Noizbait aitor beharko zaio Euskadiko Filmategiari gure ondore filmikoa gordetzeko egiten duen lana – berriki eman du ezagutzera Antxon Ezeiza zinegile donostiarraren funtsa gordeko duela. Baina ez hori bakarrik. Euskararen Herrian biztanleei zinema hurbiltzeko egiten duen beharra aitortu beharko zaio ere. Duela sei urte, Donostiako Jazzaldiaren inguruan, jazza muinoan duten filmeak eskaintzeko sortu zuten zikloak pausu berria du edizio honetan. Donostian eta Bilbon ez ezik, aurten Gasteizen, Iruñean eta Donibane Lohizunen ikusiko dira zikloaren film gehientsuenak. Eta tartean filmeren bat gaztelenaizko azpitituluekin ez ezik, euskarazkoekin emango dituzte.
Eta hasteko klasiko batera jo dute, 1959an Bert Sternek zuzendu zuen JAZZ ON A SUMMER’S DAY dokumentala 4K-n berriztutako kopian ematen ari dira. Lehen saioak San Fermin egunean, Gasteizeko Artiumen eta Donostiako Tabakaleran eman zituzten, Gasteizko eta Donostiako jazzaldiko zuzendariek, Alberto Ibarrondok eta Miguel Martinek aurkeztuta. Ondoren Bilboko Arte Ederren museoan eman zen. Filmean lehen jazzalditzat jotzen den, Newporteko jazzaldian filmatutako emanaldiak eta publikoaren eta ingurunearen errepaso egiten da. Besteak beste, Louis Armstrong, Mahalia Jackson, Dinah Washington, Chuck Berry edo Thelonious Monken piezak ikusteko eta entzuteko aukera dago.

Gasteiz, Donostia eta Getxoko jazzaldiekin batera egiten den zikloaren lehen film hau Donibane Lohitzuneko Le Séléct zineman ikusiko da datorren astelehenean eta asteartean Iruñeako Yamaguchi zineman. Filmategiko zuzendariak, Joxean Fernándezek azpimarratu duenez: hitz gutxiko filma denez, Hegoaldeko saioetan, azpitituluak bietara izango dira, euskaraz eta gazteleraz.
Aste honetan berriz, Gasteizetik abiatuta Spike Leek 1990an filmatu zuen MO’ BETTER BLUES ikusteko parada izango dugu. Denzel Washington Bleek Gilliam da, tronpeta jotzailea bat , jazz boskote baten burua Shadow Henderson (Wesley Snipes) saxofoi-jotzaile batekin. Honekin duen potere borrokaz gain, bi emakumeen artean borrokatuko da. Filmean bestek beste Spike Lee bera kamara aurrean ikustea dago. Eta Giancarlo Esposito eta Nicholas Turturro daude. Gasteiz eta Donostiako saioak Donostia Kulturako zine arduradunak, Josemi Beltranek aurkeztuko ditu. Emanaldi guztiak jarraian:
- Gasteiz – 2022/07/14 (19:00)
- Donostia – 2022/07/15 (19:00)
- Bilbo – 2022/07/16 (19:00)
- Donibane Lohitzune – 2022/07/25 (19:00)
- Iruñea – 2022/07/26 (19:00)
Jazz filmeen soinu banda ezagunena da ezbairik gabe Miles Davisek 1957ko ASCENSEUR POUR L’ÉCHAFAUD (Urkamendirako igogailua) pelikularako egindakoa. Louis Malle handiaren agindupean, Jeanne Moreau eta Maurice Ronet Florence Carala eta Julien Tavernier dira, maitale bikote bat, Florenceren gizona hiltzeko plana egingo dutenak. Zoritxarrez, saiakera gaizki irtengo zaie. Film ezagun hau euskarazko azpitituluekin emango da. Gasteizen saioa Alberto Ibarrondok aurkeztuko du, Donostian Begoña del Teso kritikariak eta Bilbon Iñaki Saitu, Getxoko jazzaldiko buruak. Egutegia hauxe:
- Gasteiz – 2022/07/21 (19:00)
- Donostia – 2022/07/22 (19:00)
- Bilbo – 2022/07/23 (19:00)
- Donibane Lohitzune – 2022/08/01 (19:00)
- Iruñea – 2022/08/02 (19:00)
Eta zikloa bukatzeko, beste dokumental bat, THELONIOUS MONK: STRAIGHT NO CHASER filmak pianojotzaile ezagunaren erretratua egiten du. Charlie Parker eta Dizzy Gillespierekin batera bebop estiloaren sortzaileetako jotzen denaren eta bere taldearen zuzeneko kontzertuak biltzen ditu 1988an Charlotthe Zwerinek zuzendutako pelikulak. Pertsonalitate zaila zuen jazz konpositore ezagunaren erretratua egiteko familia eta lagunekin elkarrizketa jaso ditu. Emanaldiak hauxe:
- Gasteiz – 2022/07/28 (19:00)
- Donostia – 2022/07/29 (19:00)
- Bilbo – 2022/07/30 (19:00)
- Iruñea – 2022/08/09 (20:00)
Please comment with your real name using good manners.