Asteartean hasiko da Cannesen, Irunek eta Hondarribiak elkarrekin duten biztanle kopurua bera duen Frantziako Kosta Urdineko herrian, zinemaldi entzutetsuena. Aurten ere akreditatu andana jasoko duen Zinemaldian denek parte hartu nahi dute. Eta horrela Quentin Tarantinok bereak eta bi egin ditu 72. edizio honetan egoteko. Bera eta beste Urrezko Palmaren garaile, Abdellatif Keniche, azken orduan gehitu dira jada iragarrita zeuden 19 zinegileei Urrezko Palmaren, zinemaldiaren sari nagusiaren bila. 19 horien artean jada 2016an lehiatu ziren 6 zuzendari. Besteak beste, zinemaldia bera zabaltzen duena.
Duela hiru urte Jim Jarsmuch zuzendari estatubatuarrak maitasuna eta bikote harremanak arakatzen zuen “Patterson” ederra ekarri bazuen Lehiaketara, orain zombien film bat dakarkigu. Eta trailerra ikusita, zombien filmeei iseka egiten dien filma dirudi “The Dead Don’t Die“ hau. Zabaltzen zeremoniako gonbidatuak farrez lehertzen jarriko ditu ziur. Eta Frantzia osoko aretoetan, filma aurrestrenaldian, zeremoniarekin batera ikusiko duten zinezaleek. Adibidez, Baionako eta Urruñeko ikusleak, Atalanten eta Itsasmendin emango baitute, besteak beste.

Duela hiru urte Lehiaketa Nagusian aritu zen Pedro Almodóvar espainiarra ere. Eskuhutsik joan zen “Julieta”rekin. Orain Espainiako prentsa eta kritiko askok pentsatzen dute Urrezko Palma eskuratzear duela barne-barnetik atera zaion “Dolor y Gloria“ filmari esker. Hirugarren Canneseko sari nagusiaren bila doaz Ken Loach eta Jean-Pierre eta Luc Dardanne anaiak. Belgikarrak puri-puri dagoen gai bati heldu dio “Le Jeune Ahmed“ filmean. Britaniarrak berriz Paul Laverty gidoilari kuttunarekin bat egin du ohikoa duen langileen erretratua sortzeko “Sorry we missed you“ luzean.
Duela hiru urte epaimahaiaren saria jaso zuen Xavier Dolan kanadiarrak ere errepikatzen du aurten. Azken aurrekoa ingelesez filmatu ondoren, berriro itzuli da québécoisera, “Matthias et Máxime” laguntasunaren inguruko filmarekin. Edizio horretan saririk gabe baina kritikaren txaloak jaso zuen Kleber Mendonça Filho brasildarra itzuliko da, Juliano Dornellesekin filmatu duen “Bacurau“ luze berriarekin. Honetan ere protagonista nagusi Sonia Braga handia.
Gogo handia Donostiatik pasa zen Jessica Hausner austriarraren, gidoilari zein zuzendari modura ahots propia duen Céline Sciamma frantziarraren edota indartsu datorren Mati Diop franko-senegaldarraren lan berriak ikusteko. Eta nola ez, estilo propioa duen Terrence Malick-en “A Hidden Life” filma. Eta zalantzarik ez, ni ere adi zine munduaren begirada osoa izango duen Quentin Tarantinori. “Pulp Fiction”ekin Canneseko Urrezko Palma jaso ondoren, bere gaztaraoko, 1960eneko zinemari omenaldia egin dio “Once Upon A time … In Hollywood“. Canneseko buruak gogoratu duenez, Tarantinok lau hilabetez editai gela utzi gabe egon da, filma Canneserako prest edukitzeko.
Horiek guztiak epaitzen Alejandro Gonzalez Iñarritu zuzendari mexikarra buru duen epaimahaia izango da. Berarekin lau emakume eta lau gizon: Elle Fanning aktore estatuatuarra, Burkina Fasoko Maimouna N’Diaye zuzendaria, Kelly Reichardt zuzendari estatubatuarra, Alice Rohrwacher zuzendari italiarra, Robin Campillo zuzendari frantziarra, Yorgos Lanthimos zuzendari greziarra eta Pawel Pawlikowski zuzendari poloniarra. Horiek girotuko du alfonbra gorriak. Sail Ofizialeko ekipoez gain, tartean Leonardo DiCaprio, Maradona jokalaria bere inguruko dokumental bati esker, Silvester Stallone “Rambo 5” filmaren minutu batzuk erakutsiko baititu eta Alain Delon, Zinemaldiko Sari Nagusia, Ohorezko Urrezko Palma jasoko baitu. Orain partida hasi dadila. Hurrengo kronika Cannesetik bertatik.
Please comment with your real name using good manners.