Tag Archives: ebeuskadi

Maximo Gavetek EBEuskadi13 kartela diseinatu du

Maximo Gavete (@omixan) irudi korporatiboan eta argitalpen-diseinuan espezializatutako diseinatzaile grafikoak #EBEuskadi13 kartela diseinatu du. Lan hau #EBECiudades proiektu orokorraren baitan dago.

Maximok #EBEuskadiko kartelaren ezaugarriak azaldu ditu: “Grafikoak berrikuntza, norabide aldaketa eta mugikortasuna sinbolizatu nahi du borobil moduko baten bidez. Krisia atzean utzi nahi duen eta aurrera eramaten gaituen helize modukoa da grafikoa. Uhinek aldaketa etengabea sinbolizatu nahi dituzte. Nerbioi itsasadarraren eta Guadalquivir ibaiaren bidez Bilbo eta Sevilla elkartzea du helburu. Koloreek EBEren unibertsokoak izaten jarraitzen dute, eta horia du horren nortasuna ispilu”.

Zuetako askok dakizuenez, Maximo Gavetek izan du EBE12 ekitaldian aurkeztu zuten EBE markaren irudia aldatzeko ardura. “EBE markak ekitaldiaren egunetan izaten den argia, kolorea, aniztasuna eta energia islatu behar ditu, eta, era berean, dagoeneko geure egin dugun sinboloari eutsi behar dio: luma-muturrari. Sinplifikatuta bada ere, horri ere eutsi diogu idazkerarekin lotzeko, hori baita webean komunikazioaren bizkarrezurra”. Logoa Bartzelona eta Bilboko ekitaldietara moldatu izanak berretsi baino ez du egiten azalpen hau.

EBEuskadi13 kartela

EBEuskadi13 kartela

Vueling eta Coca-Cola, EBEuskadi13 ekitaldiko laguntzaileak

Vuelingek eta Coca-Colak bat egin dute EBEuskadi13 maiatzaren 11an EiTBko Bilboko egoitzan “Bilatu zure aukerak” lelopean egingo den ekitaldiarekin. Bata zein bestea EBEuskadiren lehen edizioan ere izan genituen bidaia-lagun; iaz, hain zuzen ere. Eta biak ala biak EBEren ekitaldi gehienen laguntzaile dira.

vuelinglogo_coca_cola

Vuelingek 30.000 fan baino gehiago ditu Facebook sarean, eta 76.000 jarraitzailetik gora Twitter-en. Espainiako enpresen artean esparrua hauetan gehien mugitzen direnen artean dago Vueling. Izan ere, sortu zenetik esaprru berrietan mugiktzeko grina agertu du. 2004an jaio zen eta  ordutik  www.vueling.com webgunea izan zuen salmenta-gune nagusia. Gerora, bide beretik, app sortu du bezeroarengandik hgutrbilago egote eta ahalik eta zerbitzurik onena emateko asmoz. Youtube-n ere egon badaude.

Berrikuntzaren alde eginiko lanagatik Value Airline saria jaso zuen ATW Nazioarteko Sarietan. Sari hauek Air Transport World aldizkariak ematen ditu; alor honetan munduan dagoen garrantzitsuena, hain zuzen ere.

Coca-Cola, Sare Sozialetan ere erraldoia

Coca-Cola nazioarteko edarien konpainia erraldoia da; munud osoan fisikoki egoteaz gain, sare sozialetan ere halako tamaina du.  Facebook sarean 50 milioi jarraitzaile ditu. Honelako marka lortu duen teknologia alorretik ez datorren lehen konpainia da.

David Sifry: ‘Arrakasta izateko, gauza bakar batera mugatu behar duzu’

‘Web soziala, produktua edo zerbitzua’ lelopean, Interneteko adituak eta arituak batu dira, gaur, Bilbon, EBEuskadi ekimenean. Web sozialaren oraina eta etorkizuna izan dute mintzagai. Goiz parteko saioa, lau hitzaldik osatu dute, eta protagonista nagusia, dudarik gabe, David Sifry Technorati munduko blog bilatzaile ezagunenaren sortzailea izan da.

