CANNESETIK
Kostata baina Thierry Frémauxek eta taldeak lortu dute. Iaz ekiditen saiatu baziren ere, Canneseko zinemaldiak COVIDari burua makurtu eta online egin zuen 2020ko edizioa. Zinemaldia bera eta industria gustura utzi ez zituen esperientzia. Aurten ahaleginak eta bi eginez, datak maiatzetik uztailera mugituz adibidez, azkenean gaur hasiko da 74. edizioa. Zinema industriako eta prentsako kideak udatiarrekin partekatuko dute Croissette pasealekua, pandemiak eskatzen dituen neurri zorrotzak bete ondoren.
Ez da ohiko edizioa ere izango gonbidatuei dagokionez. Hollywoodetik espero diren film handiak ihes egin diete. Esaterako Villeneuven ‘Dune’ filmaren bertsioak Venezian izango du estrenaldia. Cannesek ohikoa duen zinegile frantziar arrats bitxia bati eman dio zinemaldiak zabaltzeko ardura. Leos Caraxek ingelesez filmatu duen lehen luzeak, “Annette“k zabalduko du gaur lehiaketa. Ikusmina sortu du. Baita iaztik Frémauxek gordeta dituen Wes Andersonenen azkenak, “The French Dispatch“ek eta Paul Verhoevenen ‘Bernadette‘. Jada prentsaren arreta lortu dute hartu Apichatpong Weerasethakulen eta Julia Ducournauren proposamenak ere. Bere lehen filmearekin Kritikoen astean arrakasta lortu ondoren, zuzenean salto egin du Sail Ofizialera. Mia-Hansen Love frantziarra eta Ildiko Enyedi hungariarra ere estreinekoz izango dira sail nagusian. Hogeitalau izenburutik lau emakumeek sinatuta.

Emakume zuzendari gehiago agertzen dira beste sail batzutan. Aurten sortu duten Cannes Premiere sailean esaterako zinemaldi honen ohikoa den Andrea Arnold britaniarrak dokumental bat aurkeztuko du. Charlotte Gainsbourgek amari, Jane Birkini buruz egindako erretratua ere ikusteko aukera izango dugu. Sail horretan ere Oliver Stonek bere ‘JFK:Through the Looking Glass‘ jarriko du. Eta animeri lekua eginez, Mamoru Hosodaren ‘Belle’ gehitu dute azken orduan.
Izarren aldetik gaur Adam Driver eta Marion Cotillard Caraxen filmeko protagonistak espero dira. Andersonen filmak bakan batzuk ditu (Bill Murray, Tilda Swinton eta Timothée Chalamet, besteak beste). Jodie Foster omenduko dute gaur Ohorezko Urrezko Palma emanez. Berak emango du hitzaldia bihar. Zinearen inguruan eta euren karreraren inguruan hitzegiteko espero dira gainera Matt Damon eta Isabelle Huppert aktoreak eta Marco Belllochio, Steve McQueen eta Bong Joon Ho zuzendariak. Horiekin batera, beste izarrak, Sail Ofizialeko luzemetraiak epaitu behar dituztenak. Cannes entretenituko du zalantzarik gabe Spike Lee zuzendari estatubatuarra eta aurtengo epaimahai buruak. Berarekin bost emakume eta hiru gizon daude: Mati Diop aktore eta zuzendari senegaldarra, Mylène Farmer musikaegile kanadiarra, Maggie Gyllenhall aktore, zuzendari, gidoigile eta ekoizle estatubatuarra, Jessica Hausner zuzendari, gidoigile eta ekoizle austriarra, Mélanie Laurent aktore, zuzendari eta gidoigile frantziarra, Kleber Mendonça Filho zuzendari, ekoizle eta egile brasildarra, Tahar Rahim aktore frantziarra eta Song Kang-Ho aktore hegokorearra.
Euskal zineak ere lehiotxoa izango du. Gonzalo Quincoces bizkaitarra lehiatuko da Cinéfondation, zine eskolen sailean, ‘La Caída del Vencejo‘rekin, Catalunyako zine eskolarako, ESCACerako ikasketa amaierako egindako proiektuarekin. Sail horretan epaimahaikide izango da Carlos Muguiro zinegile nafarra eta Elias Querejeta Zine eskolako zuzendaria. Paul Urkijo Alijok udazkenean filmatzen hasiko duen ‘Irati‘, bigarren filma aurkeztuko du Marchén, aurrekontuaren azken hondarrak lotzeko. Gauza bera, diru biltzeko, Dilubitoon etxeak ‘Winnipeg‘ dokumentalaren proiektua aurkeztuko du plaza berean. Annency eta Cartoon Movie merkatuetan aurkeztu dute jada Pablo Nerudak Gerra Zibilean euskal ume errefuxiatuak erreskatatzeko itsasoratu zuen barkuaren inguruko lana.

Gonbidatu berezia aurten pandemia ere. Espero dezagun Covid birusak agerraldirik ez egitea Cannesen. Horretarako neurriak jarri dira. Musukoa jarrita ikusi beharko ditugu filmak, hori bai, oraindik ez dut argi aulkien artean distantziarik egongo den edo ez. Txertaketa froga erakutsi beharko dugu europarrok Zinemaldien Jauregian sartzeko. Europako agintariek onartutako txertoa osatu gabe edo antigorputzak ez dituztenek azterketa egin beharko dute 48 orduro: txistu froga eta zinemaldiak ordainduta. Hori bai, festak egongo omen dira.
Please comment with your real name using good manners.