CANNESetik

Eurak iritsi eta erotu da Canneseko zinemaldia eta bertan akreditatua dauden asko eta asko. Ordutako ilarak “Once Upon A Time … in Hollywood” filma ikusteko eta ilarak aktore nagusiei erretratua egiteko. Tarantinoren azkenaz gain Donostian zuzendari onenaren saria jaso zuen Bong Joon-ho Lehiaketa Nagusian. “Un Certain Regard“en berriz aspaldi itxoiten nuen Oliver Laxe franko-galiziarraren berria. “O Que Arde” ETBk babestu du eta Koldo Zuazua ekoizleetako batekin hitzegiteko aukera izan nuen filma bukatu berritan.
Morocon bere lehen filmak “Todos vós sodes capitáns” eta “Mimosas” filmatu ondoren, Parisen jaio den Oliver Laxe gurasoen Galiziara joan da herri horrekin lotura duen istoria bat kontatzeko: “O Que Arde“. Ohi duen bezala aktore ez profesionalekin filmatu du. Eta ohi bezala harribitxiak aurkitu. Amador (Amador Arias) herrira itzuliko da bi urtez gartzelan egon ondoren suak pizteagatik. Benedicta (81 urte dituen Benedicta Sanchez) amak, bere barne zigorra pasa ondoren lasaitua hartuko du eta semea laguntzen saiatuko da. Baina herria ez dago barkatzeko prest.

Sute errealak filmatu ditu Mauro Herce argazki zuzendariaren kamarak. Kamara iaioa. Benetako suteen bila joan behar izanak asko zaildu du errodajea, naturak agintzen bait zuen. Filma poesiaz beterik dago, Laxek film sinplea baina ederra, ongi kontatua burutu du, nekazal munduaren isolamendua, konplikazioak eta hika mikak kontatuaz. Nola Galiziak eukaliptoetan sustraitu du bere etorkizuna, etorkizun kutsatua eta orain turismoari bota dion begirada.
“Pulp Fiction” filmari esker Quentin Tarantinok Urrezko Palma irabazi zuela 25 urte betetzen ziren aurten eta hori aitzaki Hollywoodeko garai bati omenaldia egiten zion filmarekin izango zela espero zuten askok. Horregatik harridura egitaraua aurkeztu zutenean “Once Upon A Time … in Hollywood“ ez zela iritsi esan zutenean. Azkenean, baina, handik aste batzutara, filma Lehiaketa Ofizialera gehitu zuten. Tarantino lau hilabete jarraian muntaia gelan egon zela esan zuten orduan Canneseko zuzendariek. Eta orduan handitu zen Tarantino fenomenoa.
Eta aitortu behar dut ni ere fenomeno horretan jauzi naizela. Mundu estrenaldia ikusteko prentsak 1000 aulki inguru dituen aretoa zuen eskura. Horretara sartzeko bi ordu terdi ilaran egon naiz, zutik. Sartuko ote ginen ziur izan gabe.

1969an Leonardo Dicaprio telebistarako westernak egiten dituen aktore da. Arriskutsuak diren eszenak egiten dizkion bikoitza eta azken denboraldian gidari du Brad Pitt. Hollywoodeko ibilbidea gainbeheran spaghetti western-ak eskainiko dizkiote Leonerdori. Tartean auzoan bizilaguna Sharon Tate (Margot Robbie) izango du aktoreak, hain zuzen aurten Taten hilketaren 50 urte betetzen direnean. Antzeztaldean Al Pacino eta Luke Perry, bere azken lanean, daude.

Filmari buruz ezer gutxi esan daiteke. Tarantinok berak prentsari eskatu baitio ez ditzagula detaile gehiegirik eman, publikoak informazio gehiagorik gabe, fresko ikustera joateko. Tarantinok umea zenean ikusten zuen zineari omenaldi dibertigarria. Aipatzekoa Leonardo Dicaprioren antzezlana. Hori bai, beste hainbat pertsonai karikaturan geratzen dira. Iparamerikako ikusleek uztailean disfrutatuko dute. Abuztuaren erdialdean estreinatuko da Espainia eta Frantziako aretoetan.
Eta Lehiaketa Ofizialeko beste harribitxia “Gisaengchung“ (Parasite) hegokorearra da. Gizarte kritika egiten duen trajikomedia ederra eta azkarra osatu du Bong Joon-Ho zuzendariak. Duela bi urte “Okja” interesgarria baina borobildu gabeko lehiaz kanpo aurkeztu ondoren, Netflxen eskandaluari esker, orain palmaresen egoteko aukera du.
Soto batean bizi den familian laurak lanik gabe daude. Ikaskide baten bidez, semea (Choi Woo Shik) enpresa gizona eta honen emaztearen etxean lanean hasiko da alabari eskolak ematen. Horrela gutxinaka arreba (Park So Dam), aita (Song King Ho zuzendariaren aktore kuttuna) eta ama (Chang Hyae) sartuko ditu etxe horretan lanean. Jakin beharko dute aberatsen mesprezua sahiesten. Baina euren poza eurak baino okerrago dauden batzuk ezagutzerakoan bukatuko da.
Asko dibertitu nau Ipar Korearekin duten gerrak sortutako txiste eta egoerak trufatuta dagoen film honekin. Bihar Kanadiar gazte konsagratu bat eta Cannesen ohikoa den zuzendaria.
Please comment with your real name using good manners.