Categories: Egutera

Pakearen izena… eta izana

Aitaren bizilaguna zen Joxean. Txikitan sarri entzun nituen haren gainekoak, baina Alacanten haren arrastoak topatu zituztenera arte kasik ez nintzen guztiaz jabetzeko gai. Mikelek zabaldu arazi zidan ikuspegia. Haren izena zerrenda beltzean agertu zenetik goizero nirekin gosaltzera etorri aurretik auto azpian begiratu behar izaten zuela esan zidanean lankideak, aitormen harek zaplaztekoaren pareko eragina izan zuen nire buruan. Ordura arte, nire inguruan, beste norabidekoak ziren kexuak. Iñaki lehengusua etxetik eraman zuten gau batean. Aske utzi zuten bi egunera, baina ez ziren nolanahiko bi egun izan. Ederki jipoitu zuten. Irene eta Jose Angelen gorpuzkin xehetuek patrolaren txatarrarekin nahastuta osatutako kollage makabroa burutik kentzerik ez dut lortu Sallenteko plazan ikusi nuenetik. Beste patrol batean eraman zituzten Jontxu, Mikel eta Gallur, gure herria patrolez josi zuen eta gero ezertan geratzen ez den sarekada horietako batean. Amona Inaxik ez zuen lo xamurrik izan hiruzpalau egunetan, beldurra eta aspaldiko mamua berpiztuak gorputzean sartuta zituela. Franciscoren hiletan terrorista deitu ninduten, Aizoaingo koartelera haren hilketaren berri ematera joan nintzenean. Harro sentiarazi zidaten aldiz, Madrilgo euripean amesgaiztotik atera berritan Martxelok isuritako malkoek. Malkoek eta adoreak, noski. Haren lantokia inolako erru eta lotsarik gabe itxi zutenak izango dira, seguraski, haren adierazpenak entzun eta hunkitu gabe geratzeko gai diren bakarrak. Barruan zegoen Beltzarekin maiteminduta, ziegako harresiak maitasuna hoztu baino benetakotu egiten duela erakutsi zidan Amaia lehengusuak. Maitasunaren indarra, San Mames bera dardarka jarri eta lantokiko lehioak lehertarazi zituen bonbarik indartsuenaren parekoa dela, alegia. Ostegun gaua, lana tarteko, Gorka eta Patxirekin eman nuen. Bostekoa baino, hirukoa eman zidan Gorkak, gainean lehertutako bonbak lapurtutako bi hatzen faltan. Albistea jaso orduko alabak emandako besarkada gogoan zuela, malko potoloa isuri zuen haren begi kaltetuak. Poz malkoak ziren behingoz. Harekin topa egin eta gero, Patxirengana jo genuen. Herri berdinean zinegotzi da bera. Eskoltarik gabe etorri zen oraingoan, baina  Gorkak berotutako gorputzaldia hoztu egin zuen harek. Ez da fido.

Joxean, Mikel, Iñaki, Irene, Jose Angel, Jontxu, Mikel, Gallur, Francisco, Martxelo, Beltza, Amaia, Gorka, Patxi… Izen guzti hauek izan ditut gogoan bi egunotan, eta baita kezka bat ere: Nola azaldu Patxiri, boloz bolo dabilen hitz horrek, izena ez ezik, izana ere baduela? Argi dago orain arte, arto aleak txar/on banatzen ditugun bezela, zerrenda horretako izenak ere txintxo edo gaizto, lagun edo etsai banatzen genituela. Distantzia geografiko, eta distantzia politikoa, distantzia emozional bihurtzen genituen, izenaren osotasunari baino, hizkiari erreparatuz. Hizki multzoari. Siglak berak banatzen dituzten puntuak pareta bihurtuz. Harresi. Artaburuari baino, aleari begiratuz. Bai, badira bestelako artaburuak ere, bateko zein besteko. Haiek alde batera utzita, soroari erreparatuta, buru eta ale guztiak kontutan hartuta, orduantxe erakutsiko dugu, eta ikasiko dugu, bakeak izenetik bezainbeste baduela izanetik.

Pello Biain

Share
Published by
Pello Biain

Recent Posts

Enbido handira!

Eskubaloi jokalarien antzera, guk ere pilota gure eskutan dugu. Inoren atean gola sartzearekin tematu baino,…

9 years ago

Aire berria

Otamendi eta Egiguren aurrez aurre. Aspaldiko elkarrizketarik zailena izango zuen seguraski gaur Jaimek. Bakarren batek…

10 years ago

Lizunkeritan

Lagun baten lagunaren lagunak esan dit azkenaldian lotsagabetu egin dela euskal blogosfera, eta orain arte…

11 years ago

Denok batera!

Txoko honetan bertan maiz larrutu dugu ETBren programazioa, motiborik ere falta izan ez delako, aitor…

11 years ago

Sahara Marathoia bertan behera…

Ondoren duzuena, Sahara Marathoiko lagunek bidalitako idazkia duzue, hitzez hitz, aferaren larritasuna ikusita, hauxe zabaltzen…

11 years ago

Santi, Santi, Santi…

Txiribiterotik Txiribitonera, ez dago tarte handirik. Kantuak behintzat, esaldi bakarrean batzen ditu biak, eta telebistak…

11 years ago