Joan den ostirala. 20:00. A-8 rally-bidea hartuta, herrirako bidean. Iristeko irrikan. Nekatuta, merezitako atsedenaren bila. Bederatzi egun gehiegi dira segidan lan egiteko. Gutxi, dio Usabiagak, berak Tourrarekin berrogei eman behar izan dituela eta. Batzuentzat luze dena, besteentzat motz. Zarauzko ordainlekuaren parean hasi eta Arrokora arteko auto ilarak daudela diote irratian. Hamaika bat kilometro. Noski, egutegia datorkit burura: uztailak eta abuztuak bat egiten dutenekoa da asteburu hau. Matrikulen koloreari erreparatu diot. Horiak, zuriak, urdinak… Asfaltoan, kromatismoa, gasolindegiko dendan, aldiz, Babelko dorre txikitxoa. Zeinen ongi ulertzen ditudan momentu horretan nire ingurukoak: Urte luze baten ostean motz egin zaie sorterrian emandako hilabetetxoa badatozenei, eta badoazenei aldiz, nahi baino luzeagoa egingo zaie jaiolekura arteko bidea. Barruan dudan etorkintxoa azaleratu da orduantxe: Bizkaian extraditutako nafarra naiz, edo hobe esan, Nafarroako erdialdetik kanpokaldera, mendebaldera joandako herritarra. Bihotza eta buruaren arteko aldea, ordu t´erdikoa. Ordu luzeetakoa, aldiz, saltzailearekin ulertuezinik dagoenarentzat.

Bertakoa langileak berak eman dit konponbidea: Arroan atera eta kostaldeko errepidea hartuz gero, Zarautzeraino ilararik gabe. Presa handirik ez dut, beranduxeago iritsita ere Arribe hantxe izango da, betiko tokian, Malloen gerizpean, baina ordu luzez ttarra-ttarra orduko 20 kilometrokoa baino abiadura motelagoan ibili beharko dudala jakiteak urduri jartzen nau. Emakumeari kasu egin diot azkenean, eta ez naiz damutu. Uztaila guztian jarri ez dugun giro ederra dugu, eta Kantauri itxasoa harro-harro dabil, guztiak ere begira dituela jakitun. Lehorrekoa naizelako behar bada, baina ño, zeinen gogoko dudan bide hori! Azkar iritsi behar horrekin maizegi galdu dut gozatu hori, eta egia esan, kurbetan eta bide bakarreko errepidean eman nahi ez ditudan minutu horiek berak ere behar ditut gero inoiz amaitzen ez diren autobideko obretan.

Pello Biain

Share
Published by
Pello Biain

Recent Posts

Enbido handira!

Eskubaloi jokalarien antzera, guk ere pilota gure eskutan dugu. Inoren atean gola sartzearekin tematu baino,…

9 years ago

Aire berria

Otamendi eta Egiguren aurrez aurre. Aspaldiko elkarrizketarik zailena izango zuen seguraski gaur Jaimek. Bakarren batek…

10 years ago

Lizunkeritan

Lagun baten lagunaren lagunak esan dit azkenaldian lotsagabetu egin dela euskal blogosfera, eta orain arte…

11 years ago

Denok batera!

Txoko honetan bertan maiz larrutu dugu ETBren programazioa, motiborik ere falta izan ez delako, aitor…

11 years ago

Sahara Marathoia bertan behera…

Ondoren duzuena, Sahara Marathoiko lagunek bidalitako idazkia duzue, hitzez hitz, aferaren larritasuna ikusita, hauxe zabaltzen…

11 years ago

Santi, Santi, Santi…

Txiribiterotik Txiribitonera, ez dago tarte handirik. Kantuak behintzat, esaldi bakarrean batzen ditu biak, eta telebistak…

11 years ago