zuten presoak berehala isolatze ziegetara bidaltzen zituzten.

Horrenbeste segurtasun neurriek, ordea, ez zuten gutxitu zenbait presoek alde egiteko zuten nahia. 36 preso ihes egiten ahalegindu ziren 14 saiakeretan. Horietatik 23 atxilotuak izan ziren, sei tiroz hil zituzten eta beste lau uretan ito ziren. Baina mende erdia igaro bada ere, oraindik ere ez dago argi zer gertatu zen gainontzeko hirurekin. Frank Morris eta Anglin anaiek ihesaldia burutu zuten 1962an. Behin betirako desagertu ziren. Aditu gehienek uste dute onik ateratzerik ez zutela lortu, eta San Frantsizkoko badiaren ur hotzetan ito zirela. Baina haien gorpuak aurkitu ez zirenez, ezinezkoa da jakitea ihesaldiak arrakastarik izan ote zuen ala ez.

Gaur egun eraikina bisita daiteke. Irudia: Juanma Gallego

Gaur egun eraikina bisita daiteke. Irudia: Juanma Gallego

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online