Lehiaketa bukatzeko Canneseko Zinemaldiko taldeak pertsonai torturatuak ekarri dizkigu, baina behintzat bi film interesgarri, onak. ‘Un Certain Regard’ sailean jarraitzen dudan dokumentalista baten jauzia fikzioara, arrakastaz gainera.

Duela lau urte Canneseko zinemaldiko Lehiaketa Ofizialera ‘Macbeth’en bertsio iluna ekarri zigun Justin Kurzel australiarrak. Marion Cotillard eta Michael Fassbender osatzen zuten bikote indartsuak antzeztuta. Ingalaterra ilun batean mugiarazten zituen. Bueltan da Kurzel bere herriko pertsonai ilun, gaixo, zauritatuko batekin Australiaren kolore argitsuen, ederren artean bizi dena.
Kurzel ezaguna egin da film biolentoak egiteagatik. ‘Nitram‘ honetan armen arazoez ohartarazi nahi digu. Duen gaixotasunagatik pertsonaiak ez du gida bahimenik baina armak erosi ditzake. Izenburua atzekoz aurrera irakurrita Martin dugu, 1996an tiroteka batean 35 lagun hil eta 23 zauritu zituena, Port Arthurren, Tasmanian. Australiako uharte horretan bizi da Kurzel azken 20 urteetan. Kurzelek tiroketa horren disekzioa egin beharrean, pertsonai horren garapen sikologikoan oinarritu du filma.

Txikitatik pertsonai xelebrea da Nitram (Caleb Landry Jones). Gurasoekin, ume bat bezala bizi da, gobernuaren diru laguntza jasoz eta tratamenduan, Helen (Essie Davis) oinorde xelebrea topatu arte. Berarekin jarriko da bizitzen. Berau desagertzen denean Nitramen buru nahasteak okerrera egingo du. Judy Davis eta Anthony LaPlagia daude gurasoen paperean. Caleb Landry Jones oso sinesgarri dago eta saria jasotzeko lehian sartu daiteke.
Oso ondo ere Damien Bonnard bipolaritatea agertzen zaion margolariaren paperean ‘Les Intraquilles‘en, Lehiaketa Nagusian ikusi dugun azkenena. Joachim Lafosse belgikarrak ederki erretratu du gaixotasuna eta horrek bikote batean izan dezaken eragina.

Aita argazkilari maniako depresiboa izanik Lafossek gertu zuen gaia. Horregatik agian hainbat uneetan semearen ikuspuntutik filmatu du. Filmaren sorkuntzan aktoreen lankidetza berezia izan da. Bonnardek Arte Ederrak ikasi zuen eta berak margotu ditu artista baten laguntzaz filmean ikusten diren lanak. Leïla emaztearena egiten duena Leïla Bekhtik ere pertsonaia ikusteko bere era eman dio. Egoerak nekatzen badu, zaintzaile izatearen esklabutzak nekatzen badu, gogorra, erresistentea bihurtu du emakumea.

Pandemian filmatuta, bizi dugun egoerak ederki sartu du, pertsonaia bihurtu du. Era batean gizarteak bizi izan duen agerraldi bipolarra azpimarratzeko.
‘Tempestad’ bere documental hipnotikoa ikusi nuenetik, Salvadorren jaio baina Mexikon errefuxiatu zen Tatiana Huezo nire radarrean dago. ‘Un Certain Regard’ sailean aipamena lortu duen ‘Noche de Fuego‘ bere lehen fikziozko luzeak da eta aurrekoetan bezala maite duen gaiari heldu dio: emakumea izatea zein arriskutsua da paraje hauetan. Medatean bizi den emakumea batek alaba bakarrik hazi behar du, gizona AEBtan baitago. Droga kartelen eta armadaren gerra erdian, alabari ilea moztuko dio mutila balitz bezala, bahitu eta bortxa ez dezaten.
Please comment with your real name using good manners.