Frantziako zinegileek Paris inguruetan eraiki diren langile, etorkinen auzuneak erretratatzeko errealitate gordina aurkeztu ohi digute: euren kamarapean, kriminaleen haztegiak dira, polizien arrazakeriak eta utzikeriak akuilatua. Hots, Mathieu Kassovitz-en ‘L’Haine‘ edo berriago Ladj Ly-ren ‘Les Misérables‘ filmak. Baina Fanny Liatard ta Jérémy Trouilh zuzendariek lehen fikziozko luzean bestelako bideari ekin diote. 1960eneko hamarkadan ehunka apartamentuekin egindako eta egun guztiz hondatuta dagoen eraikin bat eta berau salbatzeko borroka murgilduko den nerabearen istorio honetan errealismo magikoko ukituak sartu dituzte. Gordina da kaleratuko edo beste lekuetara eraman beharko dituztenen errealitatea baina mutikoaren borrokak komunitatearen indarraz josita filmetik lasai, zapore onenarekin ateratzea gonbidatzen gaitu.
Kasualitatea edo Ladj Lyk ‘Les Misérables‘-ekin egin zuen modura, zuzendariok aurretik filmatutako labur bat garatu dute luze hau sortzeko. Cité Gagarine botatzear zeudela zinegileok eraikinean bizi ziren hainbat bizilagun elkarrizketatu zituzten, 2015ean zinemaldietan ibili zen labur batean jasoz. Horietako batzuk agertzen dira film berri honetan. Lau urte geroago, 2019an, eraikesta bete behar dutenean, Liatard eta Trouilh itzuli ziren, Cité Gagarin bera pertsonai duen fikzioa filmatzeko. 1963an Pariseko inguru industrialean, alderdi komunistak gobernatzen zuen Ivry-sur-Seinen eraiki zuen 13 solairu eta 300 apartamentutik gora zituen edifizioa. Espazioan izan zen lehen gizona, Yuri Gagarinen izena eman eta apartamentu-eraikina inauguratzera ekarriko dute. Artxibo irudietan, kosmonauta ikusten da eta nola galdetzen zieten garai hartako umeei kosmonauta izan nahi zuten.

Haur horiek bezala, mende erdi beranduago, 16 urte dituen Yuri, Afrikar etorkinen semeak (Alseni Bathily), espazioruntz bidai egitearekin amesten du. Amets hori betetzen zaila agian, bestelako bat du gertuagoa: Gagarin, sorlekua, haurtzaroko oroitzapen eta ametsen gotorleku salbatzea. Abila da elektrizitatearekin eta eraikinean hondatuta dauden argiak eta igogailuak konpotzen saiatuko da. Instalazioa ondo badago, administrazioak ez luke edifizioa eraisteko arrazorik, ezta? Horretan eskua emango diote Houssan jatorri magrebtarreko txikitako lagunak (Jamil McCraven) eta ezagutu berri duten Diana ijituak (Lyna Khoudri). Azken honek aktore berrien César saria jaso zuen ‘Papicha‘ filmean egindako lanagatik.

Gagarin salbatzeko Yurik balio sentimentala duen ondarea erabiliko du. Edifizioa salbatzeko borroka, eraberean haurtzaroari heltzeko modu bat ere da. Yuriren ama senargaiaren etxera joan da, nerabea eraistear dauden eraikinean utzita. Haustura zaila. Komunitatea da mutikoaren zaindari eta indarra ematen diona. Edifizioa ezin dela salbatu eta familiak ateratzen direla eta eraisketa egingo duten langileak sartzen direla konturatzean, Yurik haurtzaroko ametsari helduko dio. Eraikinean gotortuko da, espazioan bizirik irauteko kapsula eta guzti sortuz, munduan geratzen den azken gizona balitz bezala. Garai berri honetan, jada lagun txiki bilakatu den Diana eta edifizioa uztera uko egiten dion droga trafikatzaile bat izango ditu alboan. Azken honen papera, Finnegan Oldfield aktoreak egiten du, Thomas Bidegain zuberotarrak zuzendu duen lehen filmean, ‘Les Cowboys‘en ikusteko aukera izan genuena. Bigarren zati honetan filmak hartuko ditu errealismo majikoaren trazak gehien.

Gazte hauen lana ederki uztartzen da. Aipatzeko hasi berria den Alséni Bathily bera, Yuri gorpuzten duen gaztea. Bere lanak harrapatzen zaituen horietakoa da, begiei eta gorputzaren mugimendu sotileei esker komunikatzen duen horietako. Sevillako Europear zinemaldiko epaimahaiak ere hori ulertu zuen, eta gizonezko aktore onenaren saria eman zioten. Gazteekin batera, Denis Lavant ezagunak paper txikia du. Zuzendarien soinu eta irudi erabakiak ere azpimarratzekoak dira. Ederra ere Evgueni eta Sacha Galperine anaiek (‘Loveless‘, Codaren aurrerkaria den ‘La Familia Berlier‘ eta ‘Scenes from a Marriage‘ serieko soinu banden) sortzaileek egindako musika. Azkenean, zein pelikula sentikorra ikusi duzun sentimentuarekin aterako zara zinetik.
Please comment with your real name using good manners.