CANNESetik
Filma bat ikusi eta Urrezko Palma usaina hartzen diozunean, eta handik ordu batzutara, gauza bera gertatzen zaizunean beste batekin, hori loteriako sari potoloa lortzea da. Ikusmina handia zegoen Julia Ducournauren ‘Titane’rekin. Merezitakoa. Asghar Farhadik urteetan egin duen film onena burutu du. Horri gehitu nahi diot Balkanetako Zinearen etorkizuna emakume izenak dituela.

Rahim (Amir Jadidi). Libre izateko ibilbidean jarraituko dugu. © AmirhosseinShojaei
Asghar Farhadi irandarrak bitan irabazi du Atzerriko Film Onenaren Oscar saria. Lehena, ‘A Separation‘ filmearekin, Berlinaleko Urrezko Hartza balio izan ziona. Bigarrena ‘El Viajante‘ luzearekin, Cannesen gidoi onenaren saria eskuratu ziona. Baina Farhadik ez du Urrezko Palma. Aurten hona ekarritako ‘Ghahreman‘ (Un héros)k sari horretarako hautagai sendoa bilakatu du. Niri ustez behintzat. Heroi bilakatutako gizon arrunten piurak kartzelatik ateratzeko. Neoerrealismoaren oihartzunak.

Negozio bat gaizki atera eta zorra kitatu ezin duelako gartzelan dago Rahim (Amir Jadidi). Baimen batean neskalagunarekin (Sahar Goldust) aurkitutako urrezko txanpon batzuk saltzen saiatzen da. Baina azkenean, txanponen boltsa itzultzea erabakitzen du, nagusiaren bila kalean iragarkiak jarrita. Ekintza on honi esker gartzelako zuzendaritzak eta karitatezko elkarte batek lagunduko dute. Baina gartzelatik ateratzeko eta bere bizitzari ekiteko aukera duela ematen duenean, Rahim putzu ilunean sartuko da. Bere ohorea da berarentzat garrantzitsuena.
Shiraz, Persiako aintzinako hiriburuan, egun Irango hiriburu kultural eta artistikoan kokatu du Farhadik istorioa. Gizon arrunt horren bidaia zuzendari irandarrak egindako film onena da ‘A Separation’etik kritiko batzuentzat. Beste batzuk gidoian zoluak topatu dituzte. Niretzat tentsioari ederki eusten dion filma da, presio-eltze baten modura. Azken eszena zoragarria da, Urrezko Palma eszena horregatik bakarrik emango nioke. NORTZUK MAITE: drama sozialak gustuko dituztenek.
Batzurentzat Zinemaldi honetako FILMA zen. Ikusmina puntu gorenean zegoen ‘Titane‘ ikusteko. Eta Julia Ducournauk bete eta gainditu du itxoiten zena. 2016an ‘Semaine de la Critique’n ‘Grave‘ – gore drama umore printzekin – aurkeztu eta lehen filmeei ematen zaie Urrezko Kamara irabazi zuen. Gaur bigarren filmearekin zuzenean jauzia egin du Lehiaketa Nagusira eta bere izena sariren bat, edo Saria, jasotzeko aipatzen da jada. Canneseko aurtengo FILMA da, ezbahirik gabe.

Txikitan izandako auto istripu baten ondorioz, Alexiak (Agathe Rouselle) titanio plaka du buruan. Egun striptease dantzaria da Frantziako Kosta Urdinean. Bertan izandako hilketa baten ondoren, ihes egingo du, bere bizitzari su emanez. Itxura aldatuko du galdutako mutil baten plantak egiteko. Vincent Lindonek gorpuzten duen suhiltzaileak hamar urte lehenago galdutako semearen lekua hartzeko. Baina Alexiak berak beste ustekabe bat du.

Vincent Lindonek Ducourneauren aurreko filma ikusi eta berarekin lan egin nahi zuela adierazi zion zinegileari. Honek Lindonentzat idatzi du papera, aktoreak urtebeteko muskulazioa egin behar izan duela. Zoragarri dago, baita Alexia dantzari hiltzailearena egiten duen Agathe Roussellek. Bere lehen film laburretik Ducourneau genero filmak egin ditu. ‘Titane’ honek zinegilearen bereizkotasuna azpimarratzeko balioko du.
Aitortu behar dut lehen hogei minututan askotxo sufritu dudala, begirada pantailatik behin baino gehiagotan kendu dudala. Nahiz eta batzutan, parodia ere egiten zuela ematen bazuen. Baina berehala engantxatu naute dituen irudi hipnotikoek eta metaforaz beteriko filma izateak. Inoiz ez dut berdin ikusiko Frantzian, Bastilla egunean, egiten diren suhiltzaileen dantzak ezta Macarena ez dut berdin entzungo. Eta Loquilloren Cadillac solitario hura baino beste bat izango dugu erreferentzia kultural bezala. Filma ezbairik gabe pantaila handian ikusi behar da, soinu onarekin. NORTZUK MAITE: generoa baina bizitzaren muinaz hitzegiten duten filmak gustuko dutenek.

©Antitalent_RTFeatures_02
Errealizadoreen Hamabostaldian, Balkanetik datorkigun zinea, zine ona, orain emakumeek egiten dutela frogatzeko balio izan zaizki bi film. Martin Scorceseren laguntzaz ekoiztutako ‘Murina‘n , Antoneta Alamat Kusijanović kroatak Itsaso Adriatikoa pertsonai modura erabili du ama alaba batzuk gizon patriarkal baten pean jasandakoa salatzeko. Gizonaren laguna baina batez ere patroia agertzen denean, eta kostan duten euren lurra saltzeko aukera dutenean, borroka hori airean jarriko da. Luàna Bajrami Frantzian aktore ezaguna bilakatzen ari da. Kosovarrak hemen zuzendari modura egin duen lehena aurkeztu du. Emantzipazioz ere ari da ‘Luaneshat E Kodrës‘ (La Colline où rugissent les lionnes) filma. Lehoiemeak hiru gazte dira, herri txiki batean harrapatuta daudenak. Lehenak bigarrenak baino gehiago gustatu zait. Baina kasutan lehen lan indartsuak biak.
Please comment with your real name using good manners.