CANNESetik
Larunbata bigarren aukeren eguna bihurtu zait. 2016an Sean Pennen ‘The Last Face’ filma sufritu bagenuen, 2018an Eva Husson frantziarrak zuzendutako ‘Les filles de soleil’ filmaren deseinganua izan genuen. Bi zuzendariek errepikatzen dute Cannesen aurten. Batak Lehiaketa Ofizialean jarraitu du, besteak Cannes Première sail berrira erori da. Eskerrak larunbatean ere orain arte Lehiaketan gehien gustatu zaidan filma ikusi dudala eta beste sailek mailari eusten diotela.

Sean Penn estatubatuarra askotan izan da Cannesen. Gehienetan aktore bezala eta 1997ean John Casavatesen ‘Atrapada entre dos hombres‘ filmagatik zinemaldi honen aktore nagusi onaren saria jaso zuen. Zuzendari modura lehena, ‘Extraño vinculo de sangre‘, estrenatu zuen Cannesen kritika onenekin. 2018an baina kritikak gogor hartu zuen, zoruan ostika-jotze eta guzti izan zirela, ‘The Last Face’ filma, urte horretan Lehiaketa Nagusian zegoen luzemetrai txarrena, ezbairik gabe. Horregatik ikusmina zegoen langa hori gaindituko zuen seme-alabarekin egin duen eta Lehiaketa Ofizialean aurkeztu duen ‘Flag Day‘ filmak.

© 2021 Metro-Goldwyn-Mayer Pictures Inc.
Zuzentzen duen seigarren film luzean Sean Penn banku lapurra eta faltsugilea izan zen John Vogel jokatzen du. Xarmagarria baina familia uzten duen gizon horren alaba, Jennifer, da pertsonai nagusia baina. Zauriak itxi beharko ditu Jenniferrek. Eta lan horretan ederki egiten du Pennen alaba berak, Dylan Penn Wright, estreinekoz protagonista modura. Hopper Jack, Dylanen anaia eta Seanen semeak ere, anaia eta semearena egiten duen filmean. Ingelesezko kritikak onak izan dira gehienbat. Niri aurrekoa baino gehiago gustatu zait, une azpimagarreekin gainera, baina berriz ikusiko ez nuen filma iruditu zait. NORTZUK MAITE: Familia istorioak eta erredentzio istorioak maite dituztenak.

Juho Kuosmanen finlandiarra Canneseko semea da. Zinemaldiako labur sailean, Cinéfondation, bitan parte hartu ondoren, 2016an ‘Un Certain Regard’ prestigiotsua irabazi zuen txuribeltzean filmatutako ‘El día más feliz de Olli Mäki’ amodio istoriarekin. Debut sendo horren ondorez, gogoz itxoiten genuen Lehiaketa Nagusian Kuosmanenen estrenaldia, ‘Hytti NRO 6 (Compartiment No. 6)‘. Eta ez du hutsegin. Niretzako orain arte Lehiaketa Nagusiko filmerik onena.
Rosa Liksomen 2010ko eleberri bati helduta, Kuosmanenek Moskutik Artikotik gertu dagoen Murmanskera trenez hurbildu behar duen Laura (Seidi Haarla) emakume finlandiarraren bidaia kontatuko digu. Laurak tren konpartimentua, filmari izena emango dio seigarren lotako konpartimentua, mehatz gizon errusiar batekin (Yuriy Borisov) partekatu behar du. Mehatz gizon zakarra da hasiera batean, bidaia infernua izango dela uste du hasieran. Baina kilometroak trenbidean egin ahala erlazioa hobetuko da.

Road movie konbentzionala, bi pertsonaiek elkarrenganako bidaia egingo dute. Ez da maitasun istorioa bilakatuko ordea, bidaiak hain ezberdinak ez direla jakiteko aukera emango diete. Askorentzat Lehiaketa Ofizialeko orain arteko harribitxia eta ustekabea. NORTZUK MAITE: Road movie-ak baina batez ere bi ezezagunen artean gertatzen diren hurbilketa istorioak maite dituztenek.
Alice Birch gidoilari ezagunak Graham Swiften ‘Mothering Sunday‘ liburua moldatu du, Eva Husson zuzendari frantziarraren Canneseko saiakera berri honetarako. 1924an Inglaterra barnekaldean, umezurtz den neskame batek (Odessa Young) ondoko etxaldera doa bertako semearekin (Josh Connor) amodio goiz bat edukitieko. Bera da lagunak diren hiru bikoteen gerratik bizirik geratu den mutil bakarra eta bikote horietako baten alabarekin ezkontzear dago. Hortik tiratu eta denboran hainbat salto eginez, istorioa hori neskamearen idazle karreraren hasiera baino ez da izango. Aipatzekoa bi aktoreen lana baita antzeztaldean dauden Olivia Colman eta Colin Firthena. Baina Hussonek jarritako erritmoa geldoa, geldoegia, eta irteteko gogoa eman dit, ez bada filmean ere parte hartu duen Glenda Jackson ikusteko gogoagatik.
Please comment with your real name using good manners.