Categories: Poesia

idazteaz

Zergatik dira zure testuak hain tristeak?

galdetu zidan, ez aspaldi,

kazetari batek, bekadun seguru asko,

baina haren begiak ez zeuden nirean finkaturik,

ihesi zebiltzan irudizko beste begien atzetik.

Pentsatu nuen begiak askotan

ez datozela bat ezpainekin,

ez dutela esanahi bera adierazten:

ezpainek esandakoa

begiek ukatzen dute.

Erantzun nion oso serio

tristezia gainditzeko

bera ezagutu beharra zegoela.

Eta tristeziak aurpegi asko zituela:

ororen hutsaltasuna;

besteekiko axolarik eza,

adiskidetasunean ere;

harrokeria eta gorrotoa;

bakardade eta nekea;

bizitzaren lastertasuna;

amodioaren txinparta.

Era berean esan nion

pentsatzen dugun bezala

bizi ezin badugu,

bizi nahi duguna idazten dugula.

Harrituta geratu zen, noski,

eta isilik: pentsakor.

Gero irribarre egin eta esan zidan

ez zidala sinesten,

bera ez zela triste egoten sekula,

hiru mutilekin zebilela batera,

eta amarenean zuela ostatu.

Kezkatzen zuen lanik ezak;

eta bere hiriko futbol taldeak

partida galdu izanak

bere onetik ateratzen zuen.

Gero, bakarrik nengoela,

aitortu behar izan nion neure buruari

bizitza norberak nahi duena dela, konforme,

baina bere buruarekin

eta munduarekin pozik denak

ez duela zertan ezer idatzi.

Bizitza bera zaio testu.

Juan Carlos de Rojo

Share
Published by
Juan Carlos de Rojo

Recent Posts

Helena

Helena Troiari so zegoelarik, gerrak, gorrotoak eta heriotzak larrututako hiria, bere sabela dardaraz zen, harrituta,…

11 years ago

Loti ederra

Baso izan nahi eta sekula izango ez diren parkeetan, hiriak bere izena eta fama galtzen…

12 years ago

Zirrara

Txori arinak, hegoaldea galdu dutenak: beren hegaldien iparra. Txori galduak, arnasarik eta arrastorik gabeak. Txoriak,…

12 years ago

Udazken kanta

Audenek galdetzen zuen, ironiaz noski, zein den maitasunaren egia. Erantzunekin ari zen jolasten, maitasuna jokoa baita.…

12 years ago

begiak

Zure begiek marrazten dute nire bihotzeko mapamundia, hain dira zorrotzak!  

12 years ago

maitasunagatik

Maitasunagatik erretzeari utzi nion, pastillak kendu zizkidaten, edateaz ahantzi nintzen, liburuak oparitu nituen, diskoak enkantean…

12 years ago