Tag Archives: anboto

David Sifry: ‘Arrakasta izateko, gauza bakar batera mugatu behar duzu’

‘Web soziala, produktua edo zerbitzua’ lelopean, Interneteko adituak eta arituak batu dira, gaur, Bilbon, EBEuskadi ekimenean. Web sozialaren oraina eta etorkizuna izan dute mintzagai. Goiz parteko saioa, lau hitzaldik osatu dute, eta protagonista nagusia, dudarik gabe, David Sifry Technorati munduko blog bilatzaile ezagunenaren sortzailea izan da.

Sifry eta Uribe-Etxebarria, EBEuskadiko antolatzaileekin eta laguntzaileekin

Sifry eta Uribe-Etxebarria, EBEuskadiko antolatzaileekin eta laguntzaileekin

Xabier Uribe-Etxebarria lagun eta kolaboratzailearekin batera, interneten negozio batek arrakasta izateko gakoak zeintzuk diren azaldu ditu; ‘lehenik eta behin, gauza bakar batera mugatu behar duzu zure egitekoa’ eta ‘jarrera positiboa eta talentua behar beharrezkoak dira’. Horiexek dira, hitzez hitz, internauta ezagunaren hitzetan, arrakastaren gako nagusiak.

‘Inguruak ere, noski, lagundu egin behar du’, gaineratu du Uribe-Etxebarriak, Anboto enpresaren sortzaileak. Bere aholkua, honakoa: ‘negozio plana bakoitzak berea idatzi behar du, eta ondoren, beldurrik gabe, ate-joka hasi’. Halaber, ‘langileak zaindu’ egin behar direla esan dute Sifryk eta Uribe-Etxeberriak . ‘Zaindu eta langileengandik ikasi. Ez dira langile hutsak, enpresaren kulturaren transmisoreak dira’.

‘Facebook y Tuenti, ahitzen’

Markek sare sozialetan dituzten mugen inguruko hitzaldia etorri da ondoren, Felipe Romeroren eskutik, Estatuko merkatu aztertzaile ezagunenetakoa. The Cocktail Analysis enpresaren sortzailea eta zuzendaria da Romero, eta bere eskarmentuak emandako irakaspenak azaldu ditu. Bi ondorio nagusi jarri ditu mahai gainean: modako sare sozial guztietan egon beharrik ez dago eta hain modan ez dauden beste sare sozial batzuk egon badaude, blogak eta foroak, esaterako, markei begira oso eraginkorrak direnak. Azken bi urteotan, bestalde, Facebook eta Tuenti bezalako sare sozialak ahitzen ari direla esan du. Twitter, berriz, hazten ari den sarea da. Hain zuzen, Tuentitik Twitterrera geroz eta gazte gehiago omen doaz.’Garai batean telebistak ematen ziguna ematen digu gaur Twitterrek; hizketarako gaia. Kalean zertaz hitz egin dezakedan esaten dit’.

Romeroren saioaren ostean, Mikel Agirregabiriak hartu du hitza. Agerraldi labur batean, Blogeu Euskadiko Blogarien Elkartea aurkeztu du. Ondoren, Diana Gonzalezen txanda iritsi da; EBEuskadik gaurko ekimenerako aukeratu dituen sei web proiektuak banan bana aurkeztu ditu. Egitasmo berritzaileak eta interesgarriak, inondik ere:Socialitas, DADA Company, Dokkus, Workmunity, Me The One eta Guggenheim Bilbao Webgunea ( Novisline) ezagutzeko aukera izan dute gaurko ekimenera hurbildu diren guztiek.

Euskarak badu lekua interneteko negozioetan

Goizeko saioari amaiera Luistxo Fernandezek eta Nagore Guarrotxenak eman diote. ‘Euskararen negozio digitala’ izenburupean, CodeSyntax eta Akting enpresen zertzeladak plazaratu dituzte. Euskara punta puntako egitasmo teknologikoetan dago eta etorkizunari baikor begiratzen diote, euskarak baduelako lekua interneteko proiektu aurreratuenetan.

EBEuskadi iruditan ikusteko, horra argazki galeria eta bideoa.