Lance Armstrong biktima da

Ziklismoaren urrezko panpina apurtu da. Askoren jainkoa hil da eta orain, azkenean, egia aitortu duela-eta kirolean inoiz izan den gaizkilerik handiena gisa zigortuko dute. Etsaia, hutsaren hurrengo izango da Lance Armstrongen ondoan. Lotsa eta higuina eragiten duen pertsonai bihurtuko dute. Eta jantzi laranjaz atondu eta esku eta oin bilurrak jarrita heriotzaren korridorera eramatea besterik ez zaie falta. Duintasun oro galdu eta ez diote arnasik ere onartuko. Baina jakizue Lance Armstrong biktima dela. Biktima bai, kirolean inoiz izan den biktimarik handiena, beharbada. Bere handikeriaren biktima, bere gezurraren biktima, baina batez ere ziklismoak oraintsu arte izan duen sistema ustelaren biktima izan da Lance Armstrong.

Gezurtiarentzat gezurra ez da existitzen, iruzurgilearentzat iruzurra ere ez, euren errealitate bihurtzen da. Hori da euren egia. Eta ziklismoa gezurraren eta iruzurraren zurrunbiloan bizi izan da luzaroan. Betidanik esango nuke, baina batez ere 90. hamarkadatik oraintsu arte. Frogatuta gelditu denez, dopajea ez da inoiz hain homogeneoa izan eta hedatua egon, horregatik dira garai hartako ziklista ia denak, salbuespenak salbuespen, sistemaren biktima. Armstrong ere bai. Ez inor baino gutxiago eta ez inor baino gehiago.

Garai hartan dopinak ez zuen gaur egungo konnotaziorik. Moralki onartuta zegoen. Beharrezkotzat jotzen zen. Ez zeukan iruzur kutsurik. Ez zuen karga moralik. Ohikoa zen. Iraganetik zetorren ohitura, bilakaera naturala. Beraz ez zegoen errudunik. Denak ziren errudun, aldi berean: babesle, manager, zuzendari, masaje emaile eta, nola ez, txirrindulariak. Denek joko berean hartzen zuten parte. Joko arauak berdinak ziren denentzat. Denak pozik. Lance Armstrong, bere belaunaldi osoa, eta aurreko eta ondorengo batzuk, horrela hazi eta hezi ziren, giro horretan. Ez zuten hori aukeratu, gainera etorri zitzaien, dopinaren mamuak jan egin zituen. Ezezkoa esan zezaketen. Utopia. Inork ez zuen egin. Salbuespenen batek. Ez al gaitu gizarte ustez garbiak bere ohitura zikin askotara makurtarazten. Ez al gara kapitalismo basatiaren uztarrian lotuta bizi nahi edo nahi ez? Lanaren morroi, sistemaren biktima, neurri batean edo bestean. Ziklismoaren mundu hertsian ihes egitea askoz zailagoa zen. 20-22 urterekin umetako ametsen mundura heldu eta nork esan ezetz? Inolako errudun sentimenturik ez badago gainera? Denak zepora. Bultzata gainera. Kontzietnzia zuritzea oso erraza zen: “Denek egiten dute”.

Beraz, zergatik da Lance Armstrong beste inor baino errudunago. Erruduna bai, baina errudunago? Ez nator bat. Seriotasun eta memoria apur bat nahikoa da konturatzeko berak ez zuela doping sistematikoa asmatu, ez eta sustantzia desberdinik erabili ere. Jo hemerotekara. Armstrong izan al zen Michele Ferrari medikuarekin lan egin zuen lehena? Bakarra? Segi irakurtzen. Hartu Jesus Manzano Kelmeko txirrindulari ohiak egindako salaketak. Hark dopinari buruz emandako xehetasunak eta Armstrong salatzeko beste ziklistek egin dituztenak, berdinak dira. Berdin berdinak. Ez dago ez sustantziatan ez haien erabileran inolako aldaketarik. Dena berdin. Kontua da Manzano herrialde bananero batekoa dela eta haren salaketek ez zuten inolako eraginik izan.