Sifry eta Uribe-Etxebarria, EBEuskadiko antolatzaileekin eta laguntzaileekin

Sifry eta Uribe-Etxebarria, EBEuskadiko antolatzaileekin eta laguntzaileekin

Xabier Uribe-Etxebarria lagun eta kolaboratzailearekin batera, interneten negozio batek arrakasta izateko gakoak zeintzuk diren azaldu ditu; ‘lehenik eta behin, gauza bakar batera mugatu behar duzu zure egitekoa’ eta ‘jarrera positiboa eta talentua behar beharrezkoak dira’. Horiexek dira, hitzez hitz, internauta ezagunaren hitzetan, arrakastaren gako nagusiak.

‘Inguruak ere, noski, lagundu egin behar du’, gaineratu du Uribe-Etxebarriak, Anboto enpresaren sortzaileak. Bere aholkua, honakoa: ‘negozio plana bakoitzak berea idatzi behar du, eta ondoren, beldurrik gabe, ate-joka hasi’. Halaber, ‘langileak zaindu’ egin behar direla esan dute Sifryk eta Uribe-Etxeberriak . ‘Zaindu eta langileengandik ikasi. Ez dira langile hutsak, enpresaren kulturaren transmisoreak dira’.

‘Facebook y Tuenti, ahitzen’

Markek sare sozialetan dituzten mugen inguruko hitzaldia etorri da ondoren, Felipe Romeroren eskutik, Estatuko merkatu aztertzaile ezagunenetakoa. The Cocktail Analysis enpresaren sortzailea eta zuzendaria da Romero, eta bere eskarmentuak emandako irakaspenak azaldu ditu. Bi ondorio nagusi jarri ditu mahai gainean: modako sare sozial guztietan egon beharrik ez dago eta hain modan ez dauden beste sare sozial batzuk egon badaude, blogak eta foroak, esaterako, markei begira oso eraginkorrak direnak. Azken bi urteotan, bestalde, Facebook eta Tuenti bezalako sare sozialak ahitzen ari direla esan du. Twitter, berriz, hazten ari den sarea da. Hain zuzen, Tuentitik Twitterrera geroz eta gazte gehiago omen doaz.’Garai batean telebistak ematen ziguna ematen digu gaur Twitterrek; hizketarako gaia. Kalean zertaz hitz egin dezakedan esaten dit’.

Romeroren saioaren ostean, Mikel Agirregabiriak hartu du hitza. Agerraldi labur batean, Blogeu Euskadiko Blogarien Elkartea aurkeztu du. Ondoren, Diana Gonzalezen txanda iritsi da; EBEuskadik gaurko ekimenerako aukeratu dituen sei web proiektuak banan bana aurkeztu ditu. Egitasmo berritzaileak eta interesgarriak, inondik ere:Socialitas, DADA Company, Dokkus, Workmunity, Me The One eta Guggenheim Bilbao Webgunea ( Novisline) ezagutzeko aukera izan dute gaurko ekimenera hurbildu diren guztiek.

Euskarak badu lekua interneteko negozioetan

Goizeko saioari amaiera Luistxo Fernandezek eta Nagore Guarrotxenak eman diote. ‘Euskararen negozio digitala’ izenburupean, CodeSyntax eta Akting enpresen zertzeladak plazaratu dituzte. Euskara punta puntako egitasmo teknologikoetan dago eta etorkizunari baikor begiratzen diote, euskarak baduelako lekua interneteko proiektu aurreratuenetan.

EBEuskadi iruditan ikusteko, horra argazki galeria eta bideoa.

David Sifry, Technorati-ren sortzailea, EBEuskadin egongo da

Jakin bagenekien nazioarteko izen handi bat izango zela EBEuskadiren parte hartzaileen artean, eta gaur baieztatu digute albistea: Technorati, blogen bilatzailerik ezagunenaren sortzailea, David Sifry (@dsifry), Bilbon izango da datorren larunbatean, EBEuskadi ekimenean. Lehenaz gain, egitarau benetan erakargarria bertan izango garenentzako, hizlarien zerrenda ez baita nolanahikoa.

dave-sifry_pequeAski ezaguna da Sifryren ibilbidea; berrikuntza teknologiko orori begira, intenerneten buru belarri dihardu lanean. Technorati da bere proiekturik ezagunena, baina beste hainbat ekimen ere baditu eskuartean. Besteak beste, duela gutxi, Offbeat Guides sortu du, 30.000tik gora leku turistikori buruzko informazio pertsonalizatua sortzen eta bideratzen duen sistema.

