CANNESetik
Berarekin eskandalua iritsi da Cannesera. Paul Verhoevenen ‘Benedetta‘ filmak aztoratu du Croissetea. Batzuek jada Urrezko Palma eskatzen dute holandarrarentzat. Beste batzuek gordinegia deritzote Ertaorako komentu batean ezagunak egin ziren episodio safiko, lesbikoetan, jatorria duen luzeak.
Epokako film honen tonua argi aditzera ematen du zuzendariak hasierako pasartetik. Italian, 9 urte dituela Toscanako familia aberats bateko alaba, Benedetta, gurasoek laguntzen dute Pesciara moja sartzera. Bidean otoitz egitera geldituko direnean, lapur batzuek eraso egiten diete. Benedettak lapurreta ez bururatzearen ‘miraria’ lortuko du.

Benedetta 18 urte geroago komentuan aurkituko dugu, Virginie Efira belgikarrak gorpuztua. Jesus bere ‘senarra‘-rari arima eta gorputzean emanda dago. Artzain baten alabak, Bartolomeak (Daphné Patakia), komentuan ostatu hartu arte. Bartolomeak sexua ezagutzera emango dio. Aldi berean, Benedetta komentuaren buru bilakatuko da, hainbat mirariei esker.
Virgine Efira belgikarrak oso sineskor jokatzen du kristori konsakratu baina aldi berean pekatu ezberdinak dituen mojarena. Benedetaren arerioak antzezten duten Charlotte Rampling eta Lambert Wilson beti bezala zoragarri. Verhoevenek katolizismoaren sustrai sakratuak astindu nahi izan ditu. Probokatu, eskandalua sortu. Hori gustukoa dut. Dibertigarria, behin baino gehiagotan farra egin dut. Baina oso deseroso egin zait, bi nesken sexu harremanen erretratua, pornotik gertuago. Probokazio hori ez dut oso gustuko izan. Duela urte batzuk Verhonenen ‘Elle‘ ikusi nuenean Cannesen bertan ezinegona sentitu nuen, kontatzen zuena deseroso egiten zitzaidan baina gustura ikusi nuen. Hori ez du lortu ‘Benedetta’ honek. Frantzian berehala estreinatuko da, Donostiako Zinemaldian ziurrenik ere izango da. NORTZUK MAITAKO DUTE: Verhoevenen zaleak, zalantzarik gabe.

© Carole Bethuel
Farrak ere, asko gainera, Catherine Corsiniren ‘La Fracture‘. Duela 20 urte egon zen zuzendari frantziarra azkenengoz Lehiaketa Nagusian. Orain Covid garaiaren erdian, krisian dagoen Frantziaren erretratua egin du, erretratu azkarra, unekoa.

© Carole Bethuel
Filmaren hasieran, Valeria Bruni Tedeschik gorpuzten duen Raf-ek goizaldean mugikor testu zaparrada bidaliko dio, alboan, lotan duen Julie (Marina Fois) bikotekideari. Juliek Raf-erekin moztu du, etxetik alde egitekotan dago, Raf erori eta ukababila puskatzen duenean. Pertsonal eskasia dela eta, azken hilabetetan greban dagoen ospitalean artatuko dute. Hain justu, poliziak txaleko horien protesta bat bortizki erasotu eta zauritutako ospitalera erruz iristen direnean.

Valeria Bruni-Tedeschik emakume historiko sinesgarria egiten du. Berean dira agian gidoiko unerik komiko nagusienak eta sarkastikoenak. Bera da Frantziak bizi duen egoeraren isla. Filmak komedia eta dramaren artean mugitzen da, aldaketa ez da oso arrakastatsua nire aburuz. NORTZUK MAITAKO DUTE: kutsu soziala eta politikoa duen komedia gustuko dutenek.

Gaurko posta bukatzeko ‘Kritikoen aste’ interesgarrian egindako sartuirtenaldia batekin egingo dut. Aspaldi jarraitu dut Clara Roquet katalanak zuzendu duen, ‘Libertad‘ lehen filmaren ibilbidea. Covidagatik kaleratzea geratuta egon ondoren, aurten ‘Semaine de la Critique’n estrenatu dute kritika oneekin. Carlos Marques-Marcet zuzendariaren ‘10.000 kilometros‘ idatzi eta zinemaldietan berak zuzendutako ‘El Adios‘ film motza arrakastaz mugitu ondoren, luzera salto egin du 15 urteko bi neskeen harremana kontatuz.

Inozentea den Noraren (Maria Morera) udako etxera neskamearen alaba, Libertad (Nicolle Garcia) kolonbiarra iritsiko da. Adin berekoa. Berarekin mutilak, irtenaldiak ezagutuko ditu; bapatean nagusi egiten zaren uda hori izango da. Filmak gainera urruneko amatasunez, ama-alaba erlazioez eta familia oinordetzaz hitzegiten digu. Nora Navas beti bezain ondo dago noraezean dagoen emakumearen paperean, eta aipatzeko Vicky Peña Alzheimera duen amonarena egiten eta honen zaintzaile eta neskamea egiten duen Carol Hurtado. Estrenaldia indartsua, Goya sarietan ikusi dezakegu.
Please comment with your real name using good manners.