Arroila Handia, ‘baliorik gabeko’ hura

Kolorado, Arizona eta Kalifornia zeharkatzen ditu arroilak. Irudia: Juanma Gallego

Kolorado, Arizona eta Kalifornia zeharkatzen ditu arroilak. Irudia: Juanma Gallego

Garcia Lopez de Cardenas kapitain espainiarrak aurrean zuen espektakulua ez zen nolanahikoa. 1540eko abuztuaren 15a zen, eta bera eta berarekin batera zihoazenak izan ziren Arroila Handia ikusi zuten lehen europarrak. Espedizioan parte hartzen zutenetako batzuk arroila jaisten saiatu ziren. Egun osoa eman zuten zeregin horretan, baina bidearen heren bat egitea baino ez zuten lortu. Horregatik buelta eman behar izan zuten, goialdetik gizaki baten tamainakoak ziruditen harkaitzak Sevillako dorrea baino handiagoak zirela ikusita.

Hala ere, Lopez de Cardenas eta Francisco Vazquez de Coronadoren espedizioan parte hartzen zutenak bestelako harribitxien bila ari ziren: Zibolako Zazpi Hirietara heltzea zen haien asmoa, garai horretan konkistatzaile guztien ahoan zegoen Eldorado antzeko bat. Horregatik arroila atzean utzi eta haien abentura lazgarria jarraitu zuten. Joseph Christmas Ives (1829-1868) tenientea izan zen hara heldu zen lehen iparramerikar zuria, baina Kolorado ibaiak sorraraziko zauri erraldoiari ez zion garrantzi gehiegirik eman. “Zonaldeak ez dauka inolako baliorik. Gure espedizioa izan da toki hau bisitatu duen lehena eta dudarik gabe berau egingo duen azkena izango da ere. Badirudi naturaren asmoa dela arroila bisitatua ez izatea”.

Ez dakigu Ives militar trebea ote zen, baina argi dago igarle gisa desastre hutsa zela. Gaur egun ia bost milioi lagunek Arroila Handia bisitatzen dute urtero, mundu osoan naturak eskaintzen duen ikuskizun ikaragarrienetakoa dela jakinda. Arroilak 400 kilometro inguru ditu eta Kolorado, Arizona eta Kaliforniako estatuak zeharkatzen ditu. Bere adin zehatza jakitea zaila bada ere, Mexiko Berriko Unibertsitatean egindako azken ikerketek 17 milioi urte dituela diote.

Airetik ikusita, arroila are harrigarriagoa da. Irudia: Juanma Gallego

Airetik ikusita, arroila are harrigarriagoa da. Irudia: Juanma Gallego

Arroilaz gozatzeko behatoki asko dago, baina dudarik gabe hura airetik ikustean konturatu gaitezke bere handitasunaz. Behealdean berdea eta okrea nahasten dira eta eguzkiaren argiak kontraste bitxiak sortzen ditu. Ehundaka ibarbide txikik Kolorado ibaiak egindako bidearekin bat egiten dute eta paisaia errei eta zimurrez osaturiko artelan bitxia bihurtzen da.

Uranioaren meatzaritza da azken urteetan arroilaren etsai nagusienetako bat, mineral hori nahiko ugaria baita bere inguruetan. Hala ere Ameriketako Estatu Batuetako ekologistek zein herritar askok jakin badakite naturaren altxor hau defendatu eta zaindu behar dutela kosta.

Urtero ia bost milio lagunek arroila bisitatzen dute. Irudia: Juanma Gallego

Ia bost milioi lagunek arroila bisitatzen dute urtero. Irudia: Juanma Gallego

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online