Trenetan edo tren geltokietan ezagutzen diren bikoteen inguruko filmak aipatzekotan, beti datorzkit burura David Lean britaniarraren ‘Brief Encounter‘ edo Richard Linklater estatubatuarraren ‘Before Sunrise‘. Adibide errezegiak agian. Baina Juho Kuosmanenen bigarren luzeko protagonistek beste bide batetik ekingo diote. Ikusleak irrikitan baina ase utziko dituen bidea. Yuriy Borisov aktorea izar duen film eder eta samurra osatuz.
Juho Kuosmanen finlandiarra Canneseko semea da. Bere bi film labur Cinéfondation sailean aurkeztu ziren. Bere lehen luzea, zuribeltzean filmatutako ‘The Happiest Day in the Life of Olli Maki’ ederrak ‘Un Certain Regard’ irabazi zuen. Eta horrek Sail nagusiaren ateak ireki zizkion. Bigarren hau Urrezko Palmaren bila aritu zen iaz. Denbora luzez edizio horretako nire faboritoa izan zen. Epaimahaiarena ere antza, bere sari nagusia, Urrezko Palmaren ondorengo ikurra jaso baitzuen ‘A Hero’rekin batera.

Rosa Liksom idazlea findaliar ezagunaren izen bereko nobela saritua moldatu dute Kuosmanenek eta gidoigile talde batek. Nobela 1980 hamarkadaren bukaeran girotzen bada eta protagonista Moscutik Mongoliara badoa, filmean 1990an kokatzen da bidaia, kasu honetan, Artiko zirkulurantz. Horren atarian ezagutuko dugu Laura (Seidi Haarla) Moskun ikasten ari den gazte filandarra. Desireless kantariaren ‘Voyage, Voyage‘ kanta entzuten dela, Irina neskalagunak, helduago den errusiar intelektual batek, ematen duen festan. Laurak Irina miresten du, Irinarentzat beste maitale bat da. Laurak Irinarekin egin nahi du bidaia baina honek azken orduko aitzakia bidea uko egiten dio. Laurak bakarrik joan beharko du eta autobaieztapen bidaia bihurtuko du esperientzia.

Murmanskera aztarnegitara egin behar duen bidaia gaizki hasiko du. Lotarako tren konpartimentua Ljoha (Yuriy Borisov) portaera txarra duen mehatzagile zakar batekin partekatu beharko du. Egun batzuetako bidaia infernua izango dela ematen du. Baina gutxinaka hurbilduko dira. Euren mundu desberdinek sortutako tirabirak gaindituta, urkoa ulertzeko beharrak eta elkarbizitzeak gerturatuko dituzte. Horri esker barne bakerako bidaia ere egingo dute. Konpartimentua klaustrofobikoa horretan, dir-dir egiten du bi aktore hauen lanak. Azpimarratzeko ‘Captain Volkonogov Escaped‘ filmean ezagutu genuen Borisoven indarra. Izarra sortu dela iritzi genion kritiko eta zine berriemale askok Cannesen errusiar aktore hau ikusi genuenean. Ea Ukrainaren inbasioak ez du bere nazioarteko karrera kaltetzen.

Please comment with your real name using good manners.