Bradley Wigginsek hanka bakarrarekin irabazi du Dauphine Libere. Ez zaio hausporik ere berotu. Nahieran ibili da, eta nahi izanez gero aurkariak hankapean izango zituen. Ordea, zuhur jokatu du, ez du, erlojupekoan salbu, erakustaldirik eman. Hori bai, bere nagusitasuna argi eta garbia izan da.

Orain zalantza da egun duen sasoiari eutsiko dion Tourra amaitu bitartean. Hobera egitea zail dirudi, baina orain bezala ibiltzearekin nahikoa izan lezake gailentzeko. Izan dira historian berea baino erakustaldi handiagoak Dauphinen, baina haietako ia bakar bat ere ez da ageri Tourreko palmaresean. Dauphineko eta Tourreko datuak gurutzatu egiten dira, hots, Dauphinen goian ibilitakoak behera egiten du Tourrean, eta alderantziz.

Wigginsek patu hori onartu beharko duen edo ez ikusteko dago, baina badira beste garaile batzuekiko desberdintasunak eta aipagarriak dira Tourrean egin dezakena aztertzeko. Batetik Wigginsen garaipenak erlojupekoan izan du oinarria. Ez du mendateetan gora erasoka ibili beharrik izan, eustea nahikoa izan du, eta izan diren eraso apalak bere taldeak aparteko estuasunik gabe lotu ditu. Eroso ibili da. Bestetik aurtengo ibilidea ez da oso gogorra izan. Horren guztiaren ondorioz Wigginsek ez du duen guztia erakusteko premiarik izan, ez da indarrez hustu. Hori kontutan hartzeko datua da, erabakigarria. Izan ere Dauphinen erraiak botaz ibiltzen direnei garaia baino lehenago ximeltzen zaizkie indarrak Tourrean, askotan etapa erabakigarritan.

Andy Schleck esan duenez berarentzat oraindik ere Cadel Evans da Tourrerako faborito nagusia, australiarra bere sasoiaren ehuneko 80an dagoelako eta ingelesa aldiz ehuneko 110an. Hori horrela bada, eta litekeena da hala izatea, Wigginsek ere fisiologiaren legeari men egin eta behera egin bide du Uztailean, baina biak ala biak Tourrean ehuneko ehuenan gurutzatzen badira, uste dut britaniarra gehiago izango dela. Wiggins nahieran dabil aurten, eta daraman denboraldiari esker lortu duen irmotasunak pitzadurarik gabea dirudi. Itxura batean ezerk ezin du segurua dirudien garaipena galerazi. Beharbada ezta historiak ere.

Share
Published by

Recent Posts

Otsailak 1-2, asteburuko atletismo agenda

Hementxe hurrengo asteburuko atletismo frogak: OTSAILAK 1 - LARUNBATA: X. CROSS DE SAN BLAS DE…

10 years ago

Nibali da patroia

Bradley Wigginsen zain geunden arren Vicenzo Nibali da Giroko patroia. Errazegi eman genion garaipena Sky…

11 years ago

Onak beti itzultzen dira

Denbora da Thomas Lofvkist, Mediterraneoko itzulia irabazi berri duen ziklista suediarra begiz jo nuela. 2003a…

11 years ago

Puerto Afera, galdutako epaiketa

Egunotan mundu erdiko zirko mediatikoa Puerto Afereko inputatuen inguruan dabil, euretakoren batek esan zuen moduan…

11 years ago

Lance Armstrong biktima da

Ziklismoaren urrezko panpina apurtu da. Askoren jainkoa hil da eta orain, azkenean, egia aitortu duela-eta…

11 years ago

2012 lasterketa urteari errepasoa kartelen bidez

Lasterketak.com-en, 2012. urteari errepasoa egiteko, ondoko bideoa prestatu dugu lasterketen karteletan oinarrituta. Espero dugu zuen…

11 years ago