Gainera ez al duzue uste bere iruzurrak beste ziklistak kaltetu izan balitu orain, Armstrongnen lege haustura frogatu denean, denek joko luketela auzitara kalte ordain eske? Dirua eta tituluak. Lasai, ez du inork joko. Inork. Zergatik? Denak ziren sitema beraren biktima. Ia denak. Armstrongi Tourreko tituluak kendu dizkiote. Dirua itzultzeko eskatuko diote. Ondo. Hala merezi du. Eta hala onartu du berak, gizon. Eta ez al dizkiote Ullrichi (nire ziklista kuttuna) bigarrenak kenduko? Eta Basso eta beste batzuei hirugarrenak? Haiek eta atzeragokoak garbi al zeuden? Egin diren ikerketek eta oraindik indarrean daudenek ez dute halakorik erakusten. Orduan zergatik jotzen da Lance Armstrong errudun bakartzat. Erruduna da, erruduna, baina ez errudun bakarra. Hori gehiegizkoa da. Ez da bidezkoa. Denak ziren biktima. Denak modu berean.

Esan dudana larria da. Baina orain esan daiteke. Dena azaleratu da. Frogak daude. Lehen ez. David Walsh kazetaria saiatu zen Armstrongen egia erakusten. Ezin izan zuen. Epaitegietara jo eta auzia galdu egin zuen. Sunday Times egunkariak kalte ordainak eman behar izan zizkion ziklistari. Estatu Batuetan ikerketa federala zabaldu zuten. Itxi egin zuten, ezer frogatu gabe. Egia ziklistek zekiten.

Lehen inori dopina lepoatzeko kontrolak zeuden, baina kontrolek, oro har, negatibo ematen zuten. UCI-k onartu du ordea, kontrolak ez zirela behar bezain eraginkorrak izan. Baina ez zegoen gehiagorik. Ez dezagun UCI bera kupidagabe kritikatu. Horregatik behintzat ez. Zientziak zituen aurrerapen oro modu aintzindarian erabili zituen UCI-k, baina ez zen nahikoa izan. Denboraren poderioz etorri da zorroztasuna. Egoeraren larriak eraginda. Autodestrukzioa sahiesteko. Orain kontrolak ez dira zorrotzagoak. Sistema da desberdina. Pasaporte biologikoa, ustekabeko kontrolak, ADAMS sistema, presioa, filosofia aldaketa…..baina orduan hori guztia ez zen posible. Beharrezkoa zen baina ez zen posible. Aldaketa pixkanaka etorrita ere giza intimitatea urratzen den kontuak-eta aipatzen dira. Orduan ezarri izan balitz Hagako epaitegira eramango zituzten zuzenean.

Aitorpen hau eginda, norbaitek pentsa lezake sistema hori, dopajea, defendatzen dudala. Ezta inondik inora ere. Zero tolerantziaren eta errudunak zigortzearen aldekoa naiz. Nire burua ez dut inoiz adibidetarako erabiltzen, oraingoan bai. Ni sistema horrek kaltetuetako bat izan nintzen. Ez nintzen inoiz dopatu. Inoiz. Zin dagit. Baina egiteko asmoa nuen eta nire burua ataka estuan ikusi nuenean neronek eskatu nituen debekatutako sustantziak. Eskuan izan nituen. Ez nituen hartu. Hartu izan banitu ez nituen izandako anemiak izango, lesioak ere ez seguru aski, eta beharbada karreraren bat irabaziko nuen. Noiz edo noiz ez nintzen aparte ibili. Hobeto ibiliko nintzen behintzat, hori seguru. Baina erruduna naiz, errudun morala. Nik ere egingo nuen, denbora falta izan zitzaidan. Sistemaren biktima nintzen. Armstrong bezala. Ez gutxiago eta ez gehiago.

Armstrong nahi duzuena izango zen: harroa, faltsoa, kupidagabea, prepotentea, baina derrigortuta bada bere erantzukizun guztiak onartu eta ordaintzen ari da. Bizitzaren estoldetan dago oraintxe bertan. Damua erakutsi du, barkamena eskatu eta ez du beste inor salatu. Bere salatzaile eta ixilik daudenak baino askoz gizatasun gehiago erakutsi du.

View Comments

  • Ekonomian eta politikan gertatutako gauzen gaitik eztek ba berdine esaten inungo komunikabidetan!!!
    Gaixki ein baldin baik pagau ein ber dik bai beak ta bai beste eozeinek(Bai Indurain, Merch o Vettel izen)

  • Xabierrek dakien beste UCIk ere jakingo zuen, ez? Izan ere, UCIn txirrindulari profesional ohiak daude, ez? Esan bezala, txirrindularitza oso mundu ertzia da, beraz, ez dut sinesten konplizitatea txirrindularietara mugatu denik. UCIk ez du SISTEMA pikutara bidali nahi izan eta etengabeko gezur baten mantentzen gaitu. Niretzat, ez du inolako sinesgarritasunik.
    Txirrindularitzaren arazoa transparentzia eza da. Gauzak argiak ez daudenean gizarteak okerrena pentsatzen du beti. Beste modu batera esanda: iluntasun horrek txirrindulari guztiak errudun bihurtu ditu. Eta errudun izaten jarraituko dute, ez da ezer aldatu. Pena bat da, baina UCI konplize hutsa den bitartean gauzek berdin berdin jarraituko dute.
    Ez dakit dopatzeak osasuna kaltetzen duen, ezta horrenbesteko onurarik dakarren, baina hitza demonizatu egin da. Niri berdin zait dopatzen diren edo ez, baina denek baldintza berdinetan egin dezatela.
    Guk Giroa, Espainiako Vuelta, Tourra zein Euskal Herriko Itzulia berdin berdin jarraituko ditugu, errepide eskinetan animatzen egongo gara eta kirol hau maitatuko dugu. Baina denok dugu buruan gauza bat: dopatu egiten dira, aurkakoa frogatzen den arte.

  • @Berotuta

    Ta ez duzue ba pentxatuko Indurain (adibidez) garbi zegoenik ala? Nik beti esan dut denak daudela zikinduta (aurrean ibili direnak beintzet) eta denbora pasa ahala hori ari gara ikusten. Eta orain dabiltzanak ere ez dira salbuespen. Medikuntzan lehenengo gaixotasuna ateratzen da, eta ondoren sendagaia. Berdin gertatzen da hemen, lehenengo produktua sortzen da eta ondoren produktu hori atzemateko sistema. Logikoki ezin da sistema produktua baiño lehenago lortu...

  • Kaixo Xabier, nik bestelako ikuspuntua daukat:

    1) Armstrong dopinga erabili duten batzuk baina errudunagoa da USADAko txostenak frogatzen duenez bere taldekide batzuk koakzio eta presio bidez dopingera bultzatu dituelako. Ez da sistemaren biktima soila, sistemaren ustelkeriaren parte ere baizik.

    2) Bere barkamenari ez diot baliorik ematen. Urtetan zehar egia esaten zutenak publikoki seinalatu eta mesprezatu dituen pertsona bat baita Simeoni esaterako. Inoizko kasu handienak frogatutakoa besterik ez du onartu.

    3) Kazetari guztiek zero tolerantzia aipatzen duzue baina gero: elkarrizketetan gaia aipatu ere ez, doping bidez lorturiko garaipenak oraindik palmaresean zenbatu eta hori gutxi balitz dopinagatik zigortuak esatari bihurtzen dituzue gertatutakoaren inguruko inongo izpiritu kritikorik gabe.

    4) Astarloza kasuak paradigma aldatu zidan. Zaleok badugu erru handia bakoitzak bere txirrindulariak edozein egoeratan defendatzen dituelako.

    Diozun bezala dopingaren aurkako borroka ezin diogu jubenil bati esleitu. Gainontzekoek egin behar dugu

  • Kaixo Xabier,
    ez nator bat zure ikuspuntuarekin.

    Armstrong biktima dela esatearekin badirudi errua besteek daukatela, eta argi dago berak aukeratu dula bere bizitza nola bizitu, ez beste inork, eta neurri horretan da erruduna eta egin duenaren erantzulea.

    Orain estoldetan dagoela, ba noski, lehen gailurrean bazen, ba orain gezurretan ibili dela frogatu denean zigor eredugarriak jartzearen aldekoa naiz, eta gailurrean zegoena estoldan egotearen aldekoa.

    Sistemaren biktima dela. Ba bera, sistemaren parte izanagatik, berari dagokion zatian erruduna da eta horregatik ordaindu beharko luke. Sistemaren gailurrean egonagatik gainera, zigor eredugarria jarri beharko litzaioke, eta kirolean irabazitako diru guztia itzularazi. Bestela, arnas ematen bazaio, kapaza da berriz kirolean aritu eta dopatuz irabaztea, auntzak mendira doazen bezela.

    Sistema bera gaizki dago, azkarrena, iraupen gehien duena saritzen da beti, eta balore horiek zertara garamatzaten agerian dago. Kirola osasuntzu izateari utzi zionetik, bide okerretik goaz. Gizarte osoa dabil dopatuta, lokartzeko pilulak,antidepresiboak.... hartuz, eta txirrindularitza gizartearen islada bat besterik ez da. Beste hainbat gahietan bezela, okerreko bidetik goazenekoa.

    Eta zu, kazetari hoberenetako bat zarela iruditzen zait baina dopinaren gai hauetan ez nago ados daukazuten jarrerarekin. Komunikabideetan argiago eta ozenago esan, hemengo idatzian esan duzunbezela, zer puntutaraino dagoen zabaldua dopinga kirolean, ez izkutatu. Eta erruduna beti, gaizki egiten duena da, dagokion neurrian, eta ez besteok.

    Besarkada bat,
    Iñaki

  • Esanak esan, aitorpenak aitorpen, nik galdera hau egingo nioke "dagokionari": Eta bost tour irabazteko? Behar al da doping-ik bost tour irabazteko?

  • Garbi jokatu duten guztiengatik, ez dopatzearren txirrindularitza utzi duten gazte guztiengatik, Armstrongek ordaindu egin beharko du!

  • Beste behien ere diruaren morroi, eta honen atzetik ziur nago kimika eta farmazigaien ekoieak!! Gure hazien atzetik ere badabiltza!!! Argi, guzti hau belaińue baino ezta!!! Ados xabirekin eta berak kargu hartzen badu ere, nigatik, xapo!!! Segizak gu gozarazten komunikabideetan degun hizkerarik aberatsenarekin!!!

  • ....batetik, eta noski nere iritziz, bere burua dopatzeaz gain bere taldekideak dopaje sistemara behartzea da bere beste delitua.Extorsionatzea ain zuzen. Beste txirrindulari batzuekin alderatuz, Armstrongek inork baino sistema "garatuagoa" eta "babestuagoa" izan baitu . Eta hau ordaindu beharra du. Bestetik, berak beste inork baino gehiago lortu du txirrindularitzaren arrakastaren ondorioz. Eta hau ere ordandu beharra du noski. Beraz, eta nere iritziz beste behin, inor errrudon izatekotan hau Armstrong da!!!!

  • Bi gauza ikusten ditut garbi: Armstrongek ez zukeela inolako aitorpenik adierazi USADAk bere errua erakutsi ez balu eta arras erruduna dela estatubatuarra. Xabier Usabiaga, bertzalde, motz gelditu da errudunen zerrenda egiterakoan zeren kazetariak atzendu baititu. Dopinaren susmoa sendoa zen kasuetan kazetariak "banpiroen" aurka eta ziklisten alde ikusi ditugu, bertze kirolak ez direla neurri berean tratatzen entzun behar izan dugu eta maiz errugabetzat hartu dituzte dopinagatik zigortutako ziklistak.

Share
Published by

Recent Posts

Otsailak 1-2, asteburuko atletismo agenda

Hementxe hurrengo asteburuko atletismo frogak: OTSAILAK 1 - LARUNBATA: X. CROSS DE SAN BLAS DE…

10 years ago

Nibali da patroia

Bradley Wigginsen zain geunden arren Vicenzo Nibali da Giroko patroia. Errazegi eman genion garaipena Sky…

11 years ago

Onak beti itzultzen dira

Denbora da Thomas Lofvkist, Mediterraneoko itzulia irabazi berri duen ziklista suediarra begiz jo nuela. 2003a…

11 years ago

Puerto Afera, galdutako epaiketa

Egunotan mundu erdiko zirko mediatikoa Puerto Afereko inputatuen inguruan dabil, euretakoren batek esan zuen moduan…

11 years ago

2012 lasterketa urteari errepasoa kartelen bidez

Lasterketak.com-en, 2012. urteari errepasoa egiteko, ondoko bideoa prestatu dugu lasterketen karteletan oinarrituta. Espero dugu zuen…

11 years ago

Xabier Usabiaga: ‘Erruduna’

Munduak begitan hartu du Lance Armstrong. Berarekin itsutu dira komunikabide guztiak eta badirudi zuhaitz ustel…

12 years ago