Gurean hain ezaguna den Xabier Uribe-Etxeberria (@uribeetxebarria), Anboto Group-en sortzailea, gertutik ezagutzen David Sifryk. Elkarrekin hainbat proiektutan aritu izan dira lanean. Hain justu, Uribe-Etxeberriak ahalbideratu du Sifryk bere agendan EBEuskadiri lekua eskaintzea.

Web sozialen esparruan, batez ere, lidergoaren garapenean eta hedabide digitalek sortutako eraldaketan, oso ezaguna da Technoratiko zuzendaria. Word Economic Forum eta Linux International ekimen aitzindarietan ere parte hartu du.

Blogeu-ren eta EBEuskadi-ren elkarlana

Blogeu-k (Euskadiko Blogarien Elkartea) hasieratik eskaini dio babesa eta elkarlana EBEuskadiri; ekimenaren antolakuntzan eta zabalkuntzan eskaini zigun laguntza, eta horretan ari da. Eskertzeko laguntza, dudarik gabe.

Blogeu-ren logoa

Blogeu-ren logoa


Blogeu elkarte jaio berria da. 2011ko azaroaren 5ean egin zuen lehendabiziko ekitaldi publikoa. GetxoBlog-en III. Batzarraren baitan egindako eztabaida batean hartu zuen parte Euskadiko Blogarien Elkarteak.

Mikroblogginaren garaiotan, blogak esperientziak partekatzeko, eztabaida sortzeko eta ekimenak proposatzeko tresnak eta guneak direla aldarrikatzen du Blogeu-k. Nolabait, modako sare sozialetan ezinezkoak diren hausnarketak egiteko guneak dira blogak, Elkarte honen hitzetan.
Gizarteko alor ezberdinak jorratzen dituzten eta iritzi sortzaileak diren blogariek tarteka biltzea eta euren arteko eztabaida piztea da Blogeu-n helburua. Euren lana gertutik ezagutzea nahi baduzu, klikatu hemen.

‘Sare sozialak eta marken mugak’, EBEuskadin

Felipe-Romero-Foto-150x150#EBEuskadiko egitarau zabalari buruzko xehetasunak ezagutzen ari gara, apurka apurka. Azken berria, horra: Estatuko merkatu-analista ezagunenetakoa den Felipe Romero (@flpromero) etorriko da #EBEuskadira, sare sozialetan marken erabileraz hitz egitera. The Cocktail Analysis enpresaren sortzaileetako eta zuzendaria da Romero. Dakizuenez, eitb.comen laguntzarekin, maiatzaren 12an egingo da blogei buruzko ekimen hau Bilbon, EITBren egoitzan. Romeroren hitzaldia goiz partean izango da, 11:30etatik 12:15era.

Kontsumoari, merkatuari eta sare sozialei buruz hamaika artikulu idatzi ditu Felipek, besteak beste, El Pais egunkarian duen blogean. Bere ustez, gure kontsumo ohiturek erakusten dute munduan dugun lekua; hau da, kontsumoaren arabera ezartzen ditugu harremanak geure buruarekin, ingurukoekin eta planeta osoarekin. Markekin eta produktuekin dugun hartu-emanak agerian uzten ei du kontsumo gizarte honetan dugun tokia.

Zerbait erostera doanean, kontsumitzaileak jakin badaki zer nahi duen, zenbat balio duen eta zenbateraino ordaintzeko prest dagoen. Informazio guztia dauka. Kontsumo ohiturak modu askotara aldatzen ditu Internetek; erosi nahi duzun produktu horretara berehala iristen zara, baina, aldi berean, datu guztiak berehala izate horrek hausnartzera eta konparatzera bultzatzen zaitu. Beste aukera batzuk ikustera eramaten zaitu Internetek. Hala, Romeroren arabera, kontsumitzaileak orain crossumers-ak dira, bigarren belaunaldiko kontsumitzaileak. Merkatu-analista den heinean, beraz, gizarte kontsumoan sare sozialek duten eragina aztertzen ari da. Horretaz guztiaz hitz egingo du #EBEuskadin.

