X

Txinako top model arrakastatsuena 72 urteko aitona da

Liu Qianping du izena,  72 urte dauzka eta Txinako egungo modelorik arrakastatsuena da.  Bera da azken asteetan sare sozialetan ospe gehien duen modeloa, Kate Moss, Naomi Campbell eta Gisele Bünchen entzutetsuen aurretik.

Arrakasta eta ospea kasualitatez iritsi zaizkio Liuri. Ilobak arropa denda du eta aitonaren planta ona ikusita zenbait arropa jantzi eta pasarelan ibiltzeko eskatu zion. Modelo berriaren argazkiak sare sozialetara iritsi ziren eta dendako erosketak lehengoak baino bost aldiz handiagoak dira orain.

Liuren zango luzeak, gorputz argalak eta itxura lirainak moda munduko adituak txunditu ditu. Hedabideetan ere bere irudia nonahi ageri da; Pekin News egunkariak, People Chinak eta China Newsek erreportajeak egin dizkiote.

Aitona Hunan probintziako herrixka batean bizi da, Txina erdialdean, eta Lyv Ting lobaren dendako arropak iragartzen ditu, gazteentzat eta nerabeentzat egindako arropa.

Luik ez du inolako lotsarik, eta gustura janzten ditu likrazko pantyak, minigonak eta setazko eskularruak.

Ilobak azaldutakoaren arabera,  ideia kasualitatez sortu zen. Aitona hirira bisita egitera gonbidatu zuen eta dendako arropak erakutsi zizkion. Erdi txantxetan, Liuk arropa batzuk jantzi zituen eta loba harrituta utzi zuen.

Lyv Tingek webgune batean saltzen ditu bere diseinuak, eta aitonaren argazkiak sare sozialetan zabaldu zirenetik, bisitariak 100 aldiz gehiago dira eta lehen baino bost aldiz gehiago saltzen du.

“Zergatik ez dut egingo, bada? Ilobari laguntzen diot, ez dut ezer ere galtzen, guztiok pozik gaude… nire adinarekin pozik egiten dut“, esan du aitona top modelak.

Leirus: