CANNESetik
Igandean, jai eguna izaki, Lehiaketa Nagusian hiru film ditugu, bi europear eta asiar baten azken lanak. Jada balio bat bezala jotzen den Nanni Moretti italiarra, guztiz finkatuta dagoen Mia Hansen-Løve frantziarra eta azken urteetan izen propioa sendotzen ari den Ryuseke Hamaguchi japoniarra.
Mendebaldean, Locarnon lehiatu ondoren ezagutzera eman ondoren, Ryuseke Hamaguchi ezagutu nuen nik 2018an Cannesen Lehiaketa Ofizialean lehiatu zen ‘Asako I and II‘ filmari esker. Hura ez zitzaidan gustatu, ezta guztiz ere aurtengo Berlinalen aurkeztu zuen eta saritu zuten ‘Wheels of Fortune and Fantasy‘ filma. Baina Cannesen aurkeztu berri duen ‘Drive My Car‘ luzemetraiarekin batu naiz jada japoniarra miresten duten jarraitzaileen taldera. Zinegile japoniar berrien birtuosoena bilakatu da.

Hamaguchiren bosgarren luzeak bere gai maitatuenari, desagerpenari, heldu dio. Yusuke (Hidetoshi Nashijima) aktore eta antzerki zuzendaria alaba galdu ondoren antzezlanen muntaietan konzentratuko da. Antzerki eta telebista lanen sortzailea den emaztea (Reika Kirishima) ustekabean galtzen duenean bere bizitza erortzen zaio. Handik bi urtera, bonba nuklearraz kolpatutako Hiroshima hirian Chejoven ‘Osaba Vania’ antzezlana herri desberdineko aktoreekin muntatzera gonbidatzen duen arte. Bertan, bere alabaren adin bera izango zuen Misaki (Tôko Miura) gazte isila jartzen diote gidari modura.

Gazteak ere galera bat du gainean. Sortzailearen Saab autoan egingo dituzte ibilbideei esker, biek elkarri aitortuko diete euren mina eta euren iraganari aurre egin beharko diote. Haruki Murakami idazle japoniarren ‘Men without women’ istorioa laburren bildumatik ateratako istorio batean oinarritua filma tarteka pedantea gertatu zait, baina beste askotan sekulakoa. Lehiaketako orain arteko sendoenetakoa. NORTZUK MAITE: kontenplaziozko zinea, barne istiluak dituzte pertsonaien zinea maite dutenek.
Chejoven lanak garrantzia bazuen Lehiaketan gaurko lehenean, Antonio Buero Vallejo espainolaren ‘Historia de Una Escalera’ antzezlan klasikoa etorri zait burura, autofikzioaren maisua den Nanni Morettiren azkena ikusterakoan . Baina antza ‘Mi Madre‘ zoragarriaren zuzendariak idazle israeldar batean oinarritu da, ‘Tri Piani‘ (Hiru solairu) hau filmatzerakoan, Erroman hiru solairuko edifizio batean bizi diren familien bizitza nola bilakatuko den filmatzerakoan.

Mozkorraldi baten ondorioz, hogei urte dituen Andrearen (Alessandro Sperduti) bizitza guztiz aldatzear dago. Seme bakarra, epaileak diren gusaroei leporatzen die bere izaera. Guraso horiek antzezten dute Nanni Moretti berak eta askotan Morettiren aktore izan den Margherita Buyk. Aldi berean, zazpi urteko neskato baten gurasoak euren alaba bakarraren segurtasunaz kezkatzen dira. Gizona, Lucio (Riccardo Scamarcio) obsesiora iritsiko da. Beste solairu batean, ama berria den Monicak (Alba Rohrwacher) gizona kanpoan lanean, alabatxoa bakarrik zaintzeko beldurra jasango du.
Egungo Italiako aktore sendoenekin (Buy, Scarmacio eta Rohrwacher) filma ederki hasten da. Baina pertsonaiak une batzuetan histrionikoegiak gertatu zaizkit eta premisa batekin arazo serio bat dut. Hala ere, metrajea aurrera egin ahala filmak irabazten du. Eta ni konbenzitzeraino iritsi da. Palmaresean sartzeko aukera. NORTZUK MAITE: Morettiren zaleak.

Eta Mia Hansen-Løveri zor diot zinetik Mia Wasikowska bezala dantza egiteko gogoarekin ateratzea. Sorkuntzak eta maitasunaren elikatzeak dituen arazoen inguruan ari da ‘Bergman Island‘ bere zazpigarren filmean. Panpin errusiar baten antzera, istorioak batek barruan beste istorio bat du. Bigarren istorioa hori ezkontza batean girotu du eta dantza egiteko hainbat hit sartu zuzendari frantziarrak.

Chris (Vicky Krips) eta Tony (Tim Roth) bi zinegile dira eta Bergman lan eta bizi izan zuen Faro uhartera iristen dira erresidentzia bat egitera. Misogino ematen duen Tony famatuagoa da eta horrek libreago uzten du Chris sortzeko eta bere kabuz uhartea arakatzeko. Baina aldi berean duen sortzeko arazoak argiago uzten ditu. Zalantzak ditu bere azken gidoiarekin: ezkontza batean aurkitzen diren maitale izandakoen istorioa. Neska Chris bezala zinegilea da eta Bergmanen zalea. Bikote hori gorpuzteko Mia Wasikowska eta Anders Danielsen Lie hartu ditu Mia Hansen-Løvek.

Aitortu behar dizuet bi zinegile horien istorioan zuzendariaren beraren eta bere bikotea den Oliver Assayasen arteko erlazioaren oihartzunak entzun ditudala. Edo agian hori uste izan dut. Filma mantsoa, gutxinaka sartzen den horietakoa, Eskandinabiaren pasaian eder bezain lasaietan kulunkatzen dena. Agian ez da film zoragarria, baina nire ustez Mia Hansen-Løveren sendoetakoena. NORTZUK MAITE: film indiak, lasaiak maite dituztenek,
Please comment with your real name using good manners.