CANNESetik
Iazko edizioa hain hutsala izan zenez, zubia egin nahi izan duela Canneseko Zinemaldiak eta horregatik 2019an ‘Parasite‘ filmagatik Urrezko Palma jasotako Bong Joon-Ho zuzendari hego-korearra gonbidatu du aurtengo, 74. edizioa zabaltzera. Ez du bakarrik egin, alboan izan ditu Spike Lee aurtengo epaimahai burua, Jodie Foster aktorea eta Pedro Almodovar zuzendaria. Lauren artean irekita hitza korearrez, ingelesez, frantsesez eta espainolez esan dute.

Fosterrek Almodovarren eskutik jaso du Canneseko Ohorezko Urrezko Palma. Eskertu frantses garbian egin du. Hain garbia non epaimahaia aurkeztu ondoren, Spike Leek berak esan duen, amets bakarra duela: Fosterrek bezain ondo frantsesez egitea. Cannesen estreinekoz, Urrezko Palma jasotako ‘Taxi Driver’-ekin egon zen Jodie Fosterrek sariagatik eskerrak ematerakoan bizitako urte zailari keinu egin dio: “Kalera ateratzea ze ona den, ezta?” esan du. Galan kristal pinportak zituen soinekoa jantzita agertu da baina azken Oscarretako sarietan etxetik, emaztea alboan zuela, agertu zeneko une hori gogoan izan du “bi ordutan nire pijama jantzita egongo naiz” txantxa egin du. Baina batez ere, zinemak bera salbatu duela gogoratu du.

Dena den, jantziteriaz ari garela, kanpaia jo duena Epaimahaiaren burua bera izan da. Arrosa elektrikoko traje batekin eta kolore bereko eguzki betaurrrekoak jantzita igo ditu alfonbra gorridun eskailerak. Gero Lumiere Antzokiko taula gainean ikusteko aukera izan dugunez, ohiko zapateei muzin egin eta zapatillekin ibili da eskenategi sakratu horretan. Kolorea ekarriko zuela agindu ziguten eta horrela izan da.

Iaz Sail Ofizialean hautatu zituztenak gonbidatu dituzte aurten, iaz online izan zenez, aurten jende aurrean filma aurkeztera. Aukera etortzeko izan duten taldeak galan omendu dituzte. Gero Cannesen ohiko baten azkena ikusteko aukera izan dugu. Leos Carax zinegile frantziar ameslariaren seigarren filma da ‘Anette‘. Lehena inglesez filmatzen duena. Adam Driver eta Marion Cotillard ditu protagonista nagusi.
Cotillard Anne da, opera abeslaria; Driver Henry McHenry komikoa. Biak euren karreren gorenean daude, maitemindu eta alabatxoa, Annette, dutenean. Sinopsiaren arabera alabak betirako aldatuko ditu. Baina ez dakit aldatu edo beraz azalaratuko dituen pertsonaien izaerak, edo hobeto esanda, Henryren izaera narratsa. Izan ere, Caraxek gizon batzuen egoak eta izar publikoen pribatasun eza nahastu ditu film honetan. Adam Driver izugarri dago, berak baitu paper nagusia. Aldean, Marion Cotillard konpartsa baino ez da. Gauza bera Big Bang Theory serian ezaguna egin zen Simon Helberg ere. Gauza bat ziurtatu behar dizuet. Umerik ez da kaltetu film honetan, Annette irudikatzeko metodo berezia prestatu baitute.
Jatorrizko ideia eta soinu banda ‘Sparks’ bikote musikalena da. Zinemaldiko presidenteak, Pierre Lescurek, esanda zuen ‘Leos Caraxen film bakoitza gertakizun bat da. Beti betetzen du. Annette opari bat da, zinema, musika eta kultura zaleek itxoiten genuena, pasaden urtean zain genuena‘. Ez dut uste ados nagoela. Une batzutan genialitatea iruditu, beste batzutan zer kontatu nahi zuen zalantzan jarri dut. Caraxen zale batzuei hutsegin die.
NORK MAITE: Musikalak nahi dituztenak.
Please comment with your real name using good manners.