Web proiektuak aurkezteko epea zabalik

Sei web egitasmo aurkeztuko dira #EBEuskadi ekimenean. Parte hartu nahi baduzu, bidali zure proiektua, epea zabalik dago eta. Ondorengo lerrootan azalduko dizkizuegu proiektuek bete behar dituzten baldintzak. ordenagailua

Dakizuenez, maiatzaren 12an egingo da #EBEuskadi, Bilbon. Jardunaldi horietan, web egitasmo berriei tarte berezia eskainiko diegu. Iruri Knörrek (@iruri) aurkeztuko ditu aukeratutako egitasmoak eta webguneen egileekin ere berak hitz egingo du.

EBEuskadin aurkezteko moduko proiektu berritzaile bat eskuartean baduzu edota teknologia berriekin lotutako negozio eredu aitzindari batean buru belarri sartuta bazaude, ez dudarik egin, bidali zure proposamena eta EBEuskadira etorriko den publiko adituaren aurrean aurkezteko aukera izango duzu.

Proiektuen aurkezpena

Parte har dezaketen produktuak: Software eta hardward.Internetekin lotura zuzena duen edozein produktu aurkez daiteke, merkaturatzeko prest dagoena edota duela gutxi aireratutakoa. Hala nola, oraindik gauzatu gabe egon arren, ondo landutako proiektu edo ideia berritzaileek ere badute lekua EBEuskadin.

Proiektuak nora bidali

Apirilaren 10etik 24ra bitartean jasoko dira egitasmoak helbide honetan. Orrialde bakar batean proiektuaren laburpena azalduko beharko da ondoko datuekin:

1.- Produktuaren edo zerbitzuaren azalpena
2.- Balio erantsia
3.- Merkatua: nori zuzendua dagoen
4.- Antzeko ekimenak

Proiektuen aukeraketa

Esan bezala, jasotako egitasmo guztietatik sei aukeratuko dira, zerbait berezia eta berria eskaintzen duten sei proiektu. Apirilaren 24tik 30era bitarte jarriko gara harremanetan aukeratuko proiektuen egileekin, aurkezpenaren nondik norakoak azaltzeko.

EBEuskadi, web sozialen etorkizunari begirada

EBECiudades ekimenak iaz hasi zuen bidaia hiriburuetan barrena, EBEMadrid-ekin. Sevillan duela sei urte martxan jarritako EBE jardunaldiak ezagutzera ematea du xede. Aurten, Bilbon da hitzordua: maiatzaren 12an egingo da EBEuskadi ekitaldia.

EBE formatu txikiagoan, baino oinarrizko filosofiari eutsita, hiriburu ezberdinetan aurkeztea da helburua. Interneten egunero sortzen denaz sakontzea eta informazioa partekatzea da jardunaldi hauen egitekoa. Berrikuntzek eta aurrerapen teknologikoek gure egunerokoan duten eraginaz hitz egitearen garrantzia nabarmendu nahi da.

EBE 2011 (Sevilla)

EBE 2011 (Sevilla)

‘Web Soziala, produktua ala zerbitzua?’

EITBren laguntzarekin antolatu dugu EBEuskadi ekimena. Hain zuzen, EITBk Bilbon duen egoitzan (Multibox aretoan) izango da ekitaldia, goizeko 10:00etatik 20:00etara, ‘Web Soziala, produktua ala zerbitzua?’ izenburupean. Zazpi adituren hitzaldiek osatuko dute eguneko egitaraua. Web sozialen gaurko eta etorkizuneko joerez arituko dira. Entzuleen parte-hartzea bilatuko dute hizlariek eta horretara egokitutako azalpenak eskainiko dituzte.

Egitarua eta hizlariak

Hona hemen, EBEuskadiko egitaraua eta hizlariak. Ekitaldia doakoa da, baina 400 lagunentzako lekua dago bakarrik. Izena emateko sartu helbide honetan. Twitter (#EBEuskadi) bidez ere helaraziko zaizue ekitaldiari buruzko informazio guztia.