Sei web egitasmo aurkeztuko dira #EBEuskadi ekimenean. Parte hartu nahi baduzu, bidali zure proiektua, epea zabalik dago eta. Ondorengo lerrootan azalduko dizkizuegu proiektuek bete behar dituzten baldintzak.
Dakizuenez, maiatzaren 12an egingo da #EBEuskadi, Bilbon. Jardunaldi horietan, web egitasmo berriei tarte berezia eskainiko diegu. Iruri Knörrek (@iruri) aurkeztuko ditu aukeratutako egitasmoak eta webguneen egileekin ere berak hitz egingo du.
EBEuskadin aurkezteko moduko proiektu berritzaile bat eskuartean baduzu edota teknologia berriekin lotutako negozio eredu aitzindari batean buru belarri sartuta bazaude, ez dudarik egin, bidali zure proposamena eta EBEuskadira etorriko den publiko adituaren aurrean aurkezteko aukera izango duzu.
Proiektuen aurkezpena
Parte har dezaketen produktuak: Software eta hardward.Internetekin lotura zuzena duen edozein produktu aurkez daiteke, merkaturatzeko prest dagoena edota duela gutxi aireratutakoa. Hala nola, oraindik gauzatu gabe egon arren, ondo landutako proiektu edo ideia berritzaileek ere badute lekua EBEuskadin.
Proiektuak nora bidali
Apirilaren 10etik 24ra bitartean jasoko dira egitasmoak helbide honetan. Orrialde bakar batean proiektuaren laburpena azalduko beharko da ondoko datuekin:
1.- Produktuaren edo zerbitzuaren azalpena
2.- Balio erantsia
3.- Merkatua: nori zuzendua dagoen
4.- Antzeko ekimenak
Proiektuen aukeraketa
Esan bezala, jasotako egitasmo guztietatik sei aukeratuko dira, zerbait berezia eta berria eskaintzen duten sei proiektu. Apirilaren 24tik 30era bitarte jarriko gara harremanetan aukeratuko proiektuen egileekin, aurkezpenaren nondik norakoak azaltzeko.