Gioconda berria

Madrilgo El Pradoko museoan dago Gioconda berria.

Madrilgo El Prado museoan dago Gioconda berria.

Aldi berean margotu ziren biak. Tailer bakarrean. Maisua eta ikaslea eskuz esku aritu ziren zeregin horretan. Maisuak margolanaren sortze prozesuan atzera egiten zuenean gauza bera egiten zuen ikasleak. Horrela sortu ziren bi Gioconda ezberdin. Oso patu ezberdina izan zuten koadroak izan ziren, ordea.

Batak ospe handia eskuratu zuen eta ikono unibertsala bilakatu zen. Mona Lisa Louvreko izarra da oraindik ere. Bigarrenak, aldiz, distira handirik gabe eman zituen bere urte gehienak Madrilgo El Prado museoan erakusten diren 1.300 artelanen artean. Bazterketa horren arrazoia: kopia hutsa omen zen.

Baina ez.

2010an El Pradoko adituek artearen historia irauli zuen aurkikuntza egin zuten. Giocondaren kopiatzat jotzen zen koadroa zaharberritzeko lanak hasi zituztenean paisaia bat igartzen hasi zen fondo beltzaren atzean. Ezinezkoa zen, baina hala ere hor zegoen. Erreflektografia izeneko teknikaz egindako esplorazioak hor behealdean zeozer berezia egon behar zela erakusten zuen. Ondoren egindako garbiketak hipotesi hori baieztatu zuen. Norbaitek aspaldi geruza beltz batez estalia zuen Lisa Gherardiniren atzealdean zegoen paisaia izugarria.

Ana Gonzalez Mozo eta Almudena Sanchez El Pradoko adituek bi urte lanean eman zituzten margolanak orain dela bost mende zuen antzeko itxura berreskuratu arte. Almudena Sanchez zaharberritzailearen iritziz Leonardo Da Vincik oso argi zuen hasieratik berak egindako Gioconda ez ziola inoiz emango erretratuaren eskaria egina zuen Francesco del Giocondori. Leonardok Louvren erakutsitako Gioconda beretzako gorde nahi izan zuen. Emakumearen irudiaren idealizazioa egin zuen Toscanako artistak.

Peio H. Riaño kazetariak ‘La otra Gioconda’ (Debate) liburuan aurkikuntza zoragarri horren inguruko kontaketa bizia eta interesgarria egin du. Leonardoren artelanik famatuena ezagutzeko parada ematen du kontakizunak baina baita artearen mundu hertsira hurbiltzeko bidea eman ere.

Irudia garbitu ostean originalarekiko antza asko handitu da. Irudia: Louvre / El Prado / Juanma Gallego

Irudia garbitu ostean originalarekiko antza asko handitu da. Irudia: Louvre / El Prado / Juanma Gallego

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online