Itsaspeko energia altxorra

Irudia: Juanma Gallego

Irudia: Juanma Gallego

Etorkizunerako promesa omen dira. Hidrokarburo arrunten erreserbak beherantz doazen heinean, energia forma berrien bila ari dira mundu osoko enpresak. Horietako energia iturri bat metano hidratoak dira. Itsas hondoan barreiaturik dauden metano izoztuak dira horiek eta planeta osoan zehar aurki daitezke.

Errekurtso horiek itsaspetik ateratzeko teknologia, hala ere, apenas garatu gabe dago. Baina orain dela gutxi japoniarrek esan dute beraiek prest daudela metano hidrato horiek ateratzeko. Oraindik ere ikusteko dago asmo hori teknologikoki nola bideratzen duten eta, agian garrantzitsuena dena, sortu daitezkeen ingurumen arazoak nola ekiditen dituzten.

Metanoa hidrokarburorik sinpleena da (CH4) eta gas naturalaren osagai nagusia da. Oso kontzentratuta daude itsaspeko metano hidrato hauek: bataz bestean metro kubiko bakoitzeko 164 metro kubiko metano gasa dago.
Inguruan dituzten tenperatura eta presio baldintzak mantenduz gero, errekurtso hauek ez dute apartako arazorik sortu behar. Baina baldintza horietan aldaketak izaten badira, arazoak sortu litezke. Itsasoetako urak gehiegi berotzen badira, seguruenik milioika urtetan pilatutako metano oso denbora gutxian askatuko lirateke. Horrek klima aldaketa asko azkartuko luke, eta hondamena garantizatuta legoke. Berotegi efektuari dagokionez, metanoa karbono dioxidoa baino 24 aldiz indartsuagoa da.

Adibidez, Permikoan -orain dela 250 miloi urte inguru-, espezieen %90a ingururen iraungipena eragin zuen fenomenoaren atzean metano hidratoak egon zirela uste dute zientzialari askok. Horrelako gertaera berriro sorraraziko lukeen metano hidratoen askatze masiboa ez gertatzea da guretzako itxaropen bakarra, baina zalantzarik gabe gozoki galanta dira energia egarriz bizi den gizateriarentzat